Mijo Lizarzaburu
EHUko ikerlaria eta militante transfeminista

Gora Mamarratxosni!

Uda amaierarekin batera, Donostiara bueltatzen naiz urtero. Udan denbora gehiago izaten dut Ondarrun egoteko, eta aurten ere ez da salbuespena izan. Sexilioa dela eta askotan transfeministontzat zaila izaten da herrira itzultzea, baina ez da nire kasua, zorionez. Ondarru txikia den arren, komunitate kuir indartsu bat dabilelako egunero herria egiten. Horregatik, idatzi hau nire herriko disidenteei eskaini nahi diet; zehatzago, Mamarratxosniko kideei. Mamarratxosni, herriko jaietan, Andramaixetan antolatzen den mamarratxoen txosna da, ikuspegi transfeminista eta antikapitalista duena.

Miren Guillok esaten duen bezala, gorputz guztiek ez dituzte aukera berak plazera lortzeko. Gure genero sistemak plazera modu generizatu eta dikotomikoan ulertzera garamatza, eta dikotomia horretan, gizonak beti izan dira desiraren subjektuak eta, aldiz, emakumeak objektu desiratuak, eta beraz, konplazentziarako heziak. Dikotomiatik kanpo, gizon edo emakume ez direnek, gorputz ez hegemonikoek, ez gaituek, ez heterosexualek ez dute heterosexual eta “normalek” plazerera duten sarbide berbera. Izan ez zaielako plazererako eskubiderik aitortzen, izan estigma edo zigor sozialagatik. Horregatik beharrezkoa da jaietan, plazera erdigunean dagoen horietan, transfeministok espazio propioak sortzea, gizonak direnean antolatzaileak gure plazerak ez duelako lekurik (nerabezaroan gaztetxera lehen aldiz joan eta gizonak lehen ilaran oihuka eta “pogo”ka zebiltzanean bezala, eta gu hor, begira).

Mamarratxosni bezalako espazio autogestionatuek herriko logika antolatzen duen heterosexualitatearekin apurtzen dute, leku bat sortzen dute gizonik gabeko jaiez gozatu nahi dugunontzat. Kontua ez da ez dagoela erasorik, badaude eta feminismotik gestionatzen dira. Kontua da erdigunea herriko trabesti, marika, bollera, kuir, bisexual eta hetera mamarratxena dela. Ez da soilik espazio segurua, plazererako espazioa ere bada. Laura Muelasek dioenez, plazera gure borroka politikoak zentzuz mamitzen duen elementua delako: «Antolatzen gara haserre gaudelako, desberdinkeria eta eraso asko jasaten ditugulako, eta gauzak aldatu nahi ditugulako. Eta askotan gertatzen da plazeraren bidez gauzak aldatu egiten ditugula».

Mamarratxosnin herriko gazte askoren lanari esker borroka eta plazera uztartzen dira: ez da Israel egiten dabilen genozidioarekin konplize diren enpresen produkturik kontsumitzen; Mamarrazoka antolatzen da, sortzaile txikien lana balioan jarri eta herrira hurbiltzen duen azoka; giro transfeminista bermatzen da egunerokoan, eta hori indartzeko “meixenda disidenti” antolatzen da (aurten eskualdeko transfeminismoaren aurkako erasoetan fokua jarri duena) eta gainera, terraza dauka!

Espazio hauek direlako herria eraldatzen dutenak. Laura Muelasen hitzei jarraituz, aktibismo feministaren guneetan plazer-prozesuak partekatzeak (jaiak, jardunaldiak, tailerrak, bilerak, manifestazioak eta abar) horietan parte hartzen duten subjektuak eraldatzen ditu, borroka politikoa zapalkuntzaren edo indarkerien aurkako borroka komun batetik abiatuta egiten delako, eta hori aliantzetatik, afektuetatik eta dantzetatik ere egiten delako.

Herriko jaietan “El Correo”-k zabaldutako txosnetatik kanporatutako udaltzainaren inguruko gezurretatik haratago, gauzak gertatu direlako eta guk badakigulako foku politikoa non kokatu behar den, eskerrik asko egindako lan politikoagatik. Gora Mamarratxosni! •