Planetaren Osasun Bakarra
Zientzialariek gero eta garbiago daukate: Osasun Bakarra dago planetan. Hortaz, gizakiok osasun ona izango dugu ekosistemak eta gainerako bizidunak ere osasuntsu daudenean. Eta, noski, aldrebes.

Osasun bakarra, jomuga eskuraezina». Horixe Miren Basarasek kaleratu duen liburuaren izenburua. Biologia Zientzietan lizentziaduna eta doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Covid 19aren pandemia garaian, zientziaren ahots eta aurpegi patxadatsua eta zorrotza bihurtu zen Basaras.
«Osasun bakar kontzeptuaren barruan, gizakiok erpin bat gara eta triangelu horretan badaude beste bi erpin: izakiak eta ingurumena. Osasuntsu edo gaixo egotea ez da bakarrik gizakiaren ikuspuntutik begiratu behar, harreman zuzena dauka animaliekin eta ingurumenarekin. Dena elkar konektatuta dago. Gizakiok dena ondo egingo bagenu ere -eta ez dugu egiten-, beste bi erpinetan zer gertatzen den aztertu beharko litzateke. Elkar konexio horrek zer-nolako garrantzia duen jarri nahi izan dut mahai-gainean liburu honekin».
1980ko hamarkadan dagoeneko erabiltzen zen Osasun Bakarra kontzeptua; gizakiak, animaliak eta ingurumena elkar lotuta daudela eta denek Osasun Bakarra osatzen dutela defendatzen duena. Elisa Perez Ramirez birologoak esaten duen bezala, «ingurumena da gure txertoa». Finean, ingurumen osasuntsu batek bermatzen du gizakiak eta animaliak osasuntsu egotea.
«Gizakiok eta animaliek kanporatzen dugun guztia ingurumenera doa, eta ingurumen hori osasuntsu egotea ezinbestekoa da. Osasun Bakarra kontzeptuak hiru erpinak elkar lotuta daudela esaten du -gizakiak, animaliak eta ingurumena-, baina, horrez gain, mundu osoko osasunaz ere ari da. Globalizazioa gertatu da. Ez da posible herrialde batean edo kontinente batean bakarrik gauzak ondo egitea. Mundu osoan egin behar dira gauzak ondo. Hori garbi ikusten ari gara zenbait gaixotasunekin; herrialde batean elgorriaren kontrako txertoak ondo ez emateak elgorriaren zabalkunde orokor bat dakar, mundu mailakoa, mikroorganismo hori hedatzen ari delako Europan, Amerikan... Nahiz eta herrialde batzuek lana ondo egin, beste batzuek ez egiteak eragina dauka mundu osoan», azaldu du Basarasek.
Pandemia izan zen horren adibide. Hain justu, pandemiak horregatik gertatzen baitira, birusentzat ez direlako existitzen muga politiko eta geografikoak.
KLIMA LARRIALDIA ETA BEKTOREAK
Bektoreak mikroorganismoak garraiatzeko gai diren izakiak dira; eltxoak, akainak, euliak... «Bektore horiek leku batean daudenean, gai dira zenbait mikroorganismo transmititzeko bertan. Klima aldaketa dela eta, bektoreak leku batzuetatik beste batzuetara mugitzen ari dira. Adibidez, hemen ikusten ari gara eltxo tigrearekin. Lehen bereziki Asian zegoen, baina orain hedatu egin da, bereziki Europara. Kolonizatu egin gaitu, gure inguruan bolo-bolo dabil. Eltxo tigre horrek zenbait mikroorganismo transmititu ditzake, lehen ohikoak zirenak lurralde batzuetan. Baina eltxo tigre hori Euskal Herrian baldin badago, hemen ez zeuden gaixotasunak transmititu ditzake». Hortaz, bektore horien lekualdatzeak mikroorganismoen lekualdatzea dakar. Bektoreak ez ezik, pertsonak ere gero eta gehiago mugitzen dira munduan barna eta horrek ere errazten du mikroorganismoen hedatzea.
Eta ingurumenaren faktorea ere hor dago. Adibidez, akainak ere badira bektore. Ez dute mikroorganismorik sortzen, baina bai aldean garraiatu. Gero eta ohikoagoa da akainei buruz hitz egitea, gero eta gehiago daudelako. Lehen basoak zainduagoak zeuden eta, ondorioz, akain gutxiago. Dena dago korapilatuta.
DESIKASI EGIN OTE DUGU?
Miren Basaras baserrian sortua da. Animaliaz inguratuta hazi da eta agian hortik datorkio bizitzari buruz ikertzeko grina. Osasun Bakarraren kontzeptua ez da gauza berria. Baserritarrek nahiko garbi izan dute beren osasuna lotuta zegoela animalien osasunarekin eta inguratzen zituen naturarekin.
