
Mintzapraktika egitasmoetan izena emateko epea abian da urte berriarekin batera, eta taldeetan batzeko edota talde berriak sortzeko aukera zabaldu da Euskal Herriko txoko ezberdinetan. 2025-2026ko ikasturtean herri berrietan jarri da martxan aurrez aurre zein sarean. Egitasmoak 8.000 euskaltzale inguru mugitzen ditu.
Taupa euskaltzaleen mugimendutik jakinarazi dutenez, Mintzapraktika talde askorentzat, opor bueltan berriz elkartzeko momentua da urtarrila, eta beste askorentzat, aldiz, urtarrila da egitasmoan bete betean murgiltzeko garaia.
Mintzapraktikaren funtzionamendua oso sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat haiekin astean ordu betez euskaraz aritzeko prest dagoen pertsona batekin elkartzen da, euskaraz aritzeko guneak eskaintzea baita mintzapraktika egitasmoen helburua.
Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da baina, geroz eta gehiago, parte hartzaileen nahi eta beharretara moldatzen diren taldeak sortzen ari dira, egitasmoaren malgutasunaren erakusle.
Batzuetan, kafetegi batean kafe baten bueltan egiten dute mintzapraktika, baina azken urteetan zehar batez ere, ikusi da beste zaletasun batzuekin erabat bateragarria dela.
«Euskara praktikatzeko ez dugu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osagarrirekin lagundu dezakegu: yogako esterila, kakorratzak, mendiko botak, boxeoko eskularruak, bizikletak, mahai jolasak. Mintzapraktikak eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira, euskaraz bizi nahi duen pertsona orori horretarako tartea eta aukera eskainiz, bere beharrizan, egoera eta interesetara egokituz», azaldu dute.
Mintzapraktika egitasmoa Euskal Herriko herri askotan dago martxan, baina badira ikasturte honetan zerrenda luze horretara batu direnik ere, «bere kaleetan euskararen erabilerak behera egin duela sumatu dutelako, horren beharra duten herritarrei euskaraz aritzeko guneak eskaini nahi dizkietelako edota euskararen aldeko ekimenak bultzatu nahi dituztelako».
Mintzapraktikaren inguruko informazio osoa web orrian dago eskuragarri, izen-ematea, non dagoen martxan edota nork kudeatzen duen bezalako informazioa eskainiz.
Euskara, lehen lerrora
Taupa mugimendutik gogoratu dutenez 2025eko abenduaren 27an milaka euskaltzale elkartu ziren Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako Pizkundea ekitaldian, eta, bertan aldarrikatu zen bezala, toki guztietan antolatzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko eta euskara eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko garaia da.
Horrela, Kontseiluak aurkeztutako euskaltzaleon gidan iradokitzen diren hainbat proposameni erantzuten die Mintzapraktikak: euskaldunei euskaraz bizitzeko aukera ematen die, zailtasun gehiagorekin aritzen direnei eroso sentitzen lagunduz eta ez dakitenei euskara gerturatzeko testuingurua sortuz; euskararen jabe ez direnei, berriz, euskarara hurbiltzeko uneak eta guneak eskaintzen dizkie.
«Pizkundea posible egingo duten txinparta guztiak dira beharrezkoak. Zure hautua, zure ekarpena, zure txinparta Mintzapraktikan izena ematea bada, mintzapraktika webgunean edota zure herriko euskara elkartean edo euskaltegian aurkituko duzu informazio guztia», adierazi dute Taupatik.
