Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Fikzioa profezia egin da

Ados nago Peter Bachekin, George Orwellen “1984” eleberriko «Gerra da bakea. Askatasuna da esklabotza. Ezjakintasuna da indarra» paradoxa oso egungoa da. Boterearen jabeentzat, gerra bakez mozorrotu daiteke. Baina gerra sufritzen dutenentzat, hori besterik ez da: gerra. Bakeak berdin segitzen du: lorrezin. Eta hildakoek bakarrik ikusiko dute gerraren amaiera.

Sarraskiaren korridore amaiezinean gabiltza. Heriotzaren betiereko dantzan kuxkuxeroak gara. Eta, hala ere, kontua gizatasun poxi batez aztertzen bada, bakerako bidexkak azaltzen dira. Bakeak ezinezkoa dirudiela ez da tragedia handiena, anbizioak eta egoak mugatzeko mekanismo guztiak gainditu direla da.

Steinbeck-ek «gerra oro animalia pentsalari lez gure porrotaren sintoma da» oihu egin zuen. Begira Gaza, hondakinetan datza, genozidio betean. Libano, Yemen eta Iran korapilatuta, Siria, eta oraintsu Qatar, arrastratuta. Su-etenaren inguruko berriak irakurtzen genituen, aukerak zeudela, Israelek Hamaseko negoziatzaileak Dohan bonbardatuz azken eszeptikoak konbentzitu dituen arte: gerra da helburua, ez bakerako konpromisoa.

«Gerra udaberrian gu hiltzen saiatu zen» idatzi zuen Tim O’Brienek, Vietnamen soldadu izan zenak. Sudanen, baina, gerrak ez du urtarorik. Uztak irensten ditu, lasaigarria den arnasaldi oro, gosetea areagotuz, herrixkak kiskaliz, milioika desplazatuz. Abstraktuan, bake bidea erraza dela dirudi: armak isilarazi, laguntzarako korridoreak zabaldu... Baina Khartumen, edo Darfurren, hori da bakea: jaten duen haurra, egunsentian zutik den etxola, tirorik gabeko gaua.

Tolstoirentzat «bi dira gerlari indartsuenak: Denbora eta Pazientzia». Ukrainarentzat, baina, denbora eta pazientzia luxu onartezinak dira. Bakea, baldin badator, konpromiso mingarriekin dator, besteen bizitzen alde arriskatzera prest dauden agintariekin. Baina boterearen lilurak sufrimenduaren, errukiaren, gainetik segitzen duen bitartean, pazientzia agortuko da.

Danterentzat «miseria garaietan zoriontasuna oroitzea baino min handiagorik ez dago». Myanmarren zoriontasuna oso urrutiko oroitzapen sentitzen da. «Lehoiak historia kontatu arte, ehiztaria beti izango da heroia» dio Afrikako atsotitzak. Etiopian, lehoiak eta ehiztariak, biak odolustu dira. Tigrayko gerra «bukatu» omen da, baina sutan darrai, milaka jende hilez, desplazatuz. «Dena erortzen ari da, zentroa ezin da eutsi» idatzi zuen Yeats irlandarrak. Sahel eskualdean anabasa eta ordenaren arteko muga etengabe desitxuratzen ari da, amildegiaren ertzean balantzaka dabiltza. Eta bakeak irekita mantentzen diren eskolak beharko ditu, ahaztuengana iristen diren zerbitzuak, kontuak ematen dituzten agintariak. Bestela, anabasa izango da eusten duen zentro bakarra.

Graham Greenek zioen: «Atzera-bueltarik gabeko puntu bat dago, bere momentuan oharkabea, bizitza gehienetan». Haitik aspaldi urratu zuen muga hori. Armetatik harago etorkizun bat eskaintzeke ez da bakerik, gobernua zerbitzatzeko eta ez harrapakari izateko dagoela demostratzeke. Horiek gabe, interbentzio militar oro hurrengo kolapsoaren aurretiko etena da.

Armagintzako akzioek gora egiten dute jaurtitzen den misil bakoitzeko, ezegonkortasuna mertzenarioen pagotxa da, energia erraldoiak kaosarekin aberasten dira eta bijilantziarenak, beldurrarekin. Jende korrientearentzat, gerra hondamena da; hain errotua dagoen gerraren ekonomiarentzat, negozio biribila. •