GAUR8

Interes borrokaren erdian, Ukraina hasi da onartzen lurraldeak galdu beharko dituela

Badirudi Ukraina hasi dela onartzen lurraldeak galdu beharko dituela, baina Errusiaren aldarrikapenak mendebaldeko bazkideen laguntzaz apalduko dituztela espero du Zelenskyren gobernuak. Europar Batasunak 800.000 soldaduz osatutako nazioarteko bake misio bat proposatu du.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea eta Steve Witkoff AEBko bidali bereziak gidatutako negoziatzaile estatubatuarrak Berlinen birritan bildu dira azken orduetan. Publikoki harreman onak irudikatzen jarraitu badute ere, hainbat iturrik nabarmendu dute atsekabea nagusitzen ari dela ukrainarren artean, AEBk bere exijentzietako batean ez baitu atzera egiten. Izan ere, Washingtonek jarraitzen du esaten gerrari amaiera emateko, Ukrainak Donbas osoari uko egin beharko diola, Errusiaren aldarrikapen nagusietako bat eta Kieven marra gorria orain artean.

Edozein kasutan, negoziazio honetan irizpide geopolitiko errealistak ari dira gailentzen. Donbas deituriko eremua bi eskualdek osatzenn dute. Lugansk eta Donetsk. Lehena erabat okupatuta dute Errusiako tropek. Ukrainak soilik Donetskeko azaleraren %20ari eusten dio, baina oraindik bere kontrolpean ditu Sloviansk eta Kramatorsk hiri estrategikoak. Era berean, Errusiak Zaporizhia eta Jerson eskualdeetako zati esanguratsuak militarki okupatuta ditu, eta horietan gutxienez euren esku dagoena mantendu nahi dute.

Prentsaren aurrean egindako adierazpenetan ordea, Zelenskyk esan du aurrera pauso garrantzitsuak adostu dituztela AEBko bitartekariekin batera. Donald Trumpek, bere aldetik, azaldu du Errusia kontzesio garrantzitsuak egiteko prest dagoela, eta gerra amaitzetik inoiz baino gertuago daudela, presioa berriz ere ukrainar aldean jarriz.

Negoziazioak ezagutzen dituzten iturriek zabaldu dutenaren arabera, AEBren asmoa «gune ekonomiko aske» edo «desmilitarizatu» bat sortzea litzateke. Gainera, Errusiako Armada Sumy, Jarkov eta Dnipropetrovsk eskualdeetan okupatzen dituen eremuetatik erretiratuko litzateke, baina ez besteetatik. Dirudienez, AEBk eman beharreko segurtasun bermeak, Ukrainak neurri hauek onartzearen araberakoak izango dira.

Eta mahai negoziatzailean gero eta alboratuago dagoen EBk, bere lekua aldarrikatzen jarraitzen du. Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek berretsi du urrats positiboak ematen ari direla, eta Ukrainara 800.000 soldaduz osatutako nazioarteko bake operatiboa bidaltzea proposatu du. Gaur gaurkoz, Errusiak erabat baztertzen du aukera hori.