
Bermeoko Udalak maiatzaren 13ra arte ireki du Aritzatxuko kantina eta komunak erabiltzeko emakida administratiborako deialdia.
Eskaerak Berhaz bulegoan edo Bermeoko Udalaren kontratatzailearen profilean egin ahal izango dira, eta emakida lehiaketa bidez esleituko da, «ustiapena ahalik eta kalitate-prezio erlaziorik onenean egiteko irizpideak» kontuan hartuta, azaldu dute udal arduradunek.
Bilatzen den kudeaketaren inguruan, zehaztu dute eskaintza ekonomikoa, emakidaren xede diren espazioak eta lokalak mantendu eta garbitzeko programa, Aritzatxuko hondartza dinamizatzeko plana edo elementu eta altzarien itxura eta ergonomia baloratuko direla, eta ingurunearen errespetuan jarri dute azpimarra.
Izan ere, kontraturako baldintzetan zehazten du Udalak garbitasuna bermatzea dela zerbitzuaren ardatzetako bat. «Garbitasun eta higienea ezin hobea izatea beharrezkoa da», adierazten du argitaratutako jarraibideetan. Gaineratzen du, halaber, «kokagunea kontuan izanda garbitasun eta higiene produktu ekologikoekin egitea lehenetsi» dela.
Emakidak urtebeteko iraupena izango du, eta bi aldi izango ditu: 2025eko ekainaren 1etik irailaren 30era eta 2026ko martxoaren 28tik apirilaren 12ra (Aste Santuarekin batera).