Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

85 urte bete ditu gaur Dora Barrancos erreferente feminista argentinarrak

Dora Barrancos feminismoaren erreferentea den soziologo argentinarrak 85 urte bete ditu gaur. Zoriontzeko, gogora ekarri dezagun bere esaldi bat: «Zaharra naiz, beraz, baikorra izatea beste erremediorik ez dut».

Dora Barrancos, 2023ko ekitaldi batean.
Dora Barrancos, 2023ko ekitaldi batean. (Argentinako Kultura Ministeritza | WIKIMEDIA COMMONS)

Dora Barrancos (Jacinto Aráuz, 1940ko abuztuaren 15a) ikertzaile, soziologo, historialari, hezitzaile eta feminista argentinarraren nazioarteko unibertsitateetan lortutako tituluak eta egindako ikerketak, jaso dituen sariak eta idatzi zituen liburuak zenbagaitzak dira.

«Bere interesa Argentinako feminismoa, emakumeek aurrera eramandako gatazkak eta iraultza pribatuak, emakumeen eskubide politikoak (inoiz ez gainerako borroka demokratikoetatik isolatuak), mende hasierako mugimendu sozialak, mugimendu sozialista eta anarkistak eta hezkuntzaren rola aztertzera bideratua egon da. Era berean, Argentinako sexualitate disidenteen historiaren hainbat ikuspegi jorratu ditu», irakur daiteke Berlingo Freie Universität-ek egin dion profilean.

Egia esan, bere garaiari aurrea hartu zion ikertzaile honek. Argentinako diktadura militarrean, 1976-1983 urteen artean, Brasilera erbesteratu zen. Han Michel Foucault pentsalari frantziarrarekin harremanetan jarri eta historiaren eta historiografiaren alorrak lantzen hasi zen. 1984an, peronismoari uko egin zion, mugimendu populista kontserbadorea dela aldarrikatuz, eta mugimendu sozialista eta anarkistak aztertzen hasi zen. Eta, tartean, borroka feministak.

Kargu politiko garrantzitsuak izan dituen emakumea izanik eta intelektual konprometitua izanik, Barrancos kritikoa izan da beti oso eta, historiografiaren bidez, emakumeen askotariko borrokak ikusaraztea lortu du. Historiografia erresistentzia politiko bihurtu baitu, orain arte sumatu ez zena ikusgarri egiten.

Esaterako, Barrancosentzat emakume kategoria anitz daude: emakume sozialistak, anarkistak, feministak, amak... pluralean, generoak pluralak diren bezala, askotariko emakumeak baitaude.

Oso ikuspegi aurrerakoia izan du beti: identitateen esparruan dinamismoa eta negoziazioa behar duela egon mantentzen du, identitateak ez direlako esentzialistak, anitzak baizik, eta identitate horiek etengabeko igarobidean daudela uste baitu. Barrancosek ‘gizon eta emakume’ eraikuntza bitarratik haratago ikustera eraman gaitu.