Josu Ozaita
Antropologoa

Sartu «piparra» zure botikinean

Sasoi honetako plazeretako bat dira piperrak.
Sasoi honetako plazeretako bat dira piperrak. (Jon URBE | FOKU)

Ekarri pipar ale batzuk botikenetik», esaera entzuteak broma dirudi, baina, surrealista izan badaiteke ere, piparrak badu sendagaitik; asko, gainera. Ia guztiok plazer txiki moduan jaten ditugu, momentuko omenalditxoa. A ze festa udan! Pipar txiki erruleta, ea nork jaso pikardia bala hori, ahoa sutan jarriko diguna. Baina saltsa eta festaz aparte, konturatu gabe, gure gorputzarentzat osasungarri eta lagungarri diren elementuak sartzen ari gara. Zein handia den pipar txikia!

Chile, aji, guindilla, pipar txiki edo piparminaren osagaia den pikantea da osasungintzako elementua, kapsaizina deritzona. Molekula honek egiten du piparrek xaxatzea, eta momentuko zirrara hori sentitzeaz gain, hainbat ikerketek baieztatu dute onuragarria dela minbiziaren aurka, gantza galtzen laguntzeko, eta, bizitza esperantza igo omen dezake. Ez da broma piparrak duen gaitasuna!

OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, elikadura pikantea duten herrialdeetan minbizia tasa baxuagoa da besteetan baino. Indiako laborategi bateko ikerketa batean ondorioztatu dute pikanteak minbiziaren aurrean babes moduan lan egiten duela; izan ere, kapsaizina osagai organikoak minbizi zelulen zuntzetan eragin eta zelula horien hiltzea azkartzen omen du, eta zelula berriak sortzen lagundu. Bestetik, Harvard-eko (Estatu Batuak) Unibertsitate ospetsuko ikerketa baten arabera, egunerokotasunean pikantea erabiltzeak heriotza tasa jaitsiko omen luke, eta minbizia, arnasketa-arazoak eta gaixotasun koronarioak izatea eragotzi.

Arratoiekin egindako ikerketa batean ondorioztatu da kapsaizinak prostatako minbiziaren tumoreak haztea eragozten duela %80an, zelula osasuntsuei eragin gabe. Mexikon, berriz, pertsonekin egindako ikerketa batek agerian utzi du pikantea jaten dutenek gantza azkarrago erretzen dutela. Eta onura hauekin guztiekin batera, Txinan egindako ikerketa berri batean, eta Vermot-eko (AEBak) Unibertsitateko lanek baieztatuta, kapsaizinari esker, pipar minak onak dira bihotzarentzat, hesteentzat eta artritisarentzat, eta bizitza itxaropena luzatzen laguntzen dute.

Duen burdinaz gain, bitaminetan oso aberatsa da piparmina (A, E eta C batez ere); beraz, beste faktore bat gehiago osasunerako mesedegarria dela esateko. Adi! Pipar pikanteak gure gorputza hartzeak mesede egingo digu, nahiz eta momentua izorratu. Horiek horrela, osatu dezagun zerrenda, ikusteko piparrak zertan lagundu diezagukeen:

AFRODISIAKOA

Bitamina C asko duelako, afrodisiakoa omen da teoria askoren arabera: endorfinak sorrarazten ditu eta gure organismoko ezinbesteko funtzioak estimulatzen ditu.

ARTERIESKLEROSIS

Pipar minaren osagai hodi-zabaltzaileak eta kolesterolaren aurkakoak ezagunak dira: odolaren oxigenazioa areagotzen du eta kapilarrak elastiko bilakatzen ditu.

ARTRITIS, ERREUMA

Hantura edo inflamazio artikularra jaitsi egiten du, eta hezurren deuseztatzea eragozten. Azalaren gainean erabilita, piparrak errebultsio efektua du, kapilarrak dilatatu eta berotu egiten baititu.

AZALAREN LAGUN

Azal belztuaren laguna da, A bitamina asko duelako, “azalaren bitamina”.

BIHOTZA

Odolean sorturiko odolbilduei aurre egiten die kapsaizinak eta, horrela, zirkulazioa hobetzen du.

DEPRESIOA

Txinan, pipar gorri pikantea depresioaren aurka erabiltzen da. Indian ere, duela 6.000 urte jaiotako bertako medikuntza tradizional ayurvedikoak dio piparrak izpiritua eta odola estimulatzen dituela.

