GAUR8

Zierbenak desfibriladoreak jarri ditu herriko auzo guztietan

Zierbenako Udalak desfibriladoreak jarri ditu auzo guztietan, larrialdi-egoeren aurrean udalerri seguruagoa bilakatzeko. Irailean, gainera, prestakuntza saioak eskainiko dituzte herritarrei zuzenduta, aparatuak erabiltzen eta bihotz-biriketako bizkortze teknikak egiten ikasteko. 

Udalak jarritako desfibriladore bat Zierbenan.
Udalak jarritako desfibriladore bat Zierbenan. (Zierbenako Udala)

Zierbenako Udalak «kardiobabeseko plana» jarri du abian uda honetan, larrialdi-egoeren aurrean udalerri seguruagoa bilakatzeko. Kanpoko sei desfibriladore erdiautomatiko (KDEA) jarri dituzte bide publikoan, auzo bakoitzean bat. 

Era horretara, El Puerto, Kardeo, La Arena, La Cuesta, San Mames eta Valle auzoek kalean kokatuta dauden desfibriladoreak dituzte. Auzo bakoitzeko erdiko pergoletan jarri dituzte, Kardeon izan ezik, gizarte-zentroan baitago.

«Ekimen horren bidez, Zierbenak bermatzen du pertsona guztiek desfibriladore bat azkar eskuratzea bihotz-geldialdi baten aurrean, eta, gainera, udal-eraikinetan lehendik dagoen sarea indartzea», adierazi dute udal iturriek.

Zehaztu dute, gainera, «gailuak altzairu herdoilgaitzezko totemetan instalatuta» daudela, «argi identifikatuta eta seinale homologatuekin», baita abisu eta geolokalizazio sistemekin ere.

48.448 euroko inbertsioa egin du Udalak sisteman, hiru urteko mantentze integrala eta sentsibilizazio eta formakuntza kanpaina barne hartuta. Aparatuen erabilera irakasteko ikastaroa eskainiko dute irailean, baita bihotz-biriketako bizkortze-tekniketan (BBB) trebatzeko formakuntza ere.

«Helburua –nabarmendu dutenez– udalerria egoera kritikoen aurrean jarduteko gune seguru eta prestatu gisa sendotzea da».