Harrotasunik ez genozidioan
Israel bere burua "gay friendly" gisa aurkezten saiatzen da, Tel Aviv munduko LGTBIQ+ turismoaren helmuga nagusietako bat bihurtuz, Palestinako etengabeko okupazio militarra, apartheid juridikoa eta genozidioa estaltzeko. Bitartean, komunitate palestinar queerra bere borrokan isolatu eta kriminalizatu nahi du, bere existentzia bera ukatu eta mendebaldeko estereotipo kolonialak justifikatzeko.
Israelgo Estatuak bere proiektu koloniala zuritzeko erabiltzen duen pinkwashing estrategia ez da ortzadar koloreko berniz hutsa, ez da soilik marketin estrategia. Pinkwashing-a indarkeria kolonialaren forma sofistikatua da, komunitate palestinarra zatitu eta kolektibo transmaribolloaren imajinarioa okupazioa legitimatzeko instrumentalizatzen duena.
Israelen pinkwashing LGTBIQ+ak botere kolonialek erabilitako beste estrategia batzuk gogorarazten dizkigu; adibidez, feminismo kolonialetik aldarrikatu izan den "emakume musulmanak askatzeko” mugimendua. Afganistango emakumeek haien azalean jasan behar izan dutena, non argi geratu den potentzia kolonial eta inperialistek emakume musulmanak instrumentalizatzen dituztela emakumeen eskubideekin zerikusirik ez duten esku-hartze militarrak, okupazioak eta proiektu geopolitikoak justifikatzeko, mundu musulmaneko patriarkatuaz kezkatuta dauden baina Europako eta AEBetako matxismoa eta homofobia legitimatzen dituzten sasi-feministen konplizitateaz.
Konplizitate gayfriendly arrazista bera probestuz, Israelen estrategiak bi bide hartu ditu: alde batetik, Palestinako disidentzia heterosexualen existentzia ukatzen da, LGTBIQ+ kolektiboaren parte izatea iparralde globalean soilik garatu daitekeen bizi proiektu edo estrategia politiko gisa aurkeztuz. Horrek gure imajinario arrazistak indartzen ditu, non bi aukera posible dauden: zurion mundu zibilizatu, progresista eta askea edo arabiarren mundu tradizional, matxista eta homofoboa. Ondoren, imajinario hori baliatuz, Israelgo Gobernuak eta LGTBIQ+ talde kolaboratzaileek queer palestinarrak "salbatzeko" kanpainak abiarazten dituzte, haien zapalkuntza ekiditeko modu bakarra Israelen asilo politikoa onartu eta Palestinatik ihes egitea dela sinetsaraziz. Salbazio horren ordez ordaindu beharreko prezioa garestia da: komunitate palestinarrarekin hariak eten eta Israelen gerra ideologikoarentzat propaganda peoi bihurtzea.
Horren aurrean mugimendu queer palestinarra dago, kolonialismoaren aurkako borroka zapalkuntza patriarkal eta kapitalistaren aurkakoarekin uztartzen duena eta gizarte palestinarraren parte dena. Erresistentzia horren erakusle da AlQaws for Sexual and Gender Diversity taldea, 2001etik homonazionalismo genozida salatu eta Palestina transfeministaren alde borrokatzen ari dena. Feministaldia festibalean elkarte horretako kide zen militante lesbiana baten hitzaldia entzuteko aukera izan genuen; hitzaldi hartan gogor nabarmendu zuen ezinezkoa zela disidentzia heterosexualen aldeko borroka eta genozidioa bereiztea, ezin zutela haien borroka transmaribolloa eta antikoloniala bereizi: «Ezin dituzu LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak defendatu bonbardaketa baten erdian».
Horregatik guztiarengatik, euskal komunitate transfeminista beti egongo da Palestinarekin, gure gorputzak ez direlako propaganda genozidarentzako bandera progresista, baizik eta zapalkuntzaren kontrako borrokarako tresna bizidunak. Gure borrokek ez dute zentzurik aliantza antikolonial eta internazionalistarik gabe, eta horregatik irten ginen kaleetara berriro ere ekainaren 28an Israelgo estatu genozida salatzera, genozidio baten erdian ez dagoelako harrotasunik. Israel desagertu arte transmaribollook Palestinarekin! •