
Gasteizko Tokiko Gobernu Batzarrak asteazken honetan onartu du Udalaren eta Lakuako Gobernuaren arteko lankidetza hitzarmena, Montehermosoko dokumentazio-zentroa Bilgunean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako liburutegien katalogo kolektiboan, sartzeko.
Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, «Montehermoso Kulturguneak 8.042 erregistro bibliografiko eta 14.000 liburuki baino gehiagoko bilduma duen liburutegi publiko espezializatua daukan dokumentazio-zentro bat du».
Funts bibliografiko horiek arte eta kultura garaikidean oinarritzen direla zehaztu dute. Halaber, Montehermosoko jardueren erregistroa artxibatzeko eta dokumentatzeko funtzioak betetzen dituzte, beren katalogo eta argitalpenen bidez.
Asteazken honetan onartutako akordioak lau urteko iraupena du eta «udal fondoen sarbidea eta zabalkundea errazteko eta katalogo autonomikoa aberasteko» helburuarekin gauzatu da.
Funtsak txertatzeko erabakia, gainera, 2024-2028 Kultura Plan Estrategikoan jasota dago, 2025ean egin beharreko ekintza gisa, «Montehermosoko dokumentazio-zentroaren ezagutza ikustarazteko eta indartzeko» helburuak zehaztuta.
«Sarrera horrek gure kultur etxeko funtsen zabalkundea areagotuko du» eta EAEko liburutegien katalogokoak «aberastuko» dituela azalddu dute udal iturriek.