GAUR8

Rosendo Mercado rockeroaren 72. urtebetetzea da

1954ko otsailaren 23an jaio zen Carabanchalen Rosendo Mercado Ruiz. 72 bete ditu gaur, beraz. 2018an oholtzak utzi zituen arren, Leño taldearekin lehengo eta gero bakarkako ibilbidean idatzi zituen kanta anitz belaunaldi askoren soinu-banda bihurtu dira.

Rosendo 2012an Donostian eman zuen kontzertuan.
Rosendo 2012an Donostian eman zuen kontzertuan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Carabanchelen hazi zen, eta gaur egun ere bertan bizi da Rosendo Mercado, ibilbide luze eta emankorreko musikaria. Rosendo musikari bat baino askoz gehiago da; ikono kultural bat da, Estatuko rockaren ahots menderakaitza eta belaunaldi baten kontzientzia kritikoa baita.

Ingeniaritza eskolan ikasketak utzi eta, 1972an, Ñu taldea sortuko zuten. Garai hartan Rosendok Rory Gallagherren musika deskubritu zuen, berarengan eragin handienetakoa bihurtuko zena, beste hainbat talderekin batera: Jethro Tull, Canned Heat, Cream, Deep Purple eta Black Sabbath.

1975ean soldadutza egin ondoren, Ñuren lehen diskoaren grabaketan parte hartu zuen, baina abeslariarekin konpontzen ez zenez, taldea utzi eta Leño sortu zuen Chiqui Mariscal (baxua) eta Ramiro Penasekin (bateria jotzailea). 

Hiru urteren buruan egin zuten debuta Asfalto taldearen telonero gisa. Leñoren lehen disko luzea 1979an iritsi zen, Teddy Bautistak ekoitzia. Taldearen izena izenburutzat hartuta, ospetsuak egin ziren kantak zituen –‘El tren’ eta ‘Este Madrid’, esaterako– eta, hortik aurrera, ‘Más madera’,  ‘En directo’ etorriko ziren. Azken honetan ‘Maneras de vivir’ zegoen eta Luz Casalek egin zizkien koroak. 

Leñoren azken disko ofiziala, ‘¡Corre, corre!’, Londresen grabatu zuten eta 1983an, Miguel Riosek antolatutako bira ospetsuan parte hartu ondoren –‘Rock de una noche de verano’ deitu zen eta Bilbora ere iritsi zen–, bere unerik arrakastatsuenean zeudenean, taldeak banantzea erabaki zuen.

Hortik aurrera bakarkako ibilbideari ekin zion. 1985ean ‘Loco por incordiar’ atera zuen. 2008an, Barricada eta Aurora Beltranekin (Tahúres Zurdos taldeko abeslari ohia) batera bira luze bati ekin zion: ‘Otra noche sin dormir’ izena jarri zioten. Apirilaren 4an abiatu zen Donostiako Anoeta belodromoan eta irailaren 26an Madrilgo Las Ventas zezen plazan amaitu.

2018ko martxoaren 5ean iragarri zuen eszenatokietatik erretiratuko zela, baina noizean behin itzuli egin da, esaterako 2022an Barricadaren ‘No hay tregua’ abestiaren bertsio akustikoa egiteko. Kantu hori 2021ean zendu zen Boni lagunaren omenez grabatu zuen.