Gaur8

GALek Christophe Matxikote eta Catherine Brion tiroz hil zituen duela 40 urte

Gaur 40 urte GALek bi herritar hil zituen tiroz Bidarrain. 60 urteko Christophe Matxikote baserritar itsasuarra zen bat eta 16 urteko Catherine Brion paristarra bestea. Miguel Brescia izeneko mertzenarioa atxilotu zuten handik bederatzi urtera eta hark GALen ‘akats’ bat izan zela esan zuen.

Monbat tabernaren aurkako atentatuaren inguruan iaz Donostian egin zen erakusketa.
Monbat tabernaren aurkako atentatuaren inguruan iaz Donostian egin zen erakusketa. (Gorka RUBIO | FOKU)

1986ko otsailaren 17ko gauean, etxerako bidean eta ardiak gobernatu ostean, Christophe Matxikotek, Itsasun bizi zen 60 urteko baserritarra, Catherine Brion neska paristarra jaso zuen autoan. Matxikoten lur eremu batean bizi ziren Catherine Brion eta gurasoak, karabana batean. 21.30ak aldera, Baigorri eta Bidarrai arteko errepidean, bi gizonek autoa metrailatu zuten. 

Lekukoen arabera, erasoa egin zutenak bi gizon ziren eta Donostiako matrikula zuen auto zuri batean ihes egin zuten, hilketa gauzatu ostean. «Ibilgailua martxan zegoela tirokatu zituzten eta bala-talka ugari jaso zituen autoak –idatzi zuen ‘Diario vasco’ egunkariak hurrengo egunean–. Horien ondorioz, Christophe Machicotte berehala hil zen eta Catherine Brion gaztea larri zauritu zuten. Baionako ospitalera eraman eta bertan hil zen neskatoa. Antza denez, erasotzaileak biktimen autoaren zain zeuden, Baigorri eta Bidarrai arteko bidean, eta toki desberdinetik egin zieten tiro, autotik oso gertu. Bi hiltzaileak autora hurbildu eta bidaiariak metrailatu zituzten. Erasoa Bidarraiko erdigunetik at, kanpoaldeko eremu batean,  gertatu zen».

68 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten Miguel Brescia kamioilari eta mertzenario espainiarrari, GALek agindutako bi heriotza hauegatik. ‘Akats’ bat izan zela esan zuen berak. Epaiketan Roldan eta Urralbururen izenak atera ziren. 

Canal+-ek 2012an eman zuen dokumental baten arabera, atentatu honen ostean Charles Pasquak, orduko Barne ministroak, GALen atentatuak geldiarazi zituen. Horren ordez, Felipe Gonzalezen Gobernuari euskal errefuxiatuen kanporaketak eskaini zizkion. 

Christophe Matxikote eta Catherine Brion gerra zikinak Euskal Herrian eragindako 83 hildakoetako bi izan ziren.