NAIZ

San Kristobal gotorlekuko ihesaldiaren 87. urteurrena da gaur

Errepresio frankistaren biktimak ziren Ezkabako espetxean zeuden preso gehienak, sindikalistak eta errepublikarrak. Bertan bizi zuten egoera gogorra alde batera utzi nahian, ihesaldia antolatu zuten 1938ko maiatzaren 22an. 795 presok egin zuten ihes, baina denak harrapatu zituzten berriro.

Urtero Ezkaban egiten duten omenaldiaren une bat.
Urtero Ezkaban egiten duten omenaldiaren une bat. (Iñigo URIZ | FOKU)

1938ko maiatzaren 22a zen. Estatu espainoleko gerraren erdian, 795 presok San Kristobal gotorlekuko espetxetik ihes egitea lortu zuten. Duela 87 urte gertatu zen mundu osoko inoizko ihesaldirik handienetarikoa, Ezkaban.

Ihesaldiaren unean 2.487 preso zeuden espetxean, gehienak sindikalistak eta errepublikarrak, errepresio frankistaren ondorioz bertaratuak. Bertan zuten egoera gogorra zen, sarritan jipoitzen baitzituzten, gosea pasatzen zuten eta zorriak zeuden. 1937ko urtarrilean espetxea zabaldu zutenetik eta 1945eko uztailean itxi zuten arte, 305 preso hil ziren bertan.

Egoera horren aurrean, ihes egitea tentazio handia zen. Ihesaldia 30 presok antolatu zuten. Afalorduan, zaindariak sakabanatuta zeudela aprobetxatuz, taldeka banatu eta armak kendu zizkieten batzuei. Gero, guardiak afaltzen ari ziren lekura joan ziren eta laster garitetako soldaduak ere errenditu ziren. Ordu erdian presoek espetxearen boterea hartua zuten eta kalera atera ziren.

Soldadu bat gertatutakoaz konturatu eta hirira jeitsi zen abisua emateko. Militarren kamioia gotorlekura iritsi zenerako, 1.692 preso besterik ez zeuden kartzelan, beraz, 795 presok ihes egitea lortu zuten. Hala ere, laguntzarik gabe, gaizki jantzita eta gaizki elikatuta, azkar harrapatu zituzten gehienak. Azkena, abuztuan harrapatu zuten. Guztira 211 iheslari hil zituzten, mendian bertan edo Iruñean fusilatuak.