EDERTASUNA

Lehengo tradizio herrikoiek eta gaur egungo ikerketa zientifikoek elkartzen dituzte piparra eta edertasuna. Piparrak dituzten xaboi eta kremek azala sano mantentzen dute, eta ezpurutasunak kendu. Ilearentzat ere ona da, indarra ematen diolako. (Baina zer da edertasuna?).

GAIXOTASUN KARDIOBASKULARRAK

Infartu eta gaixotasun kardiobaskularrak eragozteko piparra gomendatzen da.

GATZA

Gatzaren ordezko izan daiteke, modu sanoagoan jakiak bizituz. Piperreztatu lasai jakiak pipar hautsarekin.

GIBELEKO GUTXIEGITASUNA

Sabela babesten du, muki gehiago sorrarazten dizkiolako, eta honela, bakterioei aurre egiteko prestatzen da. Ekialdeko sukaldaritzak pipar pikante ugari erabiltzen du eta, horrela, gibeleko eta behazun-maskuriko arazoak ekiditen dituzte.

GRIPEA

Arnasketa hobetzeaz gain, toxinak kanporatzen laguntzen du kapsaizinak.

HORTZEN DENTISTA

Hortzak osasuntsu mantentzen laguntzen du.

LARINGITISA

Deskongestionatzailea eta laringitisaren, marrantaren eta eztularen aurkakoa da. Arnasketa arazo eta katarro-prozesuetan lagungarri da, pikantea gomendatu ohi da asma eta bronkitisarentzat.

MINBIZIA

Hainbat ikerketa fidagarrik diote kapsaizinak minbizi-zelulen hazkuntza eragozten duela eta erasotu egiten diela. Giulio Tarro onkologoak dio kapsaizinak tumoreen aurkako defentsak indartzen dituela, C bitamina kantitate handiari esker.

 

OBESITATEA

Lagungarri da pisua jaisteko, bere kontsumoak apetitua gutxitzen duelako. Metabolismoa azkartzen du, eta gorputzeko beroa eragiten, kalorien erretzea %15ean indartuz. Zelulitisarentzako ere ona da.

ODOLUZKI ETA HEMORROIDEAK

Askok pikantea ez dute hartzen hemorroideak eragiten dituelako. Aurreiritzi zaharra eta desinformazioa da. 1857an, Frantziako mediku akademiak defendatu zuen pipar pikantea hemorroideen aurkari dela. Zera ziurra da: aste gutxitan, mina eta kongestioa desagertzen direla, eta hori K2 bitaminari esker da.

PROSTATITISA

Txinako medikuntzak oilasko-salda piparrekin gomendatzen du pixaren emisioa azkartzeko, prostata handituta dutenentzat.

ZIZAREEN AURKA

Jalapeñoaren hostoen infusioa erabiltzen dute nahua taldeko kideek.

ZAIN BARIZEDUNAK

Askok diote barizeentzako ona dela piparrak erabiltzen dituen dieta. Kolesterola jaisten du odolean, eta honek odoleko presioa orekatzen du.

ZIRKULAZIOA

Bihotza azkartzen, sudurra umeltzen eta izerdi poroak zabalarazten ditu.

AHOLKU BATZUK

Egunkaria eta artikuluaren egilea ez dira albo kalteen arduradun egiten. Lehenik eta behin, irakurri botika hau hartzeko jarraibideak, egilea ez da-eta kargu egiten informazio honen ondorioez. Hemen gomendio batzuk:

-Astean 2-5 alditan jateak lagundu dezake osasunean, baina hortik gora kontsumitzea ez da gomendagarria.

-Gauetan ez jatea gomendatzen da, ez gehiegi behintzat.

-Ez jan gehiegi bihotzerrea, ultzera, hepatitisa eta odoluzkiak edo hemorroideak badituzu. Hala ere, dosi txikietan lagungarri izan daiteke.

-Piparrak ukituta, ez eraman behatzak begietara, erre sentsazioa eta azkura sor dezakeelako. Garbitu eskuak piparrak erabili bezain pronto.

Uda ona izan eta piparrak jan lasai, osasuna ez ezik, bizipoza ere ematen digutelako.