Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Palestinaren alde ezer ez da nahikoa eta dena da beharrezkoa

Gernika-Palestina ekimenaren «Palestinarekin bat, konpromiso bat» egitasmoarekin bat egin dute hainbat eragilek. Aurkezpen ekitaldian, Gazako egoeraren lekukotza latzak entzun ziren, eta «etengabe bortxatzen den» su-etenak «desmobilizatzeko helburua» duela aipatu zen.

Nur Al-Haddad gazatarra, Gernika-Palestina ekimenak Donostiako Miramar jauregian antolaturiko ekitaldian.
Nur Al-Haddad gazatarra, Gernika-Palestina ekimenak Donostiako Miramar jauregian antolaturiko ekitaldian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zenbakiak, genozidio baten erakusgarri, zenbakiak. Genozidioa Palestinan, eta herri askok, Euskal Herria bezalako herri zapaldu askok, jokoan asko dugu. Haiek gabe libre izaterik badugun edo haiekin askatuko ote garen, edo Euskal Herria askatu gabe Palestina askatzerik ba ote dagoen, galderak hor daude; galderak, mailu. Eta erantzunak ez daude eskuragarri.

Zenbakiak: 68.000 hildako, horietatik 20.000 inguru umeak; 170.000 zauritu baino gehiago; 14.000 desagertu (1.200 osasun langile eta 250 kazetari tartean); 81 pertsona hil dituzte kartzeletan urriaren 7az geroztik; UNRWAko 250 langile baino gehiago hilda; ia 2.000.000 desplazatu; lurraldea ia guztiz suntsituta; oinarrizko beharrizanak urratuta. Amorrua, mina… mina eta ezina nonahi.

Nola geratu sarraskia? Genozidioa geratzeko ba al da nahikoa den ezer? Eta beharrezkoa ez den zerbait? Ekintzak eta konpromisoa, konpromisoa eta ekintzak, biak ala biak eskatu ziren iragan larunbatean Donostian. Gernika-Palestina herri ekimenak “Palestinarekin bat, konpromiso bat” manifestuan argi adierazi zuen: «konpromisoa eta ekintzak, Palestina babesteko eta elkartasun aktiboan urratsak egiteko (arlo ekonomikoan eta humanitarioan). Ekintzak eta konpromisoa Palestina babesteko, genozidekin harremanak eteteko, eta, oro har, gure praktiketan kode etikoa barnera dadin. Konpromisoa, nazioarteko legedia errespeta eta aplika dadin eskatzeko. Gernikaren herritik, bakearen aldarria mundura zabal dezagun».

Manifestuarekin bat egin zuten hainbat erakundetako ordezkariek: EH Bildu, Alternatiba, Ahal Dugu, Ezker Anitza, Sumar, Udalbiltza, LAB, Steilas, CCOO, UGT, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua, Amnesty International, Global Sumud Euskal Herria, Gure Esku, Gure Haurrak Ere Badira… Talde horiekin batera, hainbat pertsonak ere adierazi zuten atxikimendua. Hala ere, zenbakiei eta deialdiei indar berezi bat, beste elektrizitate bat gehitu zien Gazatik bertatik ekitaldiraino iritsi zen lekukotzak, Nur Al-Haddad gazatar gaztearena. UNRWA Euskadiko arduradun Barbara Ruizen edo Saif Abukeshek Global Summud Flotillaren Europako Koordinatzailearen hitzek ere izan zuten lekua.

«YELLOW LINE» HILGARRIA

Gazatar batentzat Donostian hitza hartzea pribilegio bat da, baita erantzukizun handia ere. Bere hitzak Gazatik atera ezin dutenen ahotsa direlako, bizirik irautea ardatz 365 kilometro koadroko lur zerrenda batean heriotzari iskin egiteko borrokan ari diren bi milioitik gora pertsonena. Gazako bere lagunena, Gazako bere familiarena, bera bezalako gazatar gazteen eleduna da Nur.

Ustezko su-eten baten erdian, Gaza banatu duen lerro hori batek itxitura are txikiagoan, 180 kilometro koadrokoa orain, harrapatuta daudenen ahotsa da. Albisteek diote dena negoziatu dela eta su-etena etorri dela, Nurrek, baina, kontatzen ez dizkiguten berriak kontatu zituen. Etenik ez duen garbiketa etniko baten berri eman zuen.

Gaza bitan zatitzen duen yellow line delakoaz mintzatu zen, Gazako lurraldearen %52 hartzen duena. Tirokatzen zaituzte gurutzatzen saiatzen bazara, nahiz eta marraren beste aldean zure familiaren etxea egon. Nekazaritza lurrak ere hor daude, eta, oso kutsatuta badaude ere, bizirik irauteko erabiltzen ziren. Eta Israelek ohartarazi du berreraikiko dena eremu horretan berreraikiko dela, ez harago.

Noiz etorri da su-etena? Barbara Ruizen arabera, «Israelen aurkako mundu mailako mobilizazioek emaitza ikusgarriak lortzen hasiak ziren unean». Akordioan ez zaio funtsezkoari oratzen, okupazioari eta blokeoari kasu. Zisjordaniaz txintik ere ez du esaten, ezta autodeterminazio eskubideaz ere. Su-etena sostengatzen duen testu bat badago, orduero bortxatua izaten ari dena, laguntza humanitarioaren sarrerari dagokionez betetzen ari ez dena. Teorian laguntza humanitarioa arazorik gabe sartu behar zen, eta gehixeago sartzen den arren, dena da katastrofikoa. 600 kamioi sartzekoak ziren egunero Gazara: ez dira 100era ere iristen eta gehienak merkatari pribatuen eskuetara doaz, ez laguntza humanitariora. Merkatariok janaria ezinezko prezioetan jartzen dute salgai; are, sarri iraungitze data pasatuta dute elikagaiek. Hori da egun goseak hartzen duen forma.

Barbara Ruiz (UNRWA Euskadiko arduraduna) eta Saif Abukeshek (Global Summud Flotillaren Europako Koordinatzailea), ekitaldiko aurkezlearekin. (Maialen ANDRES / FOKU)

Ez da emakumezkoen higiene intimorako produkturik sartzen, ez dira ordezko piezak sartzen, ezta eraikuntzarako materialik ere. Ez da bakarrik eskubideak ez direla errespetatzen: populazioak ez dauzka bizitzeko baldintza duin gutxienekoak ere. Pittin bat hobeto dago, alegia, sukalde komunitario gehiago daude, irin gehiago, erregai gehiago, baina, gosete batetik etorrita, hori ez da nahikoa, ezta gutxienekoa ere. Egoera dramatikoa delako. Kamioi gehiago sartzen dira, bai, baina egoera hain da katastrofikoa ezin dela sartzen diren kamioi kopuruarekin bakarrik neurtu.

Eta Zisjordaniaz, zer esan? Su-eten akordioak ez du deus aipatzen, baina Zisjordanian biolentzia biderkatu egin da, milaka palestinar hil dituzte. Iparraldean hiru kanpamentu birrindu dituzte, 40.000 palestinar desplazatzera behartu dituzte, bertako azpiegiturak birrinduz errealitate demografikoa aldatzeko. Inoiz ezagutu den oliba-kanpaina latzena izan dute palestinarrek, kolonoen inoiz ez bezalako eraso hilgarriak pairatuz. Urteetan izoztua egon den Jeriko-Jerusalem Ekialdea errepidea eraikitzen hasi dira, Zisjordania bitan zatitzeko, iparraren eta hegoaren arteko banaketa betikotzeko.

HUMANOA DENETIK HARAGO

Gazatarrek badakite israeldarrek hondakinen artean leherkariekin egindako tranpak utzi dituztela, pasabideak minatuta daudela. Uraren kontua ere badago mahai gainean, Euskal Herritik begiratuta zentzugabea irudi lezakeena baina gazatarrentzat oso gai delikatua dena. Ur edangarririk ez dago, garbiketa intimorako itsasoko ura erabiltzen dute, ez dago hoditeriarik, ezta ur fekalak tratatzeko azpiegiturarik ere. Ez dago kanpadendarik, eta daudenak hala moduzko egoeran: hautsita, urez beteta, oihal zatiekin konponduta.

Osasun sistemak kolapsatu egin du, anputazioak jasan dituztenek ezin dute errehabilitaziorik egin, erditzen duten emakumeek ordubete baino lehenago utzi behar dute libre esku-ohea eta ebakuntza-gela. Eta, adibidez, su egin eta berotzeko egurrik ez dagoenez, plastikoa errez berotzen eta kozinatzen dute, horrekin arnasketa arazoak ugarituz eta larriagotuz.

Umeak elikatu ezin dituzten amek, aldamenekoen apurrekin elikatzen dituzte. 600.000 umek hiru ikasturte galdu dituzte dagoeneko, ez dago inongo curriculum proiekturik, irakaskuntzarako sarbidea online soilik egin daiteke, konektatzeko aukera denean...

Eta, hala ere, humanoa denetik harago eraman nahi dituzten arren, Palestina kantatzen duen herria da, musika egiten, edertasuna sortzen saiatzen den herria, bizitzea errebeldia ekintza bezala hartzen duena. Eta, batez ere, bere egoeragatik besteok pena izatea eskatzen ez duen herria da.