Jon SARASUA

Puprilusoko

«Badakigu, kolapso utopiko-distopiko bat gertatu ezean, kapital-sistema izango dugula, estatua izango dugula (pixka batean ez gurea) eta gizarte antolatuaren eraketak izango ditugula».
«Badakigu, kolapso utopiko-distopiko bat gertatu ezean, kapital-sistema izango dugula, estatua izango dugula (pixka batean ez gurea) eta gizarte antolatuaren eraketak izango ditugula». (GETTY IMAGES)

Ez dut ukatuko gure arteko panorama ideologikoak etsipen puntu bat sortzen didala. Penaz bizi dut iritzi publikatuaren batez besteko maila eta aniztasun eskasia (iritzi publikoa beste gauza bat da, askoz zabalagoa, eta zalantza gehiago ditu behintzat), atsekabez bizi dut dagoen magma ideologikoan interes korporatibo erraldoiek eta gertukoek duten abilezia, gure artean mendebaldeko patroi guztien segidismoa, Hollywoodeko progresismoaren parametroetatik ateratzeko ezintasuna, arlo kulturalean, espiritualean, ekonomikoan eta sozialean pentsamendu propio eta artikulatu xamarrak izateko zailtasuna. Etsipen puntu horrek gutako asko eramaten gaitu ekintzan zentratzera, eta iritzi publikatuaren esparruari gehienetan paso egitera.

Hala ere, batzuetan karanbola txiki bat sortzen da, eta zerbait idaztera animatzen zara. Irratiko solasaldi puntual batean, beste gai batekiko loturagatik, hezkuntza publikoko langileen baldintza abantailatsuez edota ‘oporren ekiparazioa’ bezalako kontzeptu batez hitz egiteko segundo gutxi batzuk hartu nituen, esaldiak taxuz bukatzeko ere gutxiegi. Lehentxeago egunkari honetan Larraitz Ugartek idatzitakoek ere kitzikatu egin naute, haren gogoetaren ausardia eta egokitasunagatik. Tira! Orduan benetan eztabaidatu egin liteke herri honetan?

Maiatzaren batak ere mugituta, ur handitan sartuko naiz, sartu-irten labur bat bada ere. Kapitalismo azeleratuaren logika deseraikitzaileak eta haren elite-indarrek nahi duten lekuan jarri ditugu gure debateak eta gure sumin emantzipatzaileak, aski telegidatuak. Hortxe gaude, ustez super-apurtzaileak garelakoan, hain zuzen ere apurketa mota horiek bere logikatik sustatzen dituen sistemaren gidoi erraldoian sartuta. Aldiz, inperioari berari ez diogu azkurarik txikiena ere egiten. Eskuina eta ezkerra deitutakoak sistemaren bi beso preziatuak izan dira azken 35 urteotan, ziurrenik azken hamarraldietan ‘ezkerra’ apur bat preziatuagoa elite korporatiboentzat, deseraikuntza sozial-antropologikoan aurreratzea ezkerrarekin apur bat errazagoa zaielako, baina hortxe, itxurazko alternantzia horretan titularrak eta arreta fokuratua. Bitartean, gaude geopolitikan oso galduta eta despistatuta, ekonomian alternatibak irudikatzeko ezinduta, gizartearen barruko arazo errealetan interes korporatiboek eta korporatibistek erdi-lotuta. Zerrenda luzea da.

Lan-kontuez hasi garenez, har dezagun ekonomiaren gaia. Aitortuta doa trazo lodian arituko naizela, eztabaidarako material moduan, eta sakontasun minimo batez landu ez ditudan gaiak daudela tartean. Gai guztietan bezala, norabidea eta realpolitik egingarria konbinatu beharko lirateke honetan ere. Baina norabiderik ez badago, pragmatismorik egokiena ere ez da ezer askotarako. Politikaren planoan kokatzen bagara, badakigu realpolitik bat beharko dela, urteak beharko direla gauza askotan ahalbide berriak martxan jartzeko. Badakigu, kolapso utopiko- distopiko bat gertatu artean, kapital-sistema izango dugula, estatua izango dugula (pixka batean ez gurea) eta gizarte antolatuaren eraketak izango ditugula. Joko-zelai horretan zein izan litezke burujabetza handiagora hurbildu eta interes orokorra maximizatzen duten norabideak?

