«Ta ezer ez da berdin»
Uztailaren 1ean Francesca Albanese NBEko Giza Eskubideetako kontalariak “Okupazioaren ekonomiatik genozidioaren ekonomiara” izeneko txostena aurkeztu zuen. Dokumentuan Palestinako genozidioari lagundu eta etekina ateratzen dioten nazioarteko enpresa nagusiak bildu zituen; tartean, Euskal Herriko CAF konpainia. Beasaingo korporazioak sei urte daramatza, nazioarteko legediaren irizpideen kontra, Jerusalem Ekialdeko kolonia ilegalak hirigunearekin lotzen dituzten azpiegiturak eraikitzen, eta proiektu kriminal horrek eraman du NBEren jomugan izatera.
CAFi Jerusalemeko trenbide-proiektutik erretiratzeko galdegiten dion mugimenduak ere urteak zeramatzan ohartarazten NBEren zerrendan sartzeko aukera oso litekeena zela, eta balizko argitalpenaren egunetik aurrerako ibilbide orria ere prest zeukan.
Mugimenduak aurreikusten zuen txostenak hauts mediatikoak harrotuko zituela Euskal Herriko prentsan, historian lehen aldia izango baitzen nazioarteko erakundeek euskal konpainia baten jarduera kriminala salatzen zutena. Aitzitik, salbuespenak salbuespen, dokumentuak komunikabide gutxi batzuen kronika baino ez zuen merezi izan, eta apenas segundo eskas batzuetako aipamena, EITBko albistegietan. Areago, hedabide publikoak Beasaingo konpainiaren irudi korporatiboa zuritzera dedikatu zituen hurrengo egunetako titularrak.
Bestalde, espero zitekeen Eusko Jaurlaritzak NBEren txostenak seinalatutako konpainia batean duen partaidetza berraztertu beharko zuela; are gehiago, ekainaren 5ean Eusko Legebiltzarrak onartutako mozioak «Israelekin eta Palestinaren okupazioarekin lotutako enpresekin dituzten akordioak berrikusteko» galdegin baitzien «erakunde guztiei». Pradalesen gobernuak, ordea, txostenaren ondorengo asteotan, berraztertu beharrean, areagotu egin du konpainian duen partaidetza publikoa.
Nolanahi ere, euskal erakundeek erantzukizunez ez jokatuagatik, aurreikus zitekeen zerrenda lotsagarrian agertu izanak nazioarte mailako beste kontratu publiko batzuk eskuratzeko ateak itxiko zizkiola trengintza-konpainiari. Baina ez, enpresa kriminalen datu-basean agertu zenetik aste gutxira kontratu mamitsu bat esleitu diote CAFi Belgikan.
Akats bat egin du elkartasun-mugimenduak: garai bateko irizpide zaharren arabera egin zituen bere aurreikuspenak, munduan gutxieneko joko-arau batzuk zeuden garaietako irizpideen arabera. Baina mundua dezente aldatu da azken bi urteotan. Azken hamarkadetako genozidiorik zitalena geldituko badugu, jai dugu uste badugu nazioarteko erakundeek, prentsak edo merkatu askearen arauek nor bere lekuan jarriko dutela. Erantzukizun pertsonalen garaia da, CAFeko langileek kontzientziaz jokatzeko duten erantzukizunetik hasita, munduan jada ezer ez baita berdina izango. •

«Zirkomotrizitatea» lantzeko euskarazko lehen material didaktikoa sortu dute

Danele Sarriugarte: «Queer homofoboaren arma bat da, bere kontra erabiltzeko»

Mijo Lizarzaburu: «Arrak eta emeak ez dira existitzen, gizonak eta emakumeak bai»
