Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

20.000 haur

Bonba, hilotz eta herri hautsiak Doraemonekin tartekatzen direnean, ez dakizu irudi horiek ezkutatu ala erakutsi, dagoeneko ikusi baditu ere. Babestu nahi duzu, eta bertze aldera begiratzea ez da babestea, baina genozidio bat zuzenean jarraitzea ere ez. Azaldu ezina azaltzen saiatzen zara. Finean, marrazki bizidunetan ere badaude pertsonaia gaiztoak. Errealitatean ez dago salbatuko gaituen poltsiko magikorik, ordea.

Ibaitik Itsasora Palestinaren aldeko ibilaldia euri tanta bat izan da, eta itsasoa euri tantaz osatua dago. Partaide batzuk itxaropentsu zeuden, hazten eta indartzen ari diren herri mobilizazioek gobernu eta enpresak mugituko dituztelakoan. Albiste katastrofikoak ikusita, bertze batzuk ezkorragoak ziren protesta-ekintzek duten eraginarekin. Batzuk eta bertzeak, denak han zeuden, ahal dena egiten, eta horrek berak bete ditu, hori eraman dute etxera. Palestinarrek zerbait jaso dute? Haiek errana da gure babesa iristen zaiela, eta ezinbestekoa zaiela gainera.

Euskal Herria Gazarekiko elkartasunean abangoardia izaten ari da munduan, gu ere herri zapaldua eta ukatua garenez. Irailaren 27a egun aproposa da hori oroitarazteko, 50 urte bete dira-eta Francoren azken fusilamenduetatik. Txiki eta Otaegiren oroimena bizirik dago, eta herri hau ere bai. Palestinan, ordea, 65.300 pertsonatik gora hil ditu Israelek 23 hilabetean, horietatik 20.000 haurrak. Orduero ume bat baino gehiago hiltzen ari da, Save The Childrenek ohartarazi duenez. Gazako haurren populazioaren %2 inguru da hori. Bertze 21.000 ume betirako ezindu dituzte, 42.011 zauritu, eta bost urtetik beherako 132.000 haur hiltzeko arriskuan daude goseteagatik.

Hau gelditzeko zerbait egiteko gai izan eta egiten ez dutenak konplizeak dira, eta sarraskiak eragina izanen du, etorriko da buelta, etorriko zaigu buelta Europara ere. Gure haurrak ere badira. Ezin gara konplize izan. •