Zelai horretan gauden artean ere, eredu bat landu behar genuke, norabide bat, ekonomia publikoa, ekonomia pribatu-lukratiboa eta ekonomia sozial-kooperatiboa konbinatzen asmatuko duena. Interes orokorra maximizatzeko zein litzateke hiruretako bakoitzak hobeto egin dezakeena? Hiru aukera horien inizialekin egina da artikuluko ‘Puprilusoko’ izenburua. Ba ote dugu halako norabideren bat, gutxienez norabide lausoren bat, duen politikarik? Errealitatean, eskuina (muturra deitzen dutena barne) edota ezkerra (besteek muturra deitzen
dutena barne) gure inguruko gobernuetan direnean, guztiek politika bertsua egiten dute benetan erdigunekoak diren kontu horietan. Neoliberalismo europarreko markoaren baitako praxi liberal-sozialdemokrata berekoak dira guztiak: kapital ekonomiaren eta haren osagarri den zerbitzu-estatuaren kudeaketa otzana egiten dute, hari edo honi portzentaje txiki batzuk igo edo jaitsiz, nahiko marjinalak, azaleko diferentzia ideologikoen izenean. Sistemarentzat eta honen elite europarrentzat antzera da, demagun Espainian, PP-Voxek edo PSOE-Podemosek gobernatu. Azken hamarraldietako egitate hori ulertzea oinarrizkoa da.

Epe ertaineko norabide pragmatiko baterako apunteak zirriborratzen ari gara. Ekonomia publikoa aipatu dugu? Ekonomia publikoa, bai. Horretan komunismotik gehiago behar dugula uste dut norabide moduan. Denborarekin, bankak publikoa izan behar luke neurri handienean, eta horretarako pausoak ematen hasi beharko genuke oraingo ahalbide mugatuetatik abiatuta. Industriaren sektore estrategiko batzuek ere publikoak izan behar lukete, energia, telekomunikazioak eta beste hainbat. Hau esanda iduri du zoratu egin naizela, mendebaldean azken 35 urteotan inon gobernatu duen ezkerrik ezkerrenak ere ez baitu inoiz norabide horretan zirkinik egin. Hori posible da egungo mundu kapitalistan? Hara ba, norabide horretan ari dira Txina eta Errusia. Utz dezagun orain alde batera bi herrialde horiei buruzko iritzien gaia. Ez diot hori sektore horietaz asko dakidalako, baina bai harridura batetik: nolaz eta zergatik ez garen ari gauza hauetaz hitz egiten, beste gai batzuen artean. Zentzu handia du, egungo mundu kapitalistan egonik ere, banka eta industria estrategiko batzuk publikoak izateak.


Beste angelu batetik, ideologia-irekitasun handiko ekonomista librepentsalari zendu batek aspaldi argudiatzen zidan Hego Euskal Herrian sortu genuen zerbitzu-funtzionario multzoa ikaragarria dela, hiru miloi eskas biztanleri legokiokeena baino askoz handiagoa, biztanleko dugun uniforme-kolore guztietako polizietatik hasi eta udaletako mota eta gai guztietako teknikarietaraino. Horrek, batetik, gure gizartea makaltzen duela aspektu batzuetan, baina bestetik Damoklesen ezpata dela, epe luzera ez garela gai izango horri eusteko. Eutsi badiogu izan dela mendebalde pribilegiatuaren parametro abantailatsuetan egon garelako, eta industria sendoa izan dugulako, baina zantzuen arabera abantaila geopolitiko eta gainerakoak ez direla ziurrenik luzerako izango. Haren ustez, gure klase politikoak ez du gaitasunik geruza handi horrek zenbatekoa izan behar duen debatitzeko, jadanik ondo finkatu diren sektore- interes korporatibisten mekanismoen aurrean. Eta ematen du arazo horrekiko kontraesanean dagoela orain nik egin dudana: banka eta industria estrategikoen publikotasuna jartzea norabide. Baina biak egin behar direla esango nuke: banka eta industria estrategikoak ekonomia publikoan sartzen hasi, eta bestetik zerbitzu-funtzionario multzoa gure gizartearen tamainari legokiokeen neurrira ekarri. Neurria zein den esateko jakintzarik ez daukat, eta baliteke oker egotea, baina zenbakiei begiratu behar genieke patxadaz. Norabidearen planoan ari naiz paragrafo hauetan. Plan estrategiko zehatzen maila baino gorago, eta aldi berean, bestelako sistema bat amestearen plano politikoa baino beherago, tarteko planoan, meso- politikoan, nolabait. Nahiago nuke etorkizuneko sistema batez edota orain eta hemen gugandik hasita ‘bizitza ona’ praktikatzen hasteari buruz idaztea, baina hori ez da artikuluaren gaia.