«Gure garaian ez genuen edaten esnea irakin aurretik, hor zeuden mikroorganismoak akabatzeko irakin egin behar zen lehenago. Edo ez genuen txerria jaten albaitariak trikinosia ote zuen ziurtatu baino lehen. Jakintza hori beti egon da», esan du Basarasek. Beraz, zer gertatu da? Ahaztu egin zaigu? Deskonektatu egin gara batzuk besteetatik?
«Garapena desberdina izan da tokiaren arabera. Euskal Herrian, adibidez, nekazaritza gero eta eskasagoa da, baina zuk nekazari bati galdetzen badiozu zergatik zaindu behar duen bere burua animalietatik, berak badaki. Urbanitak ez daki. Hori argi dago. Lehen sektorea zenbat eta txikiagoa izan, deskonexioa handiagoa da».
Urruntze horrek seguruen lotura zuzena dauka ezezagutzarekin. Lehen sektorea gero eta urrunagoa eta ezezagunagoa da eta horrek ez du laguntzen Osasun Bakarraren kontzeptua bistara ekartzen. «Lehen sektorea ezinbestekoa da. Basoak garbi izatea, zainduak izatea, ezinbestekoa da, eta hori gure baserritarrek bazekiten. Gero eta baserritar gutxiago egon, basoen zaintza txarragoa da, eta akain eta bestelako bektore gehiago egon daitezke. Ingurumen hori ez dugu zaintzen zaindu beharko genukeen bezala».
ANTIBIOTIKOAK
Medikuntzak uneotan duen erronkarik handienetakoa bakterioak antibiotikoekiko garatzen ari diren erresistentziak dira. Osasun Mundu Erakundeak XXI. mendeko osasun arrisku handienetakoa bezala definitu du. Bere esanean, erresistentziarena «pandemia isila» da. Honi aurre egiten ez bazaio, edozein infekziori aurre egiteko erreminta eraginkorrik gabe geratuko gara eta ebakuntzarik txikiena ere arriskutsuegia bihurtuko da.
Etxalde estentsiboetako abereen bizi-baldintza kaskarrek eta ematen zaizkien antibiotiko piloak eragin dute, hein handi batean, giza osasunarentzat hain larria izan daitekeen krisialdi hau. Hartara, krisiari aurre egin nahi bazaio, funtsezkoa izango da Osasun Bakarraren ikuspegia txertatzea eta abereei ere kalitatezko osasuna bermatzea.
«Kontua ez da nik edo guk nola erabiltzen ditugun antibiotikoak. Arazoa da mundu osoan gaizki erabiltzen ari direla, eta horren arazo nagusia da gero eta jende gehiago hiltzen dela eta gero eta botika gutxiago ditugula gaixotasun batzuei aurre egiteko. 1928an Alexander Flemingek penizilina deskubritu zuenean -antibiotiko sonatua-, lehen momentutik esan zuen; ‘gaizki erabiliz gero, erresistentzia ekarriko du’», esan du mikrobiologoak.
Arazoak ez du irtenbide erraza. «Botika gehiago behar ditugu. Baina farmaziek ez dute nahikoa ikertzen antibiotikoen gaia, ez zaielako interesatzen. Gehiago interesatzen zaie beste botika batzuk ikertzea; bihotzekoak, diabetesa... horietan ez da erresistentziarik sortzen eta denbora luzeagoz erabiltzen dira. Horregatik, garrantzitsua da erakunde publikoetatik inbertsioak bideratzea antibiotikoen gaia ikertzeko», nabarmendu du Basarasek.
Osasun Bakarraren bidean, erakunde publikoek egiteko garrantzitsua dutela uste du mikrobiologoak. «Herrialde desberdinetako gobernuek funtzionamendu desberdina dute. Zoritxarrez, ikusten dugu herrialde batzuetan ez dutela ezer egiten, ezta beren herritarren osasuna zaintzeko ere. Beste herrialde batzuetan badaukagu osasungintza publikoa -ona, txarra, ertaina... baina osasungintza-. Horrek guztiak garrantzia dauka. Mundu mailan gertatzen denak denongan dauka eragina».
