Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Duela bi urte hil zen Milan Kundera idazle txekiarra

Bi urte bete dira Milan Kundera idazle txekiar-frantziarra Parisen hil zenetik. 94 urte zituen eta bere bizitza eta obra literarioa oreka zail batean jardun ziren; alegia, nazioarteko garaipena eta bere herrialdeari eta hizkuntzari egindako uko pertsonalen arteko borrokan.

Milan Kundera, 1980an.
Milan Kundera, 1980an. (Elisa Cabot | WIKIPEDIA COMMONS)

Dudarik gabe, Milan Kundera (Brno, 1929ko apirilaren 1 – Paris, 2023ko uztailaren 11a) idazle txekiar ospetsuena dugu nazioartean. 1975ean Estatu frantsesera egin zuen ihes, 1981ean herritartasun txekoslovakiarra kendu zioten, eta 1981etik herritartasun frantsesa zeukan.

Poesia, antzerki eta saiakera lanak eginagatik ere, eleberrigile gisa egin zen ospetsu. ‘Nesnesitelná lehkost bytí’ (‘Izatearen arintasun jasanezina’, 1984) hainbat hizkuntzatara itzuli zen eta salmenta marka guztiak hautsi zituen laurogeiko hamarkada hartan.

Eleberrigile, ipuin idazle, antzerkigile, saiakeragile eta poeta jardun zen, bada, Kundera, 1967an ‘Zert’ bere lehen eleberria, totalitarismoa salatzen zuen lana, argitaratu zuenetik. 1975ean erbestera joan zen Kundera, 1968an Pragako Udaberriko Txekoslovakiako estatu sozialistaren aurkako protesten ondoren bere lanak debekatu zituztela ikusi eta gero, eta 1993tik frantsesez argitaratu zituen bere lanak.

Kunderak beti harreman istilutsua izan zuen bere herriarekin.  ‘Milan Kundera eta gu’ izenburupean, Larresorok sinatutako artikulua argitaratu zuen Txillardegik ‘Zeruko Argia’-n 1968ko maiatzaren 26an. Txillardegik bere idazlanetan erabili ohi zuen izengoitietako bat zen Larresoro.

Euskaraz irakur dezakegu Kundera. Armiarma.eus webgunean aurkitu daitezke euskaratu zaizkien lanak, esaterako ‘Bi ipuin’ (2016) edo, eleberri kanonikoa bihurtu dena, ‘Izatearen arintasun jasanezina’ (Alberdania-Elkar, 2009), biak Karlos Cidek itzulita.