Lanpostu publikoan sartzeko azterketa bat Barakaldoko BECen. Luis JAUREGIALTZO | FOKU

Planteatu dugunak, edozein kasutan, denborarekin sektore ekonomiko publiko aipagarri bat izatea ekarriko luke. Horrek hitzarmen bat eskatuko luke gizartean: ekonomia publiko bat ere izango dugu, baina langile publikoek ez dute pribilegio konparatiborik izango gainerako langileekin. Haien soldatak, langileen batezbestekoen arabera kalkulatuko dira, dagokien sektore eta mailen barruan. Haien lan-baldintza eta oporrak, langileen batezbestekoen arabera kalkulatuko dira. Sektore artean ere, oporrak berdinak izatera joko dute, hezkuntza
sektorekoak barne. Enpresa publikoen efizientzia-parametroak eta kudeaketa-tresnak, gainerako enpresen efizientzia-parametroen antzerakoak izango dira. Nolako parametroak liratekeen egokienak, hori beste kontu bat da. Printzipio bati forma ematen hastea esan nahiko luke horrek: ekiparazioa, erdira begirako ekiparazioa.

Horren antipodetan gaudela esan beharrik ez dago. Banka ez da publikoa, industria estrategikoak ez dira publikoak. Zerbitzu-geruza lodi bat soilik da publikoa. Lanpostu publikoetan sartzeko ilarak eta azterketa-pabiloi erraldoiak gure gizartearen argazki esanguratsuak dira. Herritarrek mauka bezala ikusten dute lanpostu publikoa, egitatezko klasismo berri bat sortzen du langileen artean, baldintza abantailatsu konparatiboak ditu parametro askotan. Horren adibideetako bat da Hego Euskal Herrian irakasle publikoena, egungo balio postmaterialisten garairako lanpostu desiatuetakoa bihurturik, bereziki lanordu eta oporrengatik, beste sektoreetatik (herrigintzako antolakuntza eta enpresetatik, zerbitzuetatik, eta azken aldian industriatik bertatik ere) jendea ateratzen ari dena, irakasle- bokazioa sarriegitan bigarren mailan uzten duena, irakasleen interesen izenean haurren eskola-orduak ere moldatzeko joera duena, leku-aldaketa etengabeengatik eskola publikoetako ekipoen egonkortasuna zailtzen duena eta abar. Gizarte honek konpondu beharreko arazo estrukturaletako bat da.

