Iker Barandiaran
Kazetaria

Sarearen askatasun eza

Orain dela urte gutxi entzuten genuenean inori zerbaitetaz hitz egiten aritu eta segidan egindako Interneteko bilaketetan hitz egindakoa erosteko eskaintza agertzen zitzaiola, zur eta lur gelditzen ginen gertaera izugarria zelakoan eta ez genuen benetan hala zenik sinistu nahi izaten. Ba, tamalez, dagoeneko inor ez da horretaz harritzen, gero eta sarriago gertatzen delako. Baina hori ez da txarrena…

Interneteko aplikazioei begira pasatzen dugu eguneko zati handi bat, askotan denbora-pasa hutsean gainera, zertan ari garen ia ohartu gabe, inertziaz. Ba, aldiz, aplikazio horiek guri begira daude une oro eta haiek ez daude denbora-pasan. Etengabe behatzen dute zer zabaltzen dugun, zeri ematen diogun arreta eta denbora, zeri eta nola erreakzionatzen diogun, norekin harremantzen garen, zer partekatzen dugun eta norekin… Hori guztia jaso, monitorizatu eta aztertzen dute, haien eta guri buruzko informazioa erosten duten guztien interesen araberako edukiak gero guri mutur aurrean jartzeko.

Eta horrekin zer lortzen dute? Lehenik eta behin, gure informazio pertsonala den horrekin trafikatzea, argi eta gordin. Jakina da aplikazio eta sareetako eduki horiek guztiak eskura jartzen dizkigutela, trukean guk gero eta gehiago klikatu eta nabigatuta, gutaz informazio gehiago lortzeko: zaletasunak, filia eta fobiak, harremantzea, osasuna… guztia. Izan ere, ez dute ezer doan ematen: entretenitzen gaituzte -informatu ez nuke esango-, baina gu gara merkantzia, gu gara nahi ala ez salgai gaudenak. Zer erosi nahi dugun, nolako osasuna daukagun, zerk arduratzen gaituen, zer maite dugun, zer gorrotatu, nori emango geniokeen bozka… Eta informazio hori guztia -berez erabat pertsonala dena-, interes zehatzen arabera segmentatuta, bezero desberdinei saltzen diete: aseguru agentziei, osasungintza enpresa pribatuei… edozeini.

Horren bitartez lortzen dute, baita ere, gure pentsaera eta jokatzeko moldeetan eragitea. Adibidez, badira Afrika eta Asiako hainbat lurralde Freebasics izeneko programa baten bitartez bertako herritarrek ezer ordaindu gabe Internetera sarbidea eskaintzen dutenak. Sarbide horrek baimentzen die gaurkotasuneko albisteak doan ikusi ahal izatea, baina bakarrik izenburuak, horien artean asko “amarillista” delakoak, eta baita faltsuak ere. Ordaindu ezean, ezin dute izenburuaren testuingururik eta azalpenik ikusi.

Herrialde horietako praktika muturrekoa bada ere, gurean ere fake news edo gezurrezko albiste eta izenburuak eguneroko ogi ustela dira, etengabeak. Horrela, sinistarazten digute komunitate zehatz batzuk mota guztietako delitu ugari egiten dituztela, etorkinen eskubideen alde egitea hemengoen kontra egitea dela, emakumeek sufritzen duten jazarpena salatzeak kulparik ez daukaten gizonak erasotzen dituela, hiri eta herrietan bizi diren ezkertiarrek landaguneetako ekonomia suntsitzen dutela. Hala, korronte horren barnean, modan jartzen dabiltza feminismoaren, etorkinen eta ezkerraren kontra egitea. Hori da, gaur egun, sistemaren kontrakoa izatea dela saltzen digutena.

Dinamika horietako beste pieza garrantzitsu bat da gizartean ahalik eta zatiketa gordinena eratzea: gu eta besteak, besteak eta gu. Gatazka itsaso horretan etekin handiagoa ateratzen dute: ekonomikoa, politikoa…

Emaiozue irakurraldi bat Marta Peirano-ren “El enemigo conoce el sistema” liburuari. •