TRUMPEN ERASOA
Trump AEBetako agintera iritsi denetik, alor desberdinetan marraztua zegoen bidea borratzea izan da bere obsesioa, gustatzen ez zaizkion bideak herra bereziz. Ikerketarako laguntzak bertan behera utzi ditu eta zientzialari askok alde egin behar izan du AEBetatik beren lanarekin aurrera egiteko. Begiko ez dituen alorretan nabarmenagoa da Trumpen erasoa, klima aldaketa eta generoarekin zerikusia daukaten ikerketak kasu. Horrez gain, Nazioarte mailako proiektu eta ikerketetatik erretiratu egin da. Osasun Bakarraren estrategian, AEBak kanpo geratzea gauza larria da. «AEBetan milioika pertsona bizi dira. Ez daukate doako osasungintzarik eta horrek arazo larria dakar. Mugimendu indartsua dago antolatua lehengora bueltatzeko eskatuz; gaixotasun infekziosoen kontrolera eta prebentziora, adibidez. Horren ondorioak itzelak izan daitezke mundu mailan. Mikroorganismo horiek ez dira han geratuko. Milaka lagun akabatzeaz gain, mundu osoan bidaiatuko dute eta guk AEBetara bidaiatzen dugunean ere kutsatzeko arriskua izango dugu».
JOMUGA ESKURAEZINA
«Osasun bakarra, jomuga eskuraezina» izena du Basarasen azken argitalpenak. «Egia da helmuga hori dela, Osasun Bakarra. Baina momentu honetan gauzak dauden moduan eta etorkizuna ikusten den moduan, ez naiz baikorra. Alde horretatik beharbada oso ezkorra naiz eta liburuan aipatzen dut zer egin beharko litzakeen hori lortzeko. Oso indartsuak diren herrialdeetan, mundua ia erabat mendean duten horietan, era horretako agintariak izanda -dena ukatzen dutenak-, nahiko zaila da Osasun Bakarrera iristea. Helburu jakinak ditugu, badakigu zer egin behar den horiek lortzeko, baina zailtasunak handiak dira. Zailtasun horien aurrean, oso garrantzitsua da zer egin beharko litzatekeen gizarteratzea. Gizarte moduan guk ere badaukagulako zer egin eta zer hobetu, botoa ematen dugun garaian, adibidez», iritzi dio Basarasek.
Handitik txikira eta txikitik handira lan egin beharra dago, bi norabidetan. «Banaka egin behar dugu lan, bakoitzak bere egunerokoan; modu lokalean egin behar da lan, herri bezala; eta pixkanaka gorantz joan. Bakoitzak ahal duen neurrian egin behar du Osasun Bakarraren alde eta agintariak interpelatu behar ditu haiek ere norabide horretan lan egin dezaten. Eta ez poliki-poliki, ez dagoelako denborarik».
IRAKASKUNTZA EUSKARAZ
“Emakumeak Zientzialarien Argitan” hitzaldi zikloan parte hartu du Miren Basarasek (Bilbo, 1968). Bere ibilbideak hiru zutabe nagusi izan ditu: ikerkuntza, irakaskuntza eta dibulgazioa.
Biologiako ikasketak egin ondoren, doktore tesia egin zuen Medikuntzako Fakultatean. «Ospitaleko klinikarekin lotura zuen birus zehatz baten inguruan egin nuen tesia, eta horrela hasi nintzen ikerketan. Eta gustatu egin zitzaidan. Unibertsitatean ikertzaileak ezin gara ikertzaileak bakarrik izan, irakaskuntza, klaseak emateko aukera, behar dugu bizi ahal izateko. Finean, dirua ematen diguna irakasle plaza bat izatea da, eta horri esker jarraitu dezakegu ikerketan», azaldu du Basarasek bere bidearen hasiera.
Horrela hasi zen Medikuntzako Fakultatean klaseak ematen. Bertan klaseak euskaraz ematen zituen bigarren irakaslea izan zen. «Mikrobiologia ematen hasi nintzen, talde txikiak ziren, indartsuak euskararen aldeko borrokan... ni pozik nengoen irakaskuntza horretan, aldi berean ikerketan nenbilen bitartean doktore tesian».
Egoera aldatu da ordutik. Gaur egun Medikuntzako ikasketak egiten dituztenen erdiak egiten du euskararen aldeko hautua, gutxi gorabehera, eta hasieran 20 ikasleko taldeak zirenak egun 150 ikasletik gorakoak dira euskararen adarrean. «Ibilbidea oparoa izan da, baina oraindik gehiago egin behar da. Eskasiak badaude eta horiek konpontzeko ahalegina egin behar da. Medikuak euskaraz artatuak izateko eskubidea ziurtatu behar da, espezialista euskaldunak bultzatu behar dira, argitalpenak euskaraz egin...».
Euskararen arloan bezala, ikerketarenean ere badago zer hobetu. Prestigioa eta dirulaguntzak behar dituzte zientzialariek, eta ez haiekin akordatzea bakarrik pandemia batek itotzen gaituenean edo itzalaldi batek itsutzen.