Orokorrago ere, sarritan bigarren etxea, opor interkontinentalak edota autokarabana dituen klase ertainaren eros-ahalmena gehitzea langile-borrokaren epikarekin jantzi daiteke, baina munduan eta gure gizartean bertan badago nora begiratu. Interes orokorraren eta presio korporatibisten jokoan, lehenbizikoari eusten jakitea da agintari baten zeregina, alderdi baten betebeharra, gobernutik nahiz oposiziotik. Publikoki esan behar genuke hori, lasaitasunez. Badakigu nola jokatzen duten indar korporatibisten presioek (poliziarenak, irakasle publikoenak... aire kontrolatzaileetaraino) alderdi eta gobernuen beldur eta kalkulu politikoekin. Ia beti, irabazteko. Hezkuntzaren kasuan, hamarkadetan sortu den joko hipersindikalizatua bereziki kaltegarria da hezkuntza sistemarentzat, pentsamoldearentzat, bai eta baldintza abantailatsuen bila hezkuntza publikora joanda langileak galtzen ari diren herrigintzako erakundeentzat, sistema kulturalarentzat, eta oro har, herri-sistema osoarentzat. Besteak beste, oporrak eta lan-orduak langileon artean ekiparatzeko norabideari ekin behar genioke, hemen eta orain. Hezkuntza funtsezkoa bezain lan konplexua da, asko dago hobetzeko, eta horrek lan-orduak eskatzen ditu, ez-lektiboak ziurrenik, denera gainerako lanbideek dituzten lan-orduen batez bestekoa. Eta herritarrei, oro har, zera eska dakieke auzi honetan: erretorika publikozale eta abarren zelofanaren barruan datozen interes korporatibistei adi egon, ezagutu ondo irakasle publikoen lan-baldintzak zein diren. Informatu Ertzaintzaren sindikatu-presioarekin gertatu denari buruz, jakin zenbat igo den ertzainen soldata, oso adierazgarria da. Ikusi, aztertu eta osatu iritzi bat.

Gauza batzuetan komunismo erreal gehiago eta korporatibismo sindikal bentajista gutxiago beharko genuke. Badakigu hori sindikatuen sekzio batzuen flotazio-marran jotzea dela. Zinez uste dut sindikatuek badutela funtzio garrantzizko bat, sortu zireneko funtzioa: kapital enpresetan kontrapisu sendo izan behar dutela, lan-kostuak murrizteko kapitalak duen joera atergabearen aurka lehiatu behar dutela, zorrotz eta ikuspegi globalez. Eta aldiz, prozesu edukatibo eta publikoak sakonki des-sindikalizatu behar direla, gizartean lortzen denaren batezbestekoekin kalkulu teknikoak eginez, beraz indarrak kapitalarekiko lehia horretan jarriz. Ezaguna da sindikatuen bidez bideratzen diren interes korporatibistek erabiltzen duten koartada baldintza konparatibo pribilegiatuetan daudenen abantailak are handiagoak bihurtzeko: baldintza txarragoetan daudenei gorago begiratzeko erreferentzia sortzen dietela.

Gustura jakingo nuke koartada horrek zenbat duen interesatuek haien buruari benetan sinestarazitako estakurutik eta zenbat, altura hauetan, zinismotik. Uste dut lehenengotik gehiago duela, zinismoraino iritsi gabe. Gaitasun handia dugu edozein gaitan gure desabantaila posibleak magnifikatzeko eta gure baldintza abantailatsu errealak lau ideia ideologiko sinpleren bidez indartzeko, justifikatzeko edo apaintzeko. Interes korporatibistak maximizatzeko ‘publikotasuna’ defendatzearen kontsignaren kasua libururako modukoa da.

Jendeak badu gogo minimorik apur bat sakontzeko hezkuntzan benetan gertatzen ari denaz? Zerbait aipatzeagatik, haur baten urteko eskolatzea sare publikoan (gobernu-jabetzakoan) gobernuari zenbat kostatzen zaion badakigu? Eta zerbitzu publiko bera eskola kooperatibo kontzertatuan ematea zenbat kostatzen zaion haur bakoitzeko? Kostu diferentzia harrigarri horren mamia ezagutzen dugu? Mami horretan sakondu nahi dugu? Eta eskola publikoan ekipoak egonkortzea zergatik zailtzen den? Eta ordutegiez? Eta irakasle lanbiderako sarbideaz? Eta ikastetxeko hezkuntza-proiektu baterako ekipoen garrantziaz? Eta antolakuntza mota bakoitzaren epe luzeko ‘konpromiso-elikatze diferentzialaz’? Eta gure hezkuntzaren emaitzen bilakaeraz estatuko hezkuntzarekiko? Artikulu oso bat bete liteke galderaz. Hezkuntzari buruzko gogoetak aparte utzita ere, antolatzeko moduei dagokienez, iritzi publikatuan dabilen erakundetze-pentsamendua ezinago motza da, erakundetze moten indargune eta arriskuen, ko-gestio formulen, botere-iturrien, hibridazioen eta abarren inguruan formazio gabezia itzela erakusten du. Paradoxikoa da: hain zuzen ere eratze, eraketa eta erakundetze aldetik praktikan izaera askotariko eta aberatsa duen herrian, iritzi publikatu gehiena publiko/pribatu binomio sistemiko ezin antzuagoa errepikatzetik ez da pasatzen, gaztetxe bat eta Iberdrola kategoria berean sartuz, adibidez. Janzte minimo baten falta haserretzekoa da.

