Kazetaria / Periodista

Jokoa Ameriketako Estatu Batuetako indigenen botere-tresna bihurtu da

AEBko indigenei buruzko topikoen artean, garai bateko western filmen lekua kasinoek hartu dute. Kontraesanak sortu eta alde asko dituen errealitate konplexua dira, baina funtsean nazio indigena askorentzat subiranotasun ekonomikoa, komunitate azpiegitura eta kultura berpizteko tresna bihurtu dira.

Goian, txanpon-makinez betetako areto bat kasino indigena batean.
Goian, txanpon-makinez betetako areto bat kasino indigena batean. (Urtzi URRUTIKOETXEA)

AEBko errepideetan, ustez bisitari askorik gabeko inguruneetan zoazela, gerta liteke neonezko koloreko eraikin erraldoi bat agertzea urrunean, herri indigena baten erreserbako lurretan zoazela. Beste batzuetan, gunerik turistikoenen erdian ere nabarmentzea lortzen dute gisako eraikuntzek: Florida hegoaldean, Miamiko sarreran, alimaleko gitarra baten itxuran nabarmentzen da Seminola Hard Rock Hotel Casino eraikina. Izenak adierazten duen bezala, seminola herri indigenaren jabetzako negozioa da. Tribuak beste zenbait hotel eta kasino ere baditu estatu horretan, beti federalki seminola herriaren jabetzan aitortu diren lurraldeetan.

Everglades parke nazionaleko Miccosuke herriak ere badu kasinoa. AEBko geografian barna joanda, 500 kasino baino gehiago dituzte 243 herri indigenak. Guztira, aitortza federala duten 574 tribu daude AEBn, baina horietako 228 Alaskan daude eta bertan ez dago kasinorik. Beraz, AEBko lurralde “jarraituko” 346 herrien bi herenek baino gehiagok dituzte kasinoak.

Oklahoma da, ziurrenik, ezereza dirudien geografia baten erdian agertzen den kasinoaren eredu argiena, ehun baino gehiago baitaude estatu horretan. Ez alferrik, AEBko kolonizazio europarraren urteetan, indigenak Mississippitik mendebalderantz deportatzeko gunea zen Oklahoma, eta estatu bihurtu aurretik “Indian Territory” izena zuen, gainerako guztia zuriek arpilatzeko libre zela adierazteko moduan. Erreserba askotan, bidaiariak urrutitik ikusten duen lehen eraikin handia kasinoa izaten da. Lautada zabalen erdian edo basoen artean, argi distiratsuz eta kartel handiz agertzen da. Batzuetan, inguruko etxe txikien edo administrazio eraikinen gainetik altxatzen den eraikin bakarra da. Horrek ondo erakusten du azken hamarkadetan kasinoek izandako garrantzia. Lehen begiratuan, kasinoa joko areto arrunta da: txanpon-makinak, erruletak, mahaiak, argi eta distiren nahastea eguna eta gaua ez bereizteko, irteera ere argi markatu gabe gainerako jokalarien pasabideetatik igarotzeko. Eraikin berean, aretoak, hotelak, gelak, eta bertan egunak emateko askotariko aukerak. Kasino erraldoia, alegia, jendeak denboraren nozioa galdu eta diru xahutu dezan. Komunitate askorentzat, beste zerbait ere bada.

Gogora datorren lehen elementua, inbertsio federal edo pribaturik gabeko lurralde askotan, kasinoa sarritan baliabide ekonomiko eta lan-iturri garrantzitsua dela komunitate askorentzat. Azken batean, askotan erreserba osoko eraikinik handiena, azpiegitura modernoena eta jende gehien biltzeko tokia da. Horregatik bihurtu da, neurri batean, komunitatearen erdigune sozial eta politikoa. Eta balizko gune sozial, topaleku eta antzeko eraikinen eta kasinoaren arteko aldea itzela izan ohi da.

Paradoxikoki, gaiak duen kontraesan guztiaren adierazle, gune horiek ere kasinoaren mozkinekin finantzatzen dira sarri, tribuaren bestelako programa asko bezalaxe, hasi osasungintzan eta kulturaraino.

Eastern Band of Cherokee komunitateko indigenek zabaldutako kasinoa. Urtzi URRUTIKOETXEA

Shannon O’Loughlin choctaw herriko legelari indigena American Indian Affairs elkarteko buruzagi eta abokatua da, eta National Indian Gaming Commission-eko (Joko Batzorde Indigena) kabineteburua izan zen; bertan, apustu-jokoari buruzko politika nazional bat garatzen eta ezartzeko lan egin zuen. Mende laurden darama herri indigenetako zuzenbidean beharrean.

