«Dizparen, dizparen»
Kontatzen dute Ernesto Sabato oso umore oneko pertsona zela Argentinako Egiaren Batzordean sei hilabete luzez torturatuen lekukotasunak entzuten eman zituen arte. Esperientzia horretatik erabat abailduta atera omen zen eta ulertzekoa ere bada.
Baina badira umorea galtzeko boleto guztiak izanik ere, aldarte onari eutsi diotenak. Guk ezagutu ditugunen artean Jon Idigorasen kasua da nabarmenena. Espetxea, erbestea, era guztietako erasoak eta zigorrak jasan zituen, baina haren autobiografia, “El hijo de Juanita Gerrikabeitia”, irakurtzen duzu eta umorearen erakustaldi bat dela ohartzen zara. Bere bizialdia oso kontagarria izan zelako edo, autobiografia hori ezin ederragoa da. Ez dakit nork esan zuen, Montaigne izan liteke edo Chateaubrian, zer axola dio, ez dagoela penarik ordu erdiko irakurketa batek kentzen ez duenik. Nik xehetasun bat erantsiko nioke, irakurketak penak aise kentzen dituela, liburua Jon Idigorasena bezalakoa denean. Bere gag jenial horietako bat aipatzearren: Garzon epaileak Mahai Nazionaleko hiru kide deitu zituen deklaratzera eta Joni kalera atera ahal izateko 300 milioi pezeta ordaindu behar zituela esan zionean, honek bere abokatu Jone Goirizelaiari begiratu eta «Juanita, ekarri al duzu sueltorik?», galdetu omen zion.
Asko dira liburu horretan goi mailako pasadizoak. Neuri izugarri ona iruditzen zaidan bat Gorbeiako Ubidea errekakoa da: erreka horretan karramarro eta amuarrain asko omen zen eta lehia moduko bat omen zegoen inguruko herrietako kuadrillen artean nork gehiago harrapatu. Gau batean Idigoras eta bere lagun andaluz bat iritsi ziren arrantza egiteko asmoz, eta, beste batzuk aurreratu zirela ohartu zirenean, andaluzak, “El Kuku” izenekoak, «¡Alto a la Guardia Civil! Salgan del río con las manos en alto», egin omen zien deiadar eta atzetik Jonek «dizparen, dizparen» errepikatzen omen zuen petardo batzuk sutzen zituen bitartean. Arrantzan ari zirenek, zeukatenarekin eta galtzontzillotan egin zuten ihes, eta, biharamunean, amuarrain eta karramarroak jatera gonbidatu omen zituzten Jon eta El Kuku, eta haiek gorputzak ubelduta zituztela agertu eta gertatuaren berri eman zieten arren, Jonek eta bere lagunak ez zieten egin zutena kontatu eta ez zieten egia aitortu hilabeteak pasatu arte.
Berriki hiru arratsalde pasatu ditut Zuhaitz Gurrutxagaren “Txapeldunorde” liburua eskuetan nuela irribarrea ezpainetatik kendu gabe. Ez da umore mota berbera izango, baina antzekoa bai, Zuhaitz bera ere bereak pasatutako mutila baita, eta berak ere umorea minaren estalgarri edo aringarri gisa baitarabil, Idigorasek bezalaxe. •

