2028ko Erregimena eta martxoaren 17a
Odol usaina berriz espainiar eskuinaren sudur-zuloetan barrena, 1995ean baino sakonago arnastuta. Duela hiru hamarkada, ustelkeria eta estatu terrorismoa izan ziren Moncloara heltzeko tresna: agintea lortu ostean laster lurperatuko zuten lehena eta, zer esanik ez, bigarrena. Orain, ustelkeria -berriz- eta matxismoa dira erasorako munizioa. Zaharrak berri. Hori bai, aro gupidagabe honek agintzen duen lez, gordinago dena, krudelago: «Vayase señor Gonzalez» hark umeentzako ipuina dirudi, lelo guztiz inozoa, egun Sanchezen aurka erabiltzen diren irainekin eta mehatxuekin alderaturik.
Aznarrek jo zuen txilibitua eta Gorenak marraztu du joko-zelai berria, fiskal nagusiaren kontrako epaiaren bidez. Kasu larrienean hiru ilegaltasun/irregulartasun ziren auzibidean: zerga iruzurra, buloa eta filtrazioa. Azkena, arinena, baino ez dute delitutzat jo, Estatuko akusatzaile nagusiak ustez egindakoa. Aznarren Gobernuko eledun ohia eta Ayusoren bikotekidea, onik ez ezik, garaile.
Fasea agortu dela antzematen da, espero gabeko lurrikara gertatu ezean. Iraulia kiratsa darion Botere Judizialak gauzatuko du oraingoan ere, espainiar erara. Damurik gabe, errukirik gabe, lotsarik gabe. Bi irudi adierazgarritan aurreikusten dut. Lehena, Juan Carlos Borboiko Madrilera bueltan, memoria-liburua besapean. Bigarrena, Pedro Sanchez atzerrirako bidea hartuta beharbada, mendeku goseari ihesi (agerikoak dira mehatxuak Vox-ekoen ahotik). Marka litzateke: Puigdemont eta Sanchez, biak beren herrietatik kanpo inolako deliturik egin gabe, eta borboia, berriz, etxean bueltan. Venezuela aipatuko dute gero Madrilen… «Erromak ez die traidoreei ordaintzen» entzun daiteke airean, alea jacta est erabaki dutenen ahotik.
Zazpi urte egin ditu Sanchezek boterean, alferrik. Beste zazpi egin zituen Zapaterok, ezinean. 2004tik 2011ra bitarte, eta 2018tik 2025era, 1978ko Erregimenari aurre egiteko adorea, edo gogoa, edo biak batera, falta izan zaizkie. Aukera landuagoa zuen Sanchezek, lur emankorragoa. Lehorreratzea basatiagoa sumatzen da orain, 1996koa eta 2011koa baino mikatzagoa. 2028rako, “urrezko ezteietarako”, Erregimen eraberritua eraiki nahiko dute akaso eskuinetik, munduan loditzen joan diren zutabe atzerakoi eta autoritaristak oinarri. «España tiene una mala salud de hierro», esango digute beste behin ere, agian. 50 urte laster: Erregimen honek Frankismoak baino bide luzeagoa egin du dagoeneko, gezurra dirudien arren.
Tunel beltz hura gainditu zuen Euskal Herriak, bizirik aterata, eta fase berri honetan ere argiak pizturik izan ditu; argiago eta apalago unearen arabera, baina “on” egoeran beti. Ardura handiz zeharkatu du bidearen azken zatia, demokratizazio aukera baten bila, zegokion moduan. Espainiatik bertatik ikusi eta ikasi egin dute. Beren lurra ureztatzen jarraitu beharko dute.
Konfiantzarako eta lasaitasunerako arrazoiak eman beharko lituzke honek. Estrategian ere asmatu beharko da, jakina, hasteko indarrak Euskal Herrian bilduz eta birzentratuz. Sindikatuek martxoaren 17rako deitutako greba orokorra, nahita edo nahi gabe, bide egokia markatzera dator. Hemen erabaki eta gizarte justu baterantz aurrera egitea baita ortzi-muga, han eta atzera begira nahi gaituztenen kontra. •

«Arlo ekologikoan gauza batzuk oso azkar, anbizioz eta eskala handian egin behar dira»

«Bost bat minutu egin nituen buruz behera, itsasoko ura tragatzen, badakit zer den hiltzea»

«Beste modu batera sartu naiz finalera, txapelaren ametsak ez du ezinezkoa ematen»

«Nire erabakia ez da gai pisutsuei ez kantatzea, baizik eta drama handiak saihestea»

