Lerratuko al zarete?
Elur malutak itsatsi zaizkie zuhaitzetako adarrei. Mendi gainetan ez da harkaitzik ageri. Elurra kentzeko makinek tontor zuriak pilatu dituzte bide ertzean. Norbaitek lorratzak utzi ditu oraindik ukitu gabeko manta zurian. Elurrak hain bere duen soinua atera du, estreinakoz zapaltzean. Pozik hartu dut udazkeneko lehen elurtea. Mendian nekatu arte ibili, sumindutako eskuak sutondoan epeldu, eta leihotik begira egin nion ongietorria gaur zortzi. Etxean, goxo eta seguru.
Urtarrilak 3, 84 urte. Otsailak 5, 74 urte. Apirilak 25, 35 urte. Maiatzak 30, 13 urte. Uztailak 29, 78 urte. Urriak 15, 53 urte. Ez, ez dira hurbilekoen urtebetetze egunak agendan markatuta. Alicia, Mirentxu, Miriam, Jasmine, Mercedes, Yoanna. Ez, ez da Seaskako egutegiko izen zerrenda. Indarkeria matxistaren ondorioz 2025ean hil dituzten pertsonak dira, Euskal Herrian bizi zirenak, edo bizi proiektua bertan zutenak. Semeak, bikotekideak, aitak. Etxe guztietan ez gaude goxo eta seguru.
Munduan 50.000 emakume hil zituzten beren bikotekide edo senideek iaz, NBEren arabera; 10 minutuero bat. Indarkeria matxistagatik 7.600 salaketatik gora izan dira aurten Hego Euskal Herrian; egunean hogei baino gehiago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 16-85 urte arteko andreen %57k sexu-jazarpenen bat jasan du; bitik batek. NBEk dioenez, emakumeen %38k pairatu du bortizkeria digitala munduan. Gazteen Euskal Behatokiak dio EAEko bost emakumetik batek jasaten duela sareetako sexu-jazarpena. Zenbaki horiei gorputz disidenteek pairatutakoak gehitu behar zaizkie. Eta zer esanik ez zenbaki ofizialetan jaso gabeko guztiak. Elur bola handitzen doa. Hotz egiten du hor kanpoan -baita hemen barruan ere-.
Zenbaki eta titular ugari jaso ditugu egunotan. Berri asko, eta berririk ez. 2025ean ere argi ikusi dugu indarkeria matxistak egiturazkoa izaten jarraitzen duela; eragiten eta eusten dutela; zapaltzen gaitu(zt)ela. Aspaldi da feministok indarkeria matxista salatzen dugula, agerikoa zein ezkutukoa. Aspaldi da haren kontra ekin genuela; horretan jarraitzen dugu. Ordea, eskuin muturra eta jarrera erreakzionarioak boladan dauden garaiotan, feminismoaren aurkako diskurtsoak eta praktikak ere agerikoak bihurtu dira, baita feminismoz mozorrotu nahi dituzten arrazakeria eta transfobia ere.
Antifeminismoa kalean dabil, sarean, kuadrillan, etxean. Zigorgabetasunez eta lotsagabeki ibili ere. Eta horri eusten diote, besteak beste, gizonen arteko anaidiek, erakundeetako axolagabekeriak, egungo justizia ereduak, eta komunikabide hainbaten diskurtsoek. Elkarrekin jositako aliantzak eusten dio izozmendiari. EHko Mugimendu Feministak adierazi bezala, paktu patriarkalak. Eta guztiak daude etxe horretan epel eta goxo.
Gaur zortzi iritsitako lehen elurteko manta zuria bi egunetan joan bada ere, indarkeria matxista estaltzen duen zurikeriak bere horretan dirau. Bide ertzean pilatutako erasoen tontorrak ez dira desegin. Feministon bizkar utzitako neke eta sumindurak ez ditu etxeko sutondoak arintzen. Antifeminismoaren soinuak zapaltzen jarraitzen du, eta ez estreinakoz. Elurra joan da, eta lehengo paisaia bera dugu begi bistan. Ez dago epel eta goxo geratzerik. Lerratzeko garaia da. Feministok aspaldi irekitako lorratzetatik segituko dugu. Eta zu, paktu patriarkala apurtzeko prest al zaude? •

«Oraindik ikasten ari naiz, amonari baratzean laguntzen zion ume mukitsu hori naiz»

Miren Garbiñe de Diego, fotokazetaritzak badu etorkizuna

Elay Taldeak Mexikon 25 urte bete ditu, bere txikian irakaspen handiak utzita

