Nerea Sancho Esnaola
Sexologian eta bikote harremanetan espezializatutako psikoterapeuta

Aterki beltzetik loretsura, zein da zure kriptonita?

Rosetta Frog.
Rosetta Frog. (SENSATHLON 2026)

Lan jardunean askotariko gauzak ikasten ditut nik. Gaur bertan jakin berri dut herri batzuetan etxeko leihotik alfonbrako hauts zikina astintzeko ordutegia dagoela, 08.00etatik 11.00etara, zehazki. Auziak erregulazioa beharra zuela dirudi ba. Ez nau hainbeste harritu gure auzoan ikusitakoa eta gero. Etxeko altzari zaharrak eskaileratik jaistea lan gehiegi izanda, ezagutzen ez nuen teknika bat behatzeko aukera izan dugu bizilagunok. Horra.

Lehenik leihotik behera koltxoi zahar handi bat botatzen duzu...

...eta ondoren aulki, mahai eta bestelakoak, bertan errebotatu ostean, zure kideak jaso eta kontainerrera hurbiltzen dituenak.

Sexologian jada ez nau ezerk harritzen, baina etxeko txukunketen protokolo horiek aho zabalik uzten naute.

Sexu zailtasun baten aurrean DENA saiatu duzun ustetan baldin bazabiltza, gogoratu, ziurrenik, %3 besterik ez zaizula bururatu, ideia nahiko konbentzionalak, gainera. Zentzu ona erabiltzeko joera dago arlo erotikoan, eta horrek ez du funtzionatzen praktikan ia inoiz. Onerako edo txarrerako, neroni zentzu onik gabe jaio nintzen eta, hortaz, sexologian kontraintuitiboak diren soluzioak aurkitzen gozatzen dut. Nire kriptonita zaratak dira, bestalde. Horri ezin diot etekinik atera momentuz.

Bikote harremanetan, aldaketa inozo batek eraldaketa handiak ekar ditzake. Irudikatu gizontasunaren erakusgai den aterki beltza alde batera utzi eta gizonezko batek koloredun aterki loretsu bat paseatzen duela egunotan.

Hori egiteko gai dena, edozer gainditzeko prest ikusten dut. Erronka ausarta bezain beharrezkoa. Hori aplikatu bikotearekiko tratuan.

Terapian askotan gure pazienteei jakinarazi nahi diegu baliotsuak direla, baina haiek ezetz eta ezetz. Baliogabea dela ikasi eta berrikasi duenari, zaila egiten zaio ispiluan bestelakorik ikustea, eta konbentzitzen saiatzea alferrikako lana da; ez da jakin beharreko zerbait, benetakoa dela sinistekoa baizik. Eta, horren bueltan, honakoa irakurri nuen: «Zure balioek egiten zaituzte baliotsu». Horra erantzuna. Eta nik gehituko nioke: «Zer lehenesten duzun horretan dago zure balioa. Zure agendan ikusten da. Egunaren amaieran neurtzen duzu. Eta uko egiten diozun horrek lasaitua edo mina sortzen dizu».

Bost axola zait zer gosaltzen duten famatuek. Hori albisteetako titular bihurtzen dutenek, tximuen moduan imitatzea nahi dutela dirudi, benetan interesgarri eta baliotsu bihurtzen dutenari erreparatu gabe. Famatu horien balioek, ekarpenek, ezezkoak esateko gaitasunak, ezezkoak jasotzeko adoreak, burujabetzak, eta zaurgarri direnean hartzen dituzten bideek jakin-mina sortzen didate. Ez ahuakate-tostada jan ala zuku berdea edaten duten goizero.

Indarra ez da gosarian neurtzen.

Nola bereizten dugu kamiseta bat ondo geratzen zaigun? Marijaiak moduan besoak altxa eta tripa agirian ez badago, orduan aurrera.

Oinetakoen kasuan? Oina sartzeko unean bertan zuretzako eginak direla sentiarazten badizute, orduan jantzita eraman. Harremanak ez dira fortzatu behar. Batzuek estutu egiten gaituzte eta beste batzuek gu geu izateko aukera ematen digute. Lixto. Baliotsua sentitzen denak, hori badaki. Norbere balioa ezagutzen ez duenak, modu txarrean ikasi ohi du lezioa, tamalez. Txiki egiten zaituzten lekuetatik urrundu zaitez.

Munduaren historian, “H” handiarekin, inoiz ez da aukera gehiago egon putzu berriak aurkitzeko. Baina askotan ez gara putzu faltagatik blokeatzen. Emaitza zehatz eta zurrun bati itsatsita gaudelako baizik.

Harremanak, esperientziak eta topaketak ez dira matematikak. Ez dira kalkulu zehatzak. Baldintza egokiak jartzen ditugunean agertzen dira.

Horretarako, ordea, zerbait kendu behar da: zurruntasuna. Zerbait gehitu behar da: ausardia. Zerbait aldatu behar da: lehentasunak.

Beltzetik loretsura. •