GAUR8

PuntuEus eta Izarkom lankidetzan arituko dira, euskarazko digitalizazioa sendotzeko

PuntuEus Fundazioak eta Izarkom Kooperatiba Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute euskarazko eta komunitatean oinarritutako digitalizazioa sendotzeko. Teknologia propioetan eta euskararen presentzia digitalean oinarritutako proiektuak garatu nahi dituzte.

 Irudian, Lorea Arakistain eta Josu Waliño Puntueusen ordezkariak, Izarkomen Garikoitz Garaialderekin.
Irudian, Lorea Arakistain eta Josu Waliño Puntueusen ordezkariak, Izarkomen Garikoitz Garaialderekin. (PUNTUEUS)

PuntuEus Fundazioak eta Izarkom Kooperatiba Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, indarrak batu eta euskarazko eta komunitatean oinarritutako digitalizazioa sendotzeko. Elkarlanak, gainera, teknologia propioetan eta euskararen presentzia digitalean oinarritutako proiektuak garatzeko balioko du, Euskal Herriko telekomunikazio kooperatibako iturriek jakinarazi dutenez.

«PuntuEus Fundazioa .eus domeinuaren kudeaketaz eta sustapenaz arduratzen da eta gizarte digital hobea du helburu, euskaratik kohesionatuz, segurtasuna bermatuz eta inklusioa sustatuz», azaldu dute. Izarkom, berriz, Euskal Herriko Telekomunikazio Gizarte Intereseko Kooperatiba Elkartea da, eta burujabetza teknologikoaren eta autogestioaren alde lan egiten du.

Bi erakundeok ikuspegi partekatua dutela azaldu dute ohar batean, «euskarazko, burujabe eta etikoa den ingurune digitalaren alde egitea». Hori dela eta, nabarmendu dute sinatu duten hitzarmenak «euskal eremu digitalean lankidetza estrategikoa ezartzen» duela «komunitateari balio erantsia eskainiko dioten ekimenak elkarrekin garatzeko».

Hitzarmenaren bidez, PuntuEusek eta Izarkomek hainbat lan ildo garatuko dituztela iragarri dute, «hala nola .eus domeinuaren sustapena, eduki eta komunikazioen garapena, prestakuntza eta sentsibilizazioa jardunaldiak eta etorkizuneko ekimenen azterketa (software librea, datuen segurtasuna edo hodei propioak bezalako proiektu berrien lanketa)».

Izan ere, Lorea Arakistain PuntuEus fundazioko komunikazio arduraduna izango da Izarkomek antolatzen duen hurrengo Izarkom Eskolako gonbidatua. ‘Nortasun digitala eta zibersegurtasuna’ TB-podcast solasaldia azaroaren 26an izango da Bilboko nodoan eta HamaikaTBn ikusi ahal izango da ondoren.