Gaur 8

45 urte bete dira ETAk Ryan, Lemoizko ingeniaria, bahitu zuenetik

1981eko urtarrilaren 29an, gaur 45 urte, ETA militarrak Jose Maria Ryan, Lemoizko zentral nuklearreko ingeniari burua, bahitu zuen. Basordasko kalan eraikitako zentrala astebeteko epean eraistea eskatzen zuen, bere askatasunaren trukean. Egun batzuk geroago hilda agertu zen, buruan tiroa emanda.

Urtarrilaren 7ko ‘Egin’-eko azala.
Urtarrilaren 7ko ‘Egin’-eko azala. (NAIZ)

Gaur 45 urte dei bat jaso zen ‘Egin’ egunkarian: José María Ryan Estrada (Bilbo, 1943 - 1981eko otsailaren 6a), Lemoizko zentral nuklearreko ingeniari burua, bahitu zuela zioen. Deia ETA militarraren izenean egin zen. Hurrengo egunean, komunikatu bat jaso zen Lemoizko zentral nuklearra egiteko obrak bertan behera utz zitezen, bestela Ryan hilko zutela mehatxatuz. «Hori egitean, aske geldituko da», ohartarazpena. 

Otsailaren 6an agertu zen Ryanen gorpua Zaratamo eta Arkotxa arteko paraje batean. ETAk komunikatu bat zabaldu zuen bere heriotzaren berri emanez eta hauxe iragarriz: «Lemoizko zentralarekin lotuta dauden Iberdueroko goi-mailako talde eta agintari arduradun guztiei eragiten dien jarduera-fronte berri bat» zabaldu zuela. 

Bahiketa eta heriotza hura inflexio puntua izan zen Lemoizko zentral nuklearraren etorkizunean. Euskal gizartearen mobilizazioak eta ETAren ekintza armatuek hankaz gora jarri zituzten Iberdueroren planak. Langile eta arduradunen egoera asko larritu zen Lemoizko zentraleko lanetan. Soldatak bikoiztu eta segurtasun neurriak biderkatu arren, lanak egiten jarraitzeko zailtasun operatibo handiak izan zituzten, eta 1984an obrak bertan behera gelditu ziren.

José María Ryan Estrada Bilbon jaioa zen, nahiz eta aitaren aldetik irlandar jatorrikoa izan. Energia nuklearraren ikasketak Estatu Batuetan eginak zituen. Adin txikiko bost seme zituen.