Amaia Ereñaga

12 urteren buruan, Lou Reedek gure oroimenean presente jarraitzen du

Hamabi urte bete dira gaur Lou Reed (1942ko martxoaren 2a - 2013ko urriaren 27a) musikoa eta The Velvet Underground taldeko liderra hil zenetik New Yorken. 71 urte zituen eta legenda bat zen. Haren eragina oso nabaria izan da askorengan, lehen diskotik hasita, baita euskal musikoen artean ere.

Lou Reed 2008an Hop Farm Music-en.
Lou Reed 2008an Hop Farm Music-en. (WIKIPEDIA)

Hamabi urte pasa dira joan zenetik, eta Lou Reeden musikak oraindik bizirik dirau, ‘Sweet Jane’, ‘Heroin’ edo ‘Walk on the Wild Side’ bezalako klasikoei esker. Velvet Underground taldeko liderra eta bizitzaren ‘disidente’ hau 2013ko urriaren 27an hil zen. 2012ko maiatzean gibel transplantea egin zioten the Cleveland Clinic-en, pairatzen zuen zirrosia zela eta. Transplantea egin eta gero, bere webgunean idatzi zuen: «Handiustea eta oso indartsua sentitzen» zela, baina ez zuen gaixotasuna gainditu. 

Eta, zuen baimenarekin, guk Lou Reedek Euskal Herriarekin izan duen loturari buruzko datu batzuk emango dizkizuegu. Adibidez, Lou Reed hil berri zegoenean eta bere heriotzaren zergatiez espekulatzen ari zen bitartean, Pablo Cabeza kazetariak gogora ekarri zuen, GARAn argitaratutako obituarioan, Euskal Herriarekin musikoak zuen lotura. 

Konexio horren eragilea Jonan Ordorika soinu-ingeniaria izan zen, Reeden zaletu sutsua, zortzi urte zituenean, bere anaia Ruperrek Velveten ‘Transformer’ diskoa etxera eraman zuenetik. Jonanek bi pasio zituen: Athletic eta musika. Eta musikaren barruan, Lou Reed.

«Kontzertuz kontzertu, Reed-ekin eta, batez ere, Fernando Saunders Detroit-eko baxuarekin harremana sortuz joan zen. Saundersek zuzenekoetan laguntzen zion Reedi. Eta Saundersek Ordorikaren etxean amaitu zuen egun batez, Azkaraten, eta Beteluko mamiekin txundituta geratu zen. Geroztik, Euskal Herrian edo Euskal Herritik gertu bazeuden, Jonanekin eta mamiekin hitzordu saihetsezina zuten», zioen Pablo Cabezak. 

Artista amerikarra hil eta urtebetera, ‘Lou Reed, mila esker’ diskoa plazaratu zuen Jonan Ordorikak euskal musikari ugariren laguntzaz: Ruper anaia, Txuma Murugarren, Evaristo, Gorka Urbizu, Gari, Anari... Joanan Ordorika bera 2023eko abuztuan zendu zen, eta, aurtengo martxoan, kanta horiek guztiak zuzenean jo zituzten bere lagunek Arriaga antzokian, bere omenez. 

Lou Reeden errreferentzia anitz aurkitu daitezke mundu osoko musikan, rock and roll musikan aztarna sakonena utzi duten aitzindarietako bat izan zelako. Aurten, esaterako, Mikel Telleriak ‘Oroit Lou Reed’ argitaratu du. Reeden omenezko diskoa ondu du, Reed-en moldeetara egokitutako abestiak sortuta.