Isidro Esnaola
Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía

Zilarraren sukarra

Urtarrilaren 30etik aurrera, urrearen merkatua, eta batez ere zilarrarena, gorabehera betean murgilduta daude. Bien prezioak hazi eta hazi ari ziren azken urtean. Igoera estratosferiko horiek, batez ere, kapital-funts espekulatiboen sarrera masiboarekin zuten zerikusia; batzuek metalak zuzenean erosi dituzte, eta, beste batzuek, future market edo geroko merkatuen alde egin dute apustu. Espekulazioaren dimentsioaz jabetzeko, hona hemen datu bat: World Gold Council erakundearen arabera, urrearekin lotutako inbertsioen eskaria %84 igo zen 2025ean. Eta hori bi eskatzaile nagusien erosketak jaitsi ziren urtean gertatu zen: %21 banku zentralen kasuan eta %19 bitxigintzaren kasuan. Horrek esan nahi du kapital-funtsak neurririk gabe ari direla dirua sartzen; hainbeste diru sartu dute, ezen ohiko erosleak erretiratu egin diren.

Zilarraren prezioa are gehiago igo zen 2025ean, %150 inguru. Zilar eskaria, gainera, metala erosteko zen, batez ere AEBko Gobernuak mineral estrategikoa zela adierazi ostean. Erosketa-aginduak gauzatzen eta zilarra merkatutik ateratzen ari da: otsail hasieran 517 milioi ontzako kontratuak zeuden merkatuan, baina 120 milioi ontza fisiko baino ez. Aste honetan kontratuak 366 milioira murriztu dira. Ematen du metal preziatua erosi nahi dutenak hurrengo hilabeteetara atzeratzen ari direla erosketa aginduak.

Ez dago argi zerk eragin duen uneotan merkatua erortzea. Gaizki pentsatzen dutenek -edo ondo informatuta daudenek- diotenez, banku handi batzuek apustu handia egin zuten prezioa jaistearen alde (JP Morganek, adibidez), eta hori gertatu ezean, galera izugarriei aurre egin beharrean ziren. Beste batzuen arabera, txinparta Kevin Warshi AEBko Erreserba Federaleko presidente izateko Donald Trumpek egindako proposamena izan da. Azkenaldian, Warshek interes tasak jaistea defendatu du, Trumpek nahi bezala, eta, aldi berean, Erreserba Federalaren balantzea murriztea ere babestu du, hau da, zirkulazioan dagoen dirua gutxitzea, tasa baxuek eragin dezaketen inflazioaren gorakada saihesteko. 2008ko krisiaren aurretik Erreserba Federalaren balantzea bilioi bat dolarrekoa baino txikiagoa zen, eta, egun, 6,5 bilioi dolarretik gorakoa da. Eta, egiari zor, sekulako diru-kopuru horrek elikatu ditu burtsetako igoerak, bai eta era guztietako merkatuetan nagusi den espekulazioa ere. Horregatik, zirkulazioan dagoen dirua murrizteko aukerak alarmak piztu zituen espekulatzaileen artean, saltzen hasi ziren, eta, normalean gertatzen den bezala, erorikoa berrelikatu egin da, izugarrizko jauzia eraginez.

Gertakari espekulatibo horrek bi mugimendu bultzatu ditu. Batetik, Hego Koreak eta Kanadak elkar ulertzeko memorandum bat sinatu dute, autoak baina baita mineral kritikoak ere jasotzen dituena. Dirudienez, merkatua nola dagoen ikusita, Koreako txipen fabrikatzaileek zilar hornidura ziurtatu nahi dute meatze-konpainiekin zuzenean epe luzeko tratuak sinatuz. Bestetik, mineral kritikoak kudeatzeko bloke bat sortzeko asmoa iragarri du AEBko Administrazioak. Bloke horrek, besteak beste, gutxieneko prezio bat ezarriko luke enpresen errentagarritasuna bermatzeko, Txinako ekoizpen merkeak nagusi diren merkatutik kanpo. Bi mugimenduek merkatutik urruntzeko joera adierazten dute, batzuek epe luzeko kontratuekin eta beste batzuek prezioak administratiboki finkatuta (bizitzaren ironiak, Sobietar Batasunean bezala). Testuinguru horretan, espekulatzaileek gustuko duten geroko paperezko merkatu batzuek ez dute etorkizun handirik. •