GAUR8

Carmelo Cedrun Athleticeko atezain ohi handiak 95 urte beteko ditu gaur

Oso ezaguna izan zen Carmelo Cedrun joan den mendeko bigarren erdian. Oraindik, athleticzale eta oro har euskal futbolzale ugariren gogoan jarraitzen du, urte asko igarota. Izan ere, gaur 95 beteko ditu.

Carmelo Cedrun, Gorka Iraizozi egin zioten omenaldian.
Carmelo Cedrun, Gorka Iraizozi egin zioten omenaldian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Laurogeita hamabost urte dira Athleticeko atezainik handienetako bat jaio zela. Hala baita, zalantzarik gabe, Carmelo Cedrun Otxandategi, eta jakinekoa da ez dela erraza euskal futboleko atezainen artean nabarmentzea. Jatorriz Sedrun, soldadutza etxetik gertu egin zezan Athleticek deituraren lehen letra aldatu ostean Cedrun, oso ezaguna da gaur egun ere bere kirol ibilbide emankorragatik. 

Carmelo Cedrun Zornotzako Oromiño auzoan jaio zen 1930ko abenduaren 6an, berez Etxanoko lurretan baina elizaz Iurretari dagokion inguru batean; hain zuzen ere, Iurretan egin ohi zuen bizimodua. Amorebieta futbol taldetik Athleticera igaro zen 1950-1951 denboraldian. Talde horretako atezain titularra izan zen 15 urtez, beste handi bati txanda pasatu zion arte: Jose Angel Iribarri. Liga bat eta lau errege kopa irabazi eta guztira 334 partidu jokatu zituen.  

Athleticetik Espanyol futbol-taldera joan zen, eta lau urteren buruan Estatu Batuetako Baltimore Bays taldera joan zen urtebeterako. Futbol profesionaletik erretiratu eta gero, hainbat talde entrenatzeari ekin zion, hala nola Barakaldo, Logroñes 1972an eta Cultural Leonesa 1974-75 denboraldian. Talde horietan ez zuen emaitza onik lortu, baina 1975-76 denboraldian Vigoko Celta Lehen Mailara igo zuen.

Lehia garrantzitsu askotan bere amak egindako artilezko eskularruak janzten ei zituen. Bi semeren aita da Cedrun; horietako bat, Andoni, sobera ezaguna, aita bezala atezain bikaina izan baita; beraz, futbolaren mundutik gertu jarraitzeko aitzakiarik izan du, bereziki bere betiko taldetik.

2017ko maiatzean Gorka Iraizoz atezain nafarrari egindako omenaldian parte hartu zuen Jose Angel Iribarrekin; han, bere babesa adierazi zien taldeko atezainei. 2019ko apirilaren 10an, berriz, bera izan zen omendua, 1958ko ekainaren 28an Athleticek Real Madriden aurka Kopa irabazi zuen “hamaika baserritarren” ekipo hartatik bizirik geratzen ziren beste lau jokalari ohiekin batera.