Behar beste iraungo du Iranen kontrako erasoaldiak. Halaxe esan du Donald Trumpek: bost bat aste iraungo duela eta eurak direla munduko armadarik indartsuena.
Beharrezkoa balitz, euren tropak Iranen sartuko direla esan du eta ofentsibarik handiena etortzeke dagoela. Duela gutxi Iraken edo Afganistanen gertatu zitzaiena ekidin behar dutela bai ala bai esan zuen, baina kontraesanak erabatekoak dira Trumpen ahotan, egun batean gauza bat esaten du eta hurrengoan bestea.
Iranen ez dagoela AEBtako soldadurik, baina urrun joan behar bada joango direla esan du Pete Hegseth defentsa idazkariak. Momentuz publiko egin diren heriotza ofizialak gutxi dira. Kuwaiteko euren basean sei militar estatubatuar hil zirela soilik onartu dute, baina Trumpek datozen egunetan gehiago izango direla ziurtatu du.
Hain zuzen, Genovan Iran eta AEBren arteko negoziaketa mahaia zegoen deituta, programa nuklearraren inguruan hitz egiteko. Teheranek AEBren eskari asko onartu ditu bide honetan, uranio aberastua gordetzeari uko egingo zion, besteak beste. Momentu horretan Washingtonen aitzakiak mutu geratu ziren, eta horixe aprobetxatu dute Israelek eta AEBk erasotzeko.
Vladimir Putinek berak horixe salatu du, Iranekin negoziaketa mahaian egon, bat batean alde egin eta erasoak egin dituela. Normala da, Putinentzat, horri erantzutea.
