Parte hartzeari oda

Aspaldi pentsatzen aritu nintzen egungo joeretako bati neoformalismoa dei diezaiokegula. Formari garrantzia emateari edukiari baino gehiago edo, hobe esanda, edukiari beharrean. Agian badu kapitalismo berantiarrarekin lotura, eta bertan publizitateak hartu zuen garrantziarekin. Helburua produktua saltzea da, hori nola saldu asmatzea, are produktuaren eta kontsumitzailearen artean sortzen den konexio psikologikoa edota sentimentala ere. Baina produktuak berak ez du hainbeste inporta. Jean Braudillardek argudiatzen zuen simulakroa errealitateari gainjartzen zaiola, errealitatearen eta simulakroaren arteko muga ere desagerraraziz. Instagramen eta TikToken agertzen zaizkigun edukiek duten izaera fikzionatu baina aldi berean guztiz erreal-egunerokoak diruditenek ematen digute egun horren berri.
Nik espresuki bilatu gabe etengabe agertzen zaidan gorputzari egiten zaion kultua ere zer da ba, edukirik gabeko formaren loriatzea ez bada? Edo pentsatzea gorputzaren gurtzea norberari eta gizarteari ekarpena egitea dela, niri gutxienez oso arrotza egiten zait. Mens sana in corpore sano, erantzungo luke norbaitek. Baina erromatar gizartea eredu hartzea ere nahiko zalantzazkoa da. Eredutzat hartu den bakoitzean (izan Errenazimentuan edo Frantziako Iraultzan), emakumeen adin txikitasuna berdekretatu da.
Antzeko neoformalismoa ikusten dut parte hartze prozesuetan ere. Zenbatetan deitu gaituzten gure lanpostuetan, demagun, enpresak jada hartu duen lerro estrategiko berrian parte hartzera? Udalekuetako dinamika batzuk (ez kexarik udalekuekin, baina lanpostuak eta udalekuak ezberdindu behar direla iruditzen zait), taldeka txantiloi batzuk bete eta bukaeran autotxalo sorta bat, parte hartzea ospatzeko. Hau da, parte hartze prozesua jada hartutako erabaki bat (zuzena edo okerra izan daitekeena) subordinatuek irribarre batekin hartzeko performancea izaten da.
Hori bai, esan ezazu parte hartze prozesuan agian hartu den erabakia ez dela onena, edo besterik gabe, ez zaudela ados. Gorroto begiradak jasoko dituzu, erdeinua… eta are bilera indibidualizatua ere. Nolako ausardia, kontra egitea? Nolatan ez duzu bete parte hartze prozesuan zuretzako erreserbatuta zegoen paper aktiboa? Hobe, birtualki aktiboa? Hori baita dagoen arazo nagusia parte hartzearekin. Parte hartzearen performance fikziozkoa benetako parte hartze kritiko (uler bedi hausnartu) eta aktiboa izango balitz bezala saltzean, errealitatearen izatea bera ere ukatzen da. Sinetsaraziz performance birtuala dela esperientzia errealaren aukera posible bakarra.
Neoformalismoak gure esperientzia eskuz eskukoa ere birtual bihurtzen du, egiten dugunaren hezurduran ardura guztia paratzen du. Edukiari buruz hitz egitea, eztabaidatzea galgatzen du. Are edukia ere ezerezko bihurtzen du, inteligentzia artifizialak pentsatzen duela sinisten dugunean, gure ordez pentsa dezakeela ere barneratzen dugunean. •