Irudi berria, fartsa berdina
Pete Souza argazkilaria Barack Obama Etxe Zurian zegoenean ezagutu genuen. AEBetako presidentearen argazkilari ofiziala izan zen. Berak egin zuen, besteak beste, «Situation Room» izeneko argazki ikonikoa. Irudi horretan, Obama eta Segurtasun Nazionaleko bere taldea Pakistango Abbottabaden aurrera eramaten ari zen Neptunoren Lantza Operazioa zuzenean monitorizatzen azaltzen dira. Osama bin Laden hiltzeko ekintza ikuskatzen ari dira.
Souza argazkilari bikaina da, eta aurrean modelo paregabea zuen: karisma ikaragarria zuen agintaria, familia liluragarri batekin eta eszenatokian beti ondo kokatzen zekiena, izan kanpaina bulego bat edo Kubako beisbol zelai bat. Balantze politikoa, ordea, oso bestelakoa da. Besteak beste, bere ostean Donald Trumpek lortutako boterea, AEBetako Auzitegi Gorena belaunaldi oso baterako galtzea, edo, Souzaren irudiarekin lotuz, talibanen itzulera, nahikoa dira bere ondarea zalantzan jartzeko.
Zentzu horretan, asko gustatu zitzaidan Ta-Nehisi Coatesen “We Were Eight Years in Power: An American Tragedy” liburua, kontrastea bikain islatzen duelako: itxaropenen eta etsipenaren arteko talka. Obamaren ondareari buruzko gogoeta ere interesgarria da, baita AEBetako egitura arrazisten erreakzioak Trump nola eraman zuen boterera ere.
Aste honetan, Benjamin Netanyahuk Etxe Zurira egindako bisitaren irudiak ikustean, Souzaren argazkiez oroitu naiz. Erakutsi duten irudian, lehen ministro sionista bere kide qatartarrari, Mohammed bin Abdulrahman bin Jassim Al Thaniri, deitzen azaltzen da, palestinar negoziatzaileen aurka Doha-n egindako erasoagatik barkamena eskatzeko. Trumpek zorrotz begiratzen dio. Etxe Zuriko argazkilaria Daniel Torok da orain, baina ez dut argi argazki horien egilea bera den, nahiz eta lana berea dela aldarrikatu. Jakina, teknikoki Torok ez da Souza, baina bere funtzioa ederki beteko du: Trumpen gustuko propagandista da.
Argazkiari buruz hainbat gauza nabarmendu daitezke. Hasteko, zuri-beltzean zabaltzea, dramatismoa eta une historikoaren sentsazioa areagotzen baitu. Trumpen nabarmenkeria ere hortik doa, posatzen ari dela daki. Netanyahuk barkamena irakurtzeak, bere zintzotasun eza agerian uzten du. Azkenik, esanguratsuena da Etxe Zuriak zabaldu zuela irudia, bere amarruaren froga gisa. Trump harraparia da, eta ehiza erakustea maite du. Sionistentzat umiliagarria da irudia, eta Qatarreko erregimena legitimatzen du, agian.
Argazkia zuzena da eta politikoki gupidagabea. Trumpen Gaza-rako planarekin gertatzen dena gertatzen dela (hau idazterakoan ez dakigu oraindik Hamasen erantzuna zein izango den), argazki horrek une politikoaren elementu nagusiak islatzen ditu, baita oligarka estatubatuarraren agintaldikoak ere.
Zoritxarrez, Trumpen Gaza-rako planak Qatarrekin dituen harremanekin eta eskualdearen egonkortasunarekin du zerikusi handiagoa, genozidioarekin baino. Doha-ko negoziazio ordezkaritzaren aurkako eraso israeldarra zoroa izan zen. Netanyahuren Gobernuaren eta bere gerra egituren zigorgabetasun sentsazioa izugarria da. Inolako ordainik gabe egin dituzten esku-hartze guztien ondoren, nahi zutena egin zezaketela uste zuten. Baina Doha ez da Teheran.
Azken gogoeta bat. Geopolitika testosteronaren eta paranoien erreinu bihurtu den garaiotan, semiotika izan daiteke munduari beste era batera begiratzeko modu bat. Mapetan ez bezala, irudietan jendea azaltzen baita. Eta jendea da -egiturekin batera- ezkerraren lanerako oinarrizko materiala. •