Komunismoa bi aldiz aipatu dut, baina doktrina marxista batzuek osagai kimeriko handia eta itxitasun kezkagarria erakusten dutela uste dut. Pentsatzen dut joan den mendean lehiatu diren ideologietatik puskak hartu behar ditugula, sozialismo-komunismotik, liberalismotik, anarkismotik, kontserbadurismo ingelesetik. Zati batzuk handiagoak, baina edozein kasutan erlatiboak, ideologia horiek oso mugatuak izan direlako gizakia ulertzeko, eta bestetik egungo galdera berri askotarako material ideologikorik ez dutelako. Baina anarkismoaren intuizio batzuk antolakuntzen eskala txikirako baliagarriak dira, adibidez, eta gure ezaugarriak garatu dituen herri batean, eskueran dugu ekonomia sozial-kooperatiboko formula anitzekin antolatu litekeen esparrua zaintzea, handitzea eta eremu askotan norabide moduan jartzea. Ekonomia sozial-kooperatiboak eskaintzen dituen aspektu mesedegarriak asko dira. Zailtasun bereziak ere baditu. Gure politika sozio-ekonomikoaren ardatzetako bat izan liteke hori. Hiru ardatzetan, a) ekonomia sozial-kooperatiboaren aldeko apustu artikulatu batek, b) ekonomia publikoko esparrua sortzeko prozesu batek, eta c) kapital lukratibozko ekonomian bertako kontrola maximizatzeko estrategia luze batek osatu dezakete norabidea gure ekonomian.

Beste baterako edo beste norbaitentzako utziko dugu gai honetan dugun galdegai nagusietakoa, gakoa dena, heldu beharra duguna, eta harrigarriro debatean sartzen ere ausartzen ez garena: ekonomiaren tamaina-eredua. Badakigu alderdi batzuetan badela eredu sozioekonomikoari buruzko hausnarketarik, eta hori beharrezkoa dugu. Tamaina-ereduaz hitz egiteari, ordea, uste dut ez diogula behar bezala heldu. Determinismo ekonomikoak utzita, herri moduan nahi dugun, beharko genukeen, komeni zaigun ekonomia-tamaina eta haren sektoretze-ereduari buruzko eztabaida sustatu beharko genuke. Hizkuntza, kultura, herritasuna, migrazio fluxuak eta demografia, bizi-eredua, lurra, turismoa eta abarretatik hasita, dirudiena baino hari gehiago dago mataza honi nolabait lotuta, eta mataza, tamaina-ereduaren mataza bera, ez da debate bat gure agenda politikoan, ez iritzi publikatuaren agendan ere.

Gai lodiak dira, ados, eta gutxi dakigu bakoitzak gure aldetik. Eztabaida faltak atsekabetzen nau. Gure gizarte hain progresistako eragile gehienek nahiago dute mendebaldeko agenda ideologikoaren gaietan eta haren gidoian jarraitzea. Praktikan neoliberalismoaren festan segi, proklama ideologikoetan laketu, eta interes korporatibistak zaindu. Etorriko zaie kolpea, atzetik datozenei.

P.D.: Sobera egon behar lukeen ohartxo bat, ilargia seinalatu eta atzamarrari begira geratzen direnak asko baitira: iritzi hauek ez dira kokapen pertsonaleko kontuak. Hau idatzi duenaren kasuan, ez du bekaitzik, zorteduna da bere lanpostuan (eta bere unibertsitateko lanorduak metalaren konbenioaren arabera kalkulatzen dira), bi anaia ditu eskola publikoan, onena desio du haientzat, eta nahiko ados daude hemen hezkuntzaz esandakoetan.