Gaur 8

Duela hamar urte hil zen Rafa Iriondo, Athleticeko jokalari ohia eta euskal futbolaren mitoa

Hamar urte bete dira Rafa Iriondo, 13 denboraldiz Athleticeko jokalari eta talde zuri-gorriko eta Realeko entrenatzaile izandakoa zendu zenetik. 97 urte zituen eta aurrealde gogoratuenetako baten eskuin muturra zen; Venancio, Zarra, Panizo eta Gainzarekin batera osatzen zuena.

2011an egin zioten omenaldian.
2011an egin zioten omenaldian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

2016ko otsailaren 24an zendu zen Rafa Iriondo. GARAk argitaratu zuen heriotza-oharrean, hauxe irakur zitekeen: «Rafa zen San Mameseko lehoien ‘bigarren aurrealde mitikotik’ geratzen zitzaigun azken taldekidea. Venancio, Zarra, Panizo eta Gainza. Baina Iriondo ez da soilik Athleticen ondarea, ezta entrenatu zuen Betisena, Alavesena, Espanyolena edo Zaragozarena, ezta jokatu eta gidatu zuen Realarena ere; Iriondo futbolaren, zuri-gorriaren eta gainerakoen ondarea da».

1918ko urriaren 24an Gernikan jaio zen Rafa Iriondo. Athleticera iritsi aurretik Gernikan, Bilbao Athleticen eta Atletico Tetuanen jokatu zuen. 22 urte zituela debutatu zuen Athleticen eta guztira 326 partida jokatu zituen talde zuri-gorrian egon zen 13 denboraldietan, eta 117 gol sartu zituen.

Athleticen partida gehien jokatu dituen hogeita hamabosgarren futbolaria da, eta hamabosgarren golegile nagusia.

Talde zuri-gorria utzi ondoren, beste bi denboralditan jarraitu zuen jardunean, 1955era arte, Barakaldon eta Errealean.

Entrenatzaile gisa, Iriondok bi denboraldi alternotan zuzendu zuen Athletic (1968-1969 eta 1975-1976), eta bi denboraldi jarraitutan Reala (1972 eta 1974) eta Betis (1976 eta 1978).