Kasinoen auziari heltzeko, oinarrizko azalpen bati heltzen dio: «Nazio indigenen subiranotasuna ez da AEBk eman digun zerbait», diotso GAUR8ri. «Gure herriak hemen zeuden AEB sortu baino askoz lehenago».

Haren esanetan, hori ulertzea funtsezkoa da kasinoen auzia ulertzeko. Herri indigena askok gobernu propioak zituzten europarrak iritsi aurretik, eta XIX. mendean AEBk ehunka itun sinatu zituzten haiekin. Itun horietan, tribuek lurralde handiak utzi zituzten; trukean, hainbat promesa jaso ziren idatziz: osasun zerbitzuak, hezkuntza, babes militarra edo lurralde jakin batzuk errespetatzeko konpromisoa.

«Teorian, itun horiek lege gorena dira. Konstituzioak berak aitortzen du. Horrek esan nahi du nazio indigenek eta gobernu federalak gobernutik gobernurako harremana izan beharko luketela». Praktikan, ordea, historian zehar promesa horietako asko ez dira bete. O’Loughlinen gogora dakarrenez, «AEBk sinatutako ia itun guztiak urratu dituzte».

Itun horien ondorioz sortu ziren egun “erreserba” deitzen diren lurraldeak. Baina erreserba askok ez dute baliabide ekonomiko handirik. Askotan urrun daude hiri handietatik, eta azpiegitura gutxi izan dute historikoki. Horrek pobrezia tasa handiak ekarri ditu komunitate askotan. Testuinguru horretan hasi ziren nazio indigena batzuk diru iturri propioak bilatzen. Eta bide horietako bat jokoa izan zen.

Jokoa ez da guztiz berria kultura indigena askotan. Historikoki, hainbat joko mota izan dira, gainerako kultura askotan bezala, bai aisialdirako, bai topaketa sozialetarako, bai herrien arteko harremanetarako.

Baina kasino modernoen historia XX. mendearen amaieran hasi zen. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan erreserba batzuetan bingo aretoak sortzen hasi ziren. Estatu batzuek jarduera hori debekatu nahi izan zuten, baina auzi juridikoek egoera aldatu zuten. Ezin ahaztu itun federalek herri indigenei estatuez haratagoko subiranotasuna aitortzen dietela, estatu horiek sortu aurretikoak direla herri indigenen eta Washingtonen arteko akordioak. Auzirik garrantzitsuenetako batean, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen estatu batek ezin ziola tribu bati jokoa debekatu, estatuan bertan antzeko jarduerak baimenduta baldin bazeuden. Horren ondoren, 1988an, Kongresuak Indian Gaming Regulatory Act lege federala onartu zuen, «indiar jokoa arautzeko legea», alegia. Lege horrek joko indigena hiru kategoriatan banatu zuen. Lehenengoan joko tradizional edo zeremonialak daude. Horiek tribuek eurek arautzen dituzte, eta ez du inork esku sartzerik. Bigarrenean bingoa edo antzeko jokoak daude, eta hor ikuskaritza federala ezartzen da, hau da, estatuek hor ere ez daukate zer esanik. Hirugarren kategorian daude kasinoetako joko klasikoak, hala nola txanpon-makinak edo erruleta. Kasu horietan, tribuek akordioak sinatu behar dituzte estatuarekin, betiere subiranotasun indigenaren barruan. Sistema horrek ahalbidetu zuen gaur egun AEBn dauden ehunka kasino indigena sortzea.

Lege federalaren arabera, kasino indigenek ezin dituzte irabazi pribatuak izan, eta mozkinak leku bakoitzeko gobernu tribalaren helburuetara bideratu behar dira. Osasuna, hezkuntza, etxebizitza, azpiegiturak, garapen ekonomikoa eta tribuko polizia bera, kasinoaren bidez finantzatzen dira sarritan.

Hizkuntzak berreskuratzen

Kanpotik askotan irudi bera zabaltzen da: kasino indigenek dirutza handiak sortzen dituzte. «Egia da kasu batzuetan hala dela, batez ere hiri handietatik gertu dauden kasinoen kasuan. Baina errealitatea askotarikoa da. Tribu askok kasino txikiak edo ertainak dituzte, eta diru sarrerak batez ere komunitatearen oinarrizko zerbitzuak finantzatzeko erabiltzen dituzte», dio Shannon O’Loughlinek. «Kasinoen diruarekin eraiki dira ospitaleak, eskolak, errepideak, ur sistemak edo etxebizitza berriak». Hau da, ustez Gobernu federalak eta haren agentziek egin beharreko lanak -eta sekula egin ez direnak, edo oso neurri apal eta eskasean egin direnak-, komunitateak bere kabuz finantzatzea ahalbidetu dute kasinoek. Aurretiaz ez zituzten azpiegiturak dituzte egun. «Kasinoek tribuei aukera eman diete itunetan agindutako zerbitzu batzuk beraiek finantzatzeko», azaldu izan du O’Loughlinek.

Ekonomiaren eragina kulturara ere iritsi da. Kasinoen diruak hainbat proiektu finantzatu ditu: museoak, kultur zentroak edo artxibo historikoak, esaterako. Komunitate askotan kultura eta hizkuntza berreskuratzeko tresna ekonomiko garrantzitsu bihurtu dira. Kasinoen diru-sarrerak zer neurritan eta zenbaterainoko egokitasunez erabiltzen diren, indigenek eurek egindako film batean baino gehiago izan da eztabaidagai. Gidoilari eta aktore indigena ugari zituen eta kritikak oso ondo hartu zen “Rutherford Falls” telesail umoretsuan, esaterako, bete-betean agertzen da tribuko buruaren (Terry, Michael Greyeyes aktoreak antzeztuta) eta kasinoan bertan kokatutako museoko arduradunaren (Reagan, Jana Schmieding lakota aktoreak antzeztuta) arteko tentsioa. Terryk Mendebaldeko ikuspegi kapitalista dauka, horrek, behingoagatik, bere herriaren onura ekonomikoa ekarriko duelakoan, eta Reaganek, berriz, beren elementu sakratuak jokoaren tenplu komertzial batean aterpetzearen kontraesanetik abiatuta, nortasunaren elementuei eutsi nahi die.

Kontraesana areagotzeko, “Negoziazioak” izeneko kapituluan, etxeetan museorako tresnak biltzen dituztenean, hasieran zaborretarako tresna piloa baino ez dagoela dio Reaganek berak. Gerora ohartzen da, tresna arrunt horien atzean badirela tribuaren norbanakoetan istorio pertsonal sakonak ere, Mendebaldeko museoaren biltegi ikuspegia ere zalantzan jarriz. «Geuk egiten dugu gure historia, eta gure narratiba eguneratu behar dugu».

Kontraesanak kontraesan, azken urteotako urratsetako asko nekez gertatuko ziren kasino indigenen diru-sarrerarik gabe. Chitimacha herriaren hizkuntza isolatuta berreskuratzea, esaterako. «Louisianan bizi dira, padurez inguratuta. Azken hiztunak 1932an eta 1940an hil ziren, baina aurretik grabaketa asko egin zizkieten. Inguruetako hizkuntzekin ez zeukan harremanik chitimachak, baina izan zituzten merkataritza-harremanak historian Mesoamerika eta Hego Amerikako herriekin. Historia eta istorio harrigarriak daude atzean», dio zirraraz O’Loughlinek. Duela 40 urte, Smithsonian Institutua indigenen hizkuntzak, kantak eta dantzak jasotzen zituzten grabaketak tribuei itzultzen hasi zen. «Chitimacha herriak zilindro horiek jaso zituenean, zera pentsatu zuten: hemen erantzukizun bat dugu; zerbait egin behar dugu honekin». Hala, komunitatea bildu zuten. «Amonek eta izebek gogoratzen zituzten hitzak ekarri zituzten, ezagutzen zituzten istorioak, kultur praktikak, eraikuntzarako eta artisautzarako moduak eta beste hainbat jakintza. Hori guztia bildu zuten, argizari-zilindroetako grabazioekin batera».

Rosetta Stone erakundearen dirulaguntza lortu zuten 2008an, «eta galduta zegoen hizkuntza berreraikitzea lortu zuten. Egun, tribuak berak kudeatutako eskoletan, beren hizkuntza irakasten da. Haur-eskolatik bertatik ikasten eta erabiltzen dute hizkuntza. Benetan arrakasta handiko istorioa da». «Eta hori egiteko gai izan ziren, neurri batean, joko-jardueren diru-sarrