Miren Azkarate
Kazetaria

Liburu-dendak magia denda dira

Libururik gabeko mundu bat ez dut kontzebitzen, ez da nire buruan horrelakorik sartzen, ez eta distopiarik eroenean ere. Amesgaizto ikaragarri bat litzateke niretzat eta horrelaxe bizitu dut umetatik, irakurzaletasunera hurbildu nintzenetik.

Joan dira aldatzen irakurtzeko euskarriak, baina liburua bezalakorik ez dago, magia da bertan topatzen dudana bat zabaltzen dudan aldiro.

Liburuekin beti lotuta, liburutegiak edo liburu-dendak. Lehenak zorionez denborarekin auzo eta herri gehiagotan ireki izan dira, zerbitzu paregabe bat emanez. Baina ezin berdina esan liburu-dendez. Arestian aipatu bezala euskarri ezberdinen, teknologia berrien eta irakurzaletasunari eskaintzen zaion garrantzi hutsalaren ondorioz, azken urteetan denda andanaren itxiera bizitu dugu. Nik, tristezia handiarekin. Zenbat ordu eman ote ditut dendetan liburu bat hartu, begiratu, buelta bat, beste aldera, orriak usaindu, orain paragrafo bat, orain ia liburu oso bat irakurri… Fantasia! Baina inguruan geroz eta leku gutxiago geratzen dira amesteko. Edo hori uste nuen orain arte.

Azken aldian, liburu denda famatu askoren itxieraren sona izan dugu, baina soinu gutxiago atereaz, irekiera dezente ere ezagutzen ari naiz. Donostian bat, Hendaian beste bat eta Hazparnen beste bat. Berri ona irakurleontzat eta liburu-dendak ametsen etxe eta arnasgune berri zaretela uste dugunontzat!

Jarrai dezatela idazleek orri zurien gainean tinta beltza jartzen eta ahalbidetu daitezela espazioak ni bezalako ameslarientzako topagune izateko. Eta batez ere, bultzatu inguruan irakurzaletasuna, ignorantziari aurre egiteko tresna eraginkor bat da, datozkigun garai ilun eta gogor hauetan beharrezkoa izango duguna. •