«1975» ikuskizun ibiltaria Zarautzen, herri baten memoria
Josu Txapartegi Aramendi (1946), Andoni Egaña Makatzaga (1961) eta Uxue Alkorta Iturbe (2001) «1975» ikuskizunean parte hartuko duten ehun kulturgileetako hiru dira. Belaunaldi desberdinen ordezkari, memoriaz eta transmisioaz hausnartzeko bildu ditugu fusilamenduen 50. urteurren honetan.

Bihar eguerdian egingo dute Zarautzen “1975” ikuskizun ibiltaria, gaur 50 urte Bartzelonan fusilatu zuten Jon Paredes Manot Txiki oroitzeko memoria ariketa erraldoia. Ekitaldia Azken Portu auzoko Egaña kalean abiatuko da 12.00etan, Txiki eta bere familiaren etxean, eta herriko leku esanguratsuetatik igaroko da, Txikiren bizitza, heriotza eta borroka irudikatuz.
«Helburua da gertaera haiek bizi izan genituen belaunaldiak hurrengoari, eta datorrenari ere bai, bigarrena ere hemen delako, transmititzea. Esatea ‘hau gertatu zen’. Zeren memoria galtzea oso erraza da. Gaurko munduan are errazagoa. Eta nahiko genuke ekitaldi hau denboran errepikatzea. Gu ez gara egongo, baina beste batzuk jarraitu dezatela. Egun haiek oso inportanteak izan zirelako. Eta guretzat oso garrantzitsua den beste kontu bat da lekuak sinbolizatzea, Joxe Azurmendik esaten zuen bezala. Gertatu zena sinboloen bidez jasotzen saiatuko gara, ariketa bat gehiago izango da bide horretan», azaldu digu Josu Txapartegi Txapas-ek, ikuskizuna antolatzen dabiltzan eta bertan parte hartuko duten ehundik gora herritarretako batek.
«Bildu gara dantzariak, bertsolariak, musikariak, poetak, antzerkilariak... Txikiren bizitza, modu ibiltari batean, azaltzeko. Bere haurtzaroko bizipenak, 9 urterekin nola etorri zen Zarautzera; plastiko fabrika batean lanean nola hasi zen; mendizaletasuna; Burgosko epaiketa nola bizi izan zuen; nola sartu zen ETAn; nola segituan harrapatu zuten Bartzelonan; eta nola handik urtebetera hil egin zuten. 21 urteko gazte baten bizitza. Internazionalismoa esan ohi da askotan, bada, hauxe zen benetako internazionalista, gure herrian jaio ez arren gure herriaren alde bizitza eman zuena. Ordu eta erdi inguruan hori dena azaltzen saiatuko gara», gehitu du Txapasek, jendeari Zarautzera gerturatzeko deia eginez.
EGAÑATARREKIN FUTBOLEAN
Uxue Alkorta eta Andoni Egaña bertsolariak dira ikuskizunean parte hartuko duten herriko beste bi kulturgile, eta hirukotea mahaiaren bueltan eseri dugu, 50. urteurren honetan belaunaldi desberdinekin herri memoriaz eta transmisioaz hausnartzeko.
«Ez naiz Txapasen belaunaldikoa, baina ni ere jada hobea nago transmititzen hasteko beste ezertarako baino», dio umorez 1961ean jaioa den Egañak. «Txiki hil zutenean bost egun falta zitzaizkidan 14 urte egiteko. Oso bizirik daukat oroitzapena. Nola bizi izan nuen, nola ezagutu nuen Txiki. Bi portale desberdinetan, baina bloke berean bizi ginen. Nire oroitzapena da 12 urterekin, Azken Portura bizitzera joan ginenean, bai gu eta bai haiek futbolean aritzen ginela bazkalondoan, gu ikastolara eta bera lanera joan aurretik. Hantxe geratzen zen gurekin baloiari ostiko batzuk ematen, garajeko atea porteriatzat genuela. Bera eta bere anaia bat, Kepa zela uste dut, ni eta nire anaiaren kontra, bi biren aurka, 10 minutuko partidak».
Eta gertutasun horregatik, oso ongi gogoratzen ditu 1975eko gertakariak. «Emozionalki oso gogoan dut garai hura, oso gogoan dut larunbat goiz hartan aita nola etorri zen eta esan zidan ‘hil ditek’. Gogoan dut arratsalde hartan manifestazioa egin genuela. Nik 13 urte nituen, 14 egin gabe. Orain ikusten dut 13 urteko norbait eta ume ikusten dut, baina gu han genbiltzan manifestazioan. Eta lehenengo aldiz nire oroimenean gogoratzen naiz autoak gurutzatu beharrean irauli egin genituela. Baina ez edozein auto, Euromar parean zeudenak. Han diskoteka bat zegoen, eta larunbat arratsalde hartan dantzalekura joan zirenek ez zuten besterik merezi. Oroitzapen horiek betirako geratzen dira».
Hamabost urte lehenago jaioa da Txapas, 1946an, eta denborarekin oroitzapenak lausotzen joaten direla dio, baina garai haietako egonezina atzo balitz bezala gogoratzen du. «Gure andreak asko ezagutzen zuen Txiki, bere etxean asko ibiltzen zen. Nire oroitzapena da goiz hura bizitza guztian gogoratuko dugun goiz bat izan zela. Herritar bat horrela hiltzen zutela. 50 urtean memoria asko lausotzen da, baina gogoratzen naiz hurrengo urteetan ere sabeleko minarekin, ezinegon batekin esnatzen nintzela. Urte askoan ezin izan genuen asimilatu gertatu zena. Gerora, urteekin, hori ere pasa egiten da, baina beti gogoratzen naiz data gerturatzen denean».
Andonik gehitzen duenez, Txikiren kasuan prozesua oso azkarra izan zen, eta horrek ere areagotu zuen euskal jendartearentzat suposatu zuen kolpea. «Aurretik manifestazio handi bat egin zen, abuztuaren amaieran izango zen. Hondartzan tiroka amaitu zen. Atxilotu pila bat izan ziren, jendea uretara sartu zelako eta Guardia Zibilak ur-ertzean jarri zirelako. Ni gogoratzen naiz guk nola egin genuen ospa, eta nora. Kuadrillako azkarren batek esan zuen ‘kendu nikiya’ turisten artean disimulatzeko, eta korrika ikastolara joan ginen ezkutatzera. Hantxe egon ginen ordu pila bat eta iluntzean iritsi ginen etxera nolabait. Baina esango nuke manifa hura Tupa (Jose Antonio Garmendia) eta horien alde izan zela. Txiki oso azken orduan auzipetu zuten. Atxilotu eta hil arte bi hilabete eskas pasatuko ziren. Oso kolpera etorri zen bola handi bat izan zen. Gainera, garai hartan ostiral arratsaldeetan egiten zuten frankistek ‘Consejo de Ministros’ deitzen zutena, eta espero genuen heriotza zigorra kommutatzea, tartean Vatikanoa-eta sartu zirelako. Kolpe handia izan zen, oso bat-batekoa».
TRANSMISIOA, NON ETA NOLA?
Igandeko ikuskizunaren -eta Euskal Herriaren luze-zabalean egingo diren beste hainbat ekitaldiren- helburua transmisioa baldin bada, gaur egungo gazteen iritzia ezagutzea ere interesgarria eta beharrezkoa da. Uxue Alkorta 2001ean jaioa da, 1975eko gertakariak bertatik bertara ezagutu ez zituzten belaunaldi berrien ahots.
«Etxean beti entzun dudan zerbait da. Aita Azken Portukoa da eta txikitatik naturaltasun osoz hitz egin izan dugu gai honetaz. Baina bai uste dut 50. urteurren honen harira zabalpen handiagoa eman dela, gure belaunaldiak ere jakin dezan zer gertatu zen. Uste dut garrantzitsua dela belaunaldi honetako jendeak jakitea zer gertakari izan diren herri honetan, herri honen historia osatzen jarraitzeko. Memoria historikoa ez bada behar bezala lantzen, gertaera batzuk ahazteko arriskua dagoelako», iritzi dio Uxuek.
«Horregatik iruditzen zait garrantzitsua igandeko ekitaldia, herri osoan oihartzuna izango duelako, sortzaile mordo bat bilduko dituelako. Azkenean txikitan kontatzen dizute zerbait gertatutakoaz, baina adinean aurrera egin ahala zuk zeuk bilatu behar duzu informazioa errelatoa osatzeko. Eta horrelako urteurren eta ekitaldiek horretan lagundu dezakete, bestela agian ez diozulako behar besteko garrantzia emango. "Berria"-k atera duen dokumentala ikusi genuen aurrekoan, eta ama adibidez hunkitu egin zen, amona gogoratzen zuelako esanez ‘ez dute hilko, ez dute hilko’. Baina azkenean hil zuten, bai».
Uxueren hitzek argi uzten dute transmisioa etxe giroan edo herrigintzatik egin dela. Hezkuntza arautuan memoria gai hauek lantzea zail ikusten du hirukoteak. «Ikuspegi historikoa bakoitzak begiratzen du berari komeni zaion unetik. Nik uste orokortasun batetik aztertu beharko dela gertatutakoa, eta hasieratik bere logika bat jarraituz. Hori etortzen denean, pentsatzen dut Txiki bilakatuko dela bere herriaren alde bizitza eman zuen pertsona bat», hausnartu du Txapasek.
Eta kontrapuntu moduan, Egañak zer pentsatua ematen duen pasadizoa kontatu digu. «Txiki hil zutenean manifestazioak egin ziren, baina gogoratzen naiz gorpua ekarri zutenean, hurrengo urtean, askoz handiagoak izan zirela. Bada, gu hurrengo urtean Manolorekin (Urbieta) bidaia batera joan ginen, Paris eta beste zenbait leku bisitatuz. Bartzelona ere bai, eta gogoan dut Txiki fusilatu zuten lekura joan ginela. Aurreko urtean Erorien Haranera, eta urte bat geroago Cerdanyolara. Manoloren kontuak, uda garaian 30 eguneko bidaia egin genuen. Gogoratzen naiz gure arreba jaio zenean ni Monakoko hondartzan lo nengoelako. Eta handik hiru egunera Cerdanyolan ginen. Zentzu horretan, guk eduki genuen heziketa aurreratua izan zen».
ERRELATOAK, PLURALEAN
Hala ere, seguruenik, ez da justua eskolei eskatzea jendarte bezala oraindik eztabaida sortzen duten gaien inguruko errelato bateratu bat. Ikusi besterik ez daude urteurren honen harira sortu diren ika-mikak: Zarauzko kasuan, Udalak Txiki eta Otaegi gogoratzeko Santa Barbaran jarritako olana berehala kentzea agindu zuen, eta fusilamenduen inguruko erakusketari ez dio udal aretorik utzi -azkenean gutxieneko adierazpen bat sinatu dute EAJ, EH Bildu eta PSEk-; testuinguru orokorrago batean, sonatuak izan dira Alberto Alonso Gogorako zuzendariaren adierazpenak, esanez Txiki eta Otaegik ez zutela askatasunaren alde egiten borroka eta frankismoaren tresna berdinak erabiltzen zituztela.
«Biktima edonor izan daiteke -dio Txapasek egunotan zabaldu den biktima-biktimario eztabaidaz-, hor garrantzitsuena da ulertzea zer gertatu zen eta zergatik. Garrantzitsua da esatea Txiki Euskal Herriaren askatasunaren alde ari zela. Ez gaude prest oraindik gure artean adostasun oso batera iristeko. Txikiren garaia hartuta agian bai, ETAk gerora izan duen ibilbidea alde batera utzita. Hor agian irits gintezke adostasun batera. Azken batean PSOEkoak ere hortxe ibiltzen ziren, polimiliak adibidez. Baina gerora gertatu den guztiaren ikuspegitik begiratu nahi bada, orduan ez dut posible ikusten. Nik uste Txikiren garaia eta testuingurua hartu behar dela kontuan, eta hor oso garrantzitsua da esatea Txiki zeren alde ari zen borrokan».
Andonik ere antzeko irakurketa egiten du: «Errelato bakar bat zail ikusten dut nik ere, baina uste dut gai garela garaian garaikoa hartu eta ikusteko Txiki zergatik hil zuten. Helburu jakin baten alde ari zelako. Gero, ETAren historia osoa aztertu nahi badugu, Txikiren aurretik bazuelako ibilbide bat eta gerora ere asko luzatu zelako, bakoitza erori da San Pabloren zalditik erori den garaian, eta bakoitzak jartzen du zilegitasuna bera erori zen momentuan. Batzuk 81ean jarriko dute, besteek 87an, 2001ean, 2011n... eta abar. Kasu honetan 50 urte igaro dira. Koka gaitezen garai hartan eta konta dezagun orduan gertatu zena. Bestelako konplexurik gabe. Horixe baita, bakoitzak bereari eutsi nahia. Txikik alde egin zuenean, 1973 inguruan, hemen gizarte jakin bat utzi zuen; hil zutenean, 1975ean, apur bat aldatuko zen; eta 1978-79ra joaten bagara, jada oso desberdina zen. 1973an nork altxatzen zuen hemen burua? Ia inork ez; 1975ean ere gutxik; eta 1977an Txikiren kideak amnistiatuta itzuli zirenean, erradikalagoa zen gizartea beraiek baino. Beraz, gogoratu dezagun hori ere: inork gutxik burua altxatzen zuen garaian burua asko altxatzera ausartu zen norbait izan zen Txiki».
Eta Uxuek, adostasunak lortzeko zailtasun horien aurrean, herriak eman duen erantzuna goraipatu nahi izan du. «Alderdietatik haratago, herriaren erantzun bat ere egon dela nabarmendu behar da. Santa Barbaran jarritako olana kendu zutenean, herrian berehala zabaldu zen olana berreskuratuko zela eta Azken Portun zabalduko zela. Herritarren artean ordu erdiko tarte eskasean zabaldu zen asmo hori eta jende asko batu zen ekitaldi horretara, ia une batetik bestera. Horrek erakusten du gertatu zenaren ikuspegia eta errelatoa konpartitzen duen jende asko dagoela herrian, eta hori ere nabarmentzekoa da».
Hain zuzen ere, eta hirukoteko gazteenaren hitzekin amaitzeko, biharko ikuskizunak horretan ere lagundu dezake. «Hunkigarria izango da, eta etorkizunera begira horrek bultzada bat suposatuko du. Esan dugun bezala dena ez da negatiboa. Herrian horrelako jendetza batuko duen ekimen batek erakusten du herria bere egunerokoan, bertan bilduko garen hainbat diziplina desberdinetatik, eragiten ari dela. Horretarako ere balioko du igandekoak».
«Txikiren aldeko hiletak haren gorpurik gabe egin behar izan zituzten paredestarrek»
«‘1975’ memoria ariketa multi-diziplinar bat da, banako eta kultur elkarte ugariren parte-hartzerik gabe ez litzatekeena posible izango. Duela 50 urteko Zarautz eta Txiki bera zuzenean ezagutu zutenen testigantzak eta material historiografikoa kontuan hartuta eraiki da. Txiki da hari nagusia, baina ez da Txikiri -eta Zarautzi- buruz bakarrik. Ikuskizun xumea da, eta dinamikoa, Txiki bera zen bezalakoxea».
Halaxe aurkeztu digu biharko ikuskizuna sortze prozesuan parte hartu duen Amagoia Gurrutxaga kazetariak. 1971n Matxinbentan sortua eta gerora Zarautzen kokatua, lan handia egin du memoria historikoaren arloan. Hamaika elkarrizketa eta erreportajeren artean, “‘Zarauzko postalak. 36ko Gerra Zarautzen” eta “Zarauzko gutunak. 36ko Gerra Zarautzen” liburuen egilea da.
Gurrutxagaren ustez, Txiki eta Otaegiren bizitza eta heriotza ulertzeko ezinbestekoa da testuingurua ongi kokatzea. «Diktadura urteetan, nazional-katolizismoarekin lerratzen ez zen oro zapaldua zen. Oinarrizko eskubideak eta bermeak errespetatzen ez zituzten legedien, indar armatuen eta auzitegien bitartez finkatzen zuen zapalketa hori frankismoak. Horren aurrean, jendea antolatzen eta ekiten hasi zen; 1960ko azken urteetan bizkortu zen bereziki mugimendu antifrankista hori hemen, nazio eta langile aldarrikapenak ardatz zirela. Garai hura larrialdi egoera etengabeak markatu zuen. Sarekada eta tortura indiskriminatuak ohikoak ziren. ‘Itziarren semea’ kantu ezaguna Guardia Zibilaren Zarauzko etxean txikitu zuten Andoni Arrizabalagari eskainia da, esaterako».
Burgosko Prozesuaren barruan, 1970eko abenduan eman zen ezagutzera sei heriotza zigor ezartzen zituen epaia -kaleko eta nazioarteko presioen ondorioz gauzatuko ez zena-, 1974ko martxoaren 2an garrotez exekutatu zuten Bartzelonan Salvador Puig Antich anarkista katalana... «Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru ekintzaileri egokitu zitzaien hurrengo heriotza zigor ‘zentzagarri’ sorta. Defentsarako aukerarik eman gabe epaitu zituzten. Aldez aurretik idatzia zegoen beren aurkako epaia», nabarmendu du Gurrutxagak.
Eta nola bizi izan zen hori dena Zarautzen eta Azpeitian? Argi dago une oso gogorrak izan zirela bi familientzat, baina jendearen babesa ere azpimarratu du Amagoiak. «Francoren indar armatuak saiatu ziren, baina ez zuten lortu Otaegiri azken agurra ematera Nuarbeko hilerrira joan zen jendetza geldiaraztea. Txikiren aldeko hiletak, berriz, haren gorpurik gabe egin behar izan zituzten paredestarrek. Haiek ere jendetza izan zuten lagun parrokiarainoko ibilaldi isilean, hamaika polizia armaturen zaintzapean».
Euskal Herri mailan zein nazioartean izan zen erreakzioa ere aipagarria da. «Txikiren eta Otaegiren exekuzioek -eta egun eta ordu berean fusilatu zituzten FRAPeko hiru kideenak- astindu handia eragin zuten. Euren jaioterrietan bakarrik ez: manifestazioak, grebak, askotariko protestak egin zituzten Euskal Herri osoan zein atzerrian. Herritar anonimoen elkartasuna paredestarren eta otaegitarren babes eta ukendu bilakatu zen. Txiki eta Otaegi borroka antifrankistaren ikur bihurtu ziren. Bi arketipo ordezkatzen zituzten: landa eremuko euskaldunarena betetzen zuen Otaegik; bere sustraiei uko egin gabe bertakotu zen etorkinarena Txikik. Haien exekuzioak askoren kontzientzia-hartze politikoaren eta sozialaren ernamuina izan ziren».
Eta memoria eraikitzeko bidean, Gurrutxagak irmoki salatzen ditu erregimenaren haustura ezak ekarri dituen zailtasun guztiak. «Ez da ahaztu behar Sekretu Ofizialen Lege bat indarrean dela 1978tik, frankismo garaiko (eta osteko) estatuaren giza eskubide urraketa larrien ikerketa oztopatzen duena. Egia, justizia eta erreparazio ahaleginak zertan uzten ditu halako lege batek? Otaegiren aurkako auzibideen sumarioa ‘desagertua’ dago ofizialki, adibidez, 50 urteren buruan. Isiltasun tabua haustea erabaki zutenei esker ez balitz, ‘hemen ez zen ezer txarrik gertatu’ ozen esaten arituko lirateke asko eta asko. Bueno, ‘Francorekin hain gaizki ez ginen bizi’ esaten dutenak gero eta gehiago dira, eta horrek ere eman behar liguke zer pentsatua, indarrean dauden tabuak noren alde ari diren pentsatzeko... Frankistek eta beren onuradunek tabua elikatzen segitzea erraz entenditzen da, horri esker segitu dutelako gaur arte inori konturik eman beharrik izan gabe. Txikiren eta Otaegiren kasuetan ere, inork ez du konturik eman. Horrek ez dio kalterik egiten bake sozialari -ordenari, nahiago bada-, antza. Benetan kalte egiten diona, omen, estatuarengandik egiarik, justiziarik eta erreparaziorik jaso ez dutenen aurpegia erakustea eta Franco hil ostean hausturarik ez zela egon dioten erakusketak antolatzea da. Tristea da».