
Tabakalerako zuzendari nagusi Edurne Ormazabalek eta EITB Mediako Irrati eta Audio zuzendari Maite Goñik Audiogile Berrien hirugarren deialdia iragarri dute. Deialdiak euskarazko soinu fikzioa sustatzea du helburu.
Ormazabalek eta Goñik, gainera, EITBren Guau audio plataforman gaurtik aurrera entzungai izango den soinu serie berria aurkeztu dute. Audiogile Berriak egitasmoaren bigarren edizoan irabazlea izan zen Xabin Fernandez Zubeldiaren ‘Zure ilunetan’ proiektua da.
‘Zure ilunetan’ bost ataletan banatuta dago, ULU Mediak ekoitzi du EITB Mediarentzat eta Oier Arantzabalek zuzendu du. Itziar Atienza, Joseba Apaolaza, Anartz Zuazua eta Xabin Fernandez aktoreek parte hartu dute. Aktoreak Anartz Zuazuak zuzendu ditu, irudia Alain Urrutiak sortu du, eta soinuaren diseinua Oier Arantzabalek egin du.
Ormazabalek eta Goñik azaldu dutenez, «igogailu batean harrapatuta geratzeak sortzen duen tentsio guztia islatu nahi du» soinu-fikzioko lanak. Gainera, «izaki misteriotsu batzuen testigantzak dena hankaz gora jarriko du».
Halaber, astelehen honetatik aurrera, Audiogile Berrien hirugarren edizioan parte hartzeko epea irekiko da. Aurreko edizioetan bezala, aurkezten diren lan guztien artean, fikziozko audio-gidoiko hiru proiektu onenak garatuko dira (bideragarritasunari eta kalitateari dagokienez) gidoi bihurtu arte.
Hiru proiektu finalisten egileek lanerako lekua Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian hiru hilabetez. Gainera, 2.000 euroko dirulaguntza jasoko dute Donostiako kultura garaikideko zentrotik proiektuak garatzeko, eta bi prestakuntza-egonaldi eta gidoigintzakoak egingo dituzte Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria, Isabel Cadenas eta Oier Aranzabal profesionalek lagunduta.
Proiektuak aurkezteko epea urtarrilaren 12ra arte egongo da zabalik. Hiru lan horietako bat EITBk ekoitzi eta zabalduko du, eta maiatzaren amaieran jakinaraziko du epaimahaiak zein aukeratu duen. Aukeratutako proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izango du ekoizpenerako.

«Oraindik ikasten ari naiz, amonari baratzean laguntzen zion ume mukitsu hori naiz»

Miren Garbiñe de Diego, fotokazetaritzak badu etorkizuna

Elay Taldeak Mexikon 25 urte bete ditu, bere txikian irakaspen handiak utzita
