Emakumeentzako soilik den eta izaera soziala duen ostatu bat Bilbon

Bilboko Errekalde auzoan, soilik emakumeentzako den ostatuak zabaldu ditu ateak. Lamia BBK Women Hostel izena du eta jarduera turistikoaz gain konpromiso soziala duen egitasmoa ere bada. Bidaiari, ikasle eta etxerik gabeko emakumeentzako topagune dira jada horma horiek.

Apirilaren lehen egunetan zabaldu zituen ateak Lamia BBK Women Hostelak, izaera soziala daukan proiektu turistikoak. Bilbo bisitatzen duten emakumeak eta kale egoeran dauden emakume bilbotarrak hartzen ditu egitasmo berritzaileak, izaera turistikoa eta helburu inklusiboa uztartuz. Esperientziak aste batzuk baino ez ditu eta arduradunak pozik daude jasotako harrerarekin, baita emakumeen aldetik eta auzoko eragileen partetik jasotakoarekin ere. Kontatu dutenez, auzokideek ostatua ezagutzeko aukera izan dute, eta oso pozik agertu dira proiektu berritzailearekin.

Aste Santuko aurreko egunetan izan da GAUR8 bertan, eta arduradunek diotenez, erreserba batzuk dituzte jada opor egun nagusiei begira. Ostatuaren berri urrun heldu da, diotenaren arabera.

Bazterketa egoeran dauden pertsonen ondoan lan egiten duen Bizitegi elkartea dago proiektuaren atzean, eta BBKren laguntza ekonomikoa du proiektuak. Espazio zabal eta gozo bat zabaltzen da begien aurrean ate nagusia igarota. Hijaba daraman neska bat dago lanean harreran, praktikak egiten ari dela azaldu du. Ostatuaren lehen espazio komuna egongela handi bat da, gune zabal bat mahaiak eta aulkiak dituena, baita sofa eta besaulki batzuk ere. Erabilera anitzeko espazio gisa pentsatuta, ate irristarien itxierak banatzen ditu espazioak, eta jarduerak egiteko moduko eremu zabal bat eskaintzen du.

Janaria prestatzeko gela handi bat du, office moduko bat, janaria berotzeko aukera ematen duen beste gela bat, eta korridore luze batean banatzen dira gelak. Hamabost gela dira eta, guztira, 64 ohe eskaintzen ditu, berezko komunekin, kasu askotan.

Ohe bakarrekoak, laukoak, zortzikoak eta hamabikoak biltzen ditu, eta horietako batzuk ezinduentzat egokituta daudela zehaztu dute. Ohe bakoitzak, gainera, argi propioa eta entxuferako sarrera propioa dauka. Askoz ohe gehiago kabitzen ziren gela handi horietan, baina diseinuak eroso mugitzeko eta egoteko espazioak lehenetsi dituela azaldu dute. Era berean, oheko arropa zuria, egur argia... Eta argitasuna bereziki zaindu dute, leku atsegina sortzeko.

Mahai zabalak dituzte gela guztiek, atseden hartzeko aulkiak.... Eta itxura eta espazio handiei begira, soilik lo egiteko eta dutxa hartzeko dauden batailako ostatuetatik oso urrun dago Lamia BBK Women Hostel.

Bertan, egonaldiak egingo dituzte Bilbon turismoa egin nahi duten emakumeek, eta espazio komunak erabiliko dituzte ostatuan bertan, Bizitegi elkartearen Borobiltzen proiektuaren barruan denbora batez ostatu ematen dieten emakumeek. Kale egoeran dauden lagunentzako da aterpe, etxe moduko zerbait, «benetan bizi ahal izateko».

Errekaldeko parkearen aurrean kokatuta dago Lamia BBK Women Hostela. Ia 700 metro karratuko lokal horiek BBKren Errekaldeko haurtzaindegia izan ziren garai batean. Izan ere, BBK eta Bizitegi elkartearen proiektua da ostatua, plaza turistikoak eta egoera zaurgarrian dauden emakumeentzako bizitokiak eskaintzen ditu. Soilik emakumeentzat den Euskal Herriko lehen ostatua da hau, «eta esango nuke Estatu osoan ere horrelakorik ez dagoela», gaineratu du Maria Mitxelena ostatuaren arduradunak.

Emakumeentzako ostatu honek 15 gela ditu, ohe kopuru ezberdinekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Monika Fandiño BBKko arduradunak azaldu duenez, behar desberdinei erantzuten dien proiektua da. Alde batetik, turismoaren ikuspuntutik kalean bazegoen eskari hori, emakumeentzako ostatu baten beharra. Bestetik, helburu sozial bati erantzuten dion ekipamendua sortu da.

Esperientziak ez du emakume horien jatorria eta erabilera ezberdintzen, bidaiariak eta Borobiltzen programan bizitza proiektu berriak lantzen ari diren emakumeak elkarrekin daude, harremantzen dira, hitz egiten dute eta espazioak partekatzen dituzte. «Hemen norberak bere bizitza eta planak egiten ditu eta harremanak egin ditzake, hitz egin... elkarbizitza arrunta da, eta espazio seguru bat da emakume guztientzat, edozein dela ere haien egoera», nabarmendu dute.

Ostatuaren eskaintza jarduera ezberdinekin jantzi nahi dute aurrerantzean. «Hilean behin feminismoarekin eta berdintasunaren inguruko guztiarekin lotutako jarduerak egin nahi ditugu, arlo komunitariotik landu nahi ditugu, baina proiektuaren ideia globalagoa da», diotenez.

Ateak zabaldu berritan, 40 erreserba zituen jada ostatuak Aste Santurako. «Estatutik kanpokoak izan dira, Europatik, heldutakoak batez ere. Austria, Alemania, Italia eta Portugaleko bidaiariak» izan dira hurbiltzen lehenak, baina ez bakarrak, AEBetakoak ere izan baitituzte, zehaztu dute proiektuko arduradunek. Aste Santurako Estatukoak dira jaso dituzten eskaera gehienak.

Bidaiarien eskaera zahar bat

Ostatuaren erabiltzaileen profila gazteekin lotzen ohi dugu, baina arduradunen harridurarako, «momentuz, gehienak bakarrik bidaiatzen duten emakumeak dira», ohe bakarreko erreserba ugari jaso baitituzte. Talde gehiago espero dituzte maiatzetik aurrera. Izan ere, garai horretarako, 12 oheren erreserba bat dute jada, «eta pentsatzen dugu asteburuetan Bilbora turismoa egitera datozen kuadrilla ugari mugituko direla, baita Aste Nagusian ere; ziur aski, kuadrilla asko izango ditugu», komentatu du Fandiñok aurreikuspenen inguruan.

Azaldu du, gainera, emakumeentzako espazio turistikoen beharra ez dela gaur egun sortutako zerbait. Azaldu dutenez, bakarrik bidaiatzen duten emakumeen eskaera zahar bat da hau. «Aterpe normal batean agian gela misto batean egin behar duzu lo, eta jende ezezagunarekin lo egin behar duzu, orduan ostatu askotan emakumeentzako gelak egokitu dituzte eskaera horri erantzun ahal izateko», azaldu du Fandiñok. Turistek egonaldi labur bat egin eta alde egiten dute, baina Lamia izeneko ostatu horretan badira denboraldi batez bertan bizi diren emakumeak.

Ostatuak atseden hartzeko duen espazio zabaletako bat, irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aya Yassim Bizitegi elkartearen Borobiltzen proiektuan parte hartzen duen emakumeetako bat da. Ostatuan bizi da, beste emakume batzuekin batera. GARAri kontatu dionez, sei urte daramatza Bilbon. Euskal Herrira etorri aurretik Ingalaterran egon zen, Ryanair konpainian lanean, hegaldi-azafata zen bertan. Bilbora etortzea erabaki zuen marokoarrak.

Lanpostu bat eskuratzeko bidea hasteko moduan dagoen galdetuta, azaldu du ez dela batere erraza pertsona migranteentzat. Paperak izateko bi urte pasatu behar ditu bertan erroldatuta. «Oso pozik» agertu da, halere, Lamia ostatuak ematen dion aukerarekin, kalean egoera oso bestelakoa izango litzatekeelako eta bizitza proiektu bat garatzetik urrunduko lukeelako. «Beste emakume batzuk ezagutu ditut, turismoa egitera datozen emakumeak ezagutu ditut. Hemen dauden bitartean azaltzen diet nola funtzionatzen duen makinak, sukaldeko gauzek, komunak non dauden... laguntzen diet gauean, inor ez dagoenean» kontatu dio GAUR8ri.

Ostatuan egon ahal izatea sekulako laguntza da bera bezala etxerik ez duten emakumeentzat, herrialde ezezagun batean bizitza antolatzeko beharrezko lasaitasuna ematen die, onartu duenez. «Kalean egotea oso zaila da, kalea beldurrez eta erronkez beterik zegoen egunero, eta oso arriskutsua da hori neska batentzat. Arriskutsua da emakumeentzat eta gizonentzat, baina batez ere emakumeen kasuan. Kalean ez dago jatekorik, bilatu egin behar duzu, bizitza bilatu behar duzu egunero, baina ostatuan lasai zaude, eta bizitzan pentsatzen has zaitezke», dio Yassim gazteak.

Emakume eleaniztun horiek

Bizitegiren proiektuari esker aterpea aurkitu duten beste emakume batzuen ondoan bizi da Yassim, eta hori ere abantaila da harremanak egiteko orduan. Harekin izandako solasaldian, Maria Mitxelenak eskatu dio heldu ziren lehen egunean kantatu zuten abestia gogoratzeko. Oroitu duenez, emakume guztiak elkarrekin sartu ziren lehenengo egunean, eta kantu bat egin zuten. «Marokon, aldaketa bat dagoenean, jaiotza bat egon denean... zoriontasun une horiek ospatzeko kantatzen dugun abesti bat da, eta egun horretan gauza on bat ospatu nahi genuen», azaldu du gazteak, eta erantsi du kantatu zutela «azkenean lo egiteko eta benetan lasai egoteko leku bat genuelako».

Hajar Taoussek ostatuaren harreran egiten ditu praktikak. Zuzendaritza laguntzailea izateko ikasketak egiten ari da eta maiatzaren 15era arte egon behar du lanean harrera zerbitzuan. Kontatu duenez, oso esperientzia ona izan da eta gauza asko ikasteko balio izan dio, kudeaketari dagokionez. «Baina bereziki gustatu zait proiektua, emakumeei laguntzen dielako, hemen lasai sentitzen dira», adierazi du. Aurretik formazioa egin du merkataritzan. 26 urte ditu, bi urte daramatza Bilbon, eta arabiera, gaztelania, frantsesa eta ingelesa hitz egiten ditu.

Ostatuak eskaintzen dituen gela independenteetako bat, irudian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Ostatuko arduradunek nabarmendu dutenez, emakume eleaniztun asko eta formazio handikoak daude egoera zaurgarrian. «Oso garrantzitsua da hori azpimarratzea, uste oker asko dagoelako egoera zaurgarrian dauden emakumeen inguruan, eta garrantzitsua da argitzea», dio Mitxelenak.

KOMUNITATEAREKIKO KONPROMISOA

Proiektuak uztartzen dituen arima bi horien ondoan, bidarientzako espazio seguru bat eskaintzea, duen izaera soziala eta komunitatearekiko duen konpromisoa gehitu ditu Maria Mitxelenak. «Alde batetik, emakume bidaiariak daude hemen, emakume langileak, emakume ikasleak eta Borobiltzen programako emakumeak», dio arduradunak. Nabarmendu duenez, lekua pentsatuta dago kalitatezko zerbitzu bat eskaintzeko emakume horiei guztiei, «guztiei», eta erronka ez horretara mugatzeko. Asmo gehiago dituzte mahai gainean, duen izaera sozial horrekin lotuta, helburua lanpostuak sortzea baita, zuzenekoak, ostatuaren plantillaren bidez, eta laneratze enpresak kontratatuz.

Erronka «izugarria» da, azpimarratu duenez, baina baikor izateko arrazoi asko dago, batez ere proiektuak izan duen harrera ikusita, auzotik bertatik hasita. Ideia, gainera, jarduera ezberdinak antolatzea da, hilero feminismoarekin edo berdintasun arloarekin lotutako edukiak eskaintzea... Aipatu du, gainera, jende asko hurbildu dela egitasmoa ezagutzera. Orain ardatz bietan murgiltzen den egitasmoa garatu behar da, hor dago proiektu turistiko berritzailearen erronka.



«Emakumeak ez dira etzaten kalean, banku batean esertzen dira»

Helburu sozial nabarmena daukan jarduera turistikoa kale egoeran dauden emakumeei erantzun bat ematearen beharretik sortu zen, Bizitegi elkartearen Borobiltzen ekimenari esker. Esperientzia, errealitatearen behaketa eta horren inguruko hausnarketa daude eraikitzen joan den proiektuaren oinarrian.

Errealitate horretara gerturatzeko, proiektuaren buruan dagoen Sonia Gorbeñarekin hitz egin du GAUR8k. Kalean lanean ari diren profesionalek detektatu zuten etxegabeentzat zeuden ostatu-baliabideak «guztiz maskulinizatuta» zeudela. Izatez mistoak ziren, baina emakumeek ez zituzten horiek erabiltzen. «Soldata-arrakalarekin... emakume gehiago bagara pobrezian gaudenak, zergatik ez gaituzte kalean ikusten? Alde batetik, ez zegoen emakumeentzat bakarrik zen baliabiderik, iristen joateko; espazio seguru eta bero bat aurkitzeko, beste batzuekin batera ikusi ahal izateko... batzuetan egoera horietan bakarrik zaudela pentsatzeko joera izaten baita». Kontuan hartu behar da -zehazten duenez- «emakumeak, kalera ateratzen garenean, gizonak baino askoz ere hondatuago gaudela. Gai gara nola edo hala jasateko, askotan gure seme-alabengandik ez bereizteko, zeren hori izaten da gure beldurretako handi bat. Eta gero, kale egoeran dauden emakumeek pairatzen duten estigma dago, horregatik jasaten ditugu harreman oso kaltegarriak eta oso toxikoak kalean bukatu aurretik».

Egoerari buruzko ikerketa bat burutu zuen Bizitegik Deustuko Unibertsitatearekin batera, eta ondorioetan beharra azaleratu zen. Horrela jaio zen emakumeentzako eguneko zentro bat. Izugarria izan omen zen erantzuna. Baliabideen artean zituzten pisuak ere dedikatu zituzten, «oso denbora gutxian bost pisu bete genituen», azpimarratu du Gorbeñak, eta «gaur egun, 22 egoitza-plaza ditugu, horietako hamabi ostatuan daude orain, eta pasa den urtean 127 emakumeri lagundu genien». Zifrak erakundeek ofizialki argitaratzen dituztenetatik urrun daude, eta arrazoi bat dago.

«Etxerik gabeko emakumeak normalean ez ditugu ikusten, ez direlako etzaten kalean, eserita egoten dira banku batean, eta eguerdiko 2.00etatik 6.00etara etzaten dira», dio Gorbeñak.

Arazoa pobrezia eta familia desegituratuekin lotzen dugu sarritan, baina kasuistika oso anitza da, nabarmendu duenez: «Formazioa eta gaitasun handiak dituzten emakume nahikotxo dago, hizkuntza ezberdinak hitz egiten dituztenak...», askotan lan bat aurkitzeko egoeran egon litezkeenak, baina atzerritartasun lege espainola da horretarako oztopo, gutxienez 2 urte erroldatuta egon behar baitira. Bizitegik, gainera, eguneko zentro bat du, goizetik iluntzera zabalik egoten dena. Bertan, kozinatu, dutxatu, arropa garbitu... egiten dute. «Eta hemen inork ez du NANa edo pasaportea erakutsi behar, ezta bere bizitza kontatu behar ere».

Horrelako baliabideek, baita ostatuak berak ere, duten garrantzia nabarmendu du, atseden hartzeko leku seguruak direlako, «antzeko errealitateak dituzten beste emakumeekin harremantzeko lekuak, elkarrekin barre egin eta negar egiteko lekuak».

Bizitegik, gainera, osasun arreta jasotzeko beharrezko tramiteetan laguntzen die, eta Gorbeñak dioenez, «oso harreman ona» dute gizarte-larrialdietarako laguntzak kudeatzen dituzten langileekin.

Jakintza horrekin guztiarekin abiatu zen lehen esperientzia alokatutako ostatu batean. «Ikusi genuen, emakume bat sartzen denean, ez dutela jakiten nor den turista, hezitzailea, etxegabea... Begirada garbia da, estigma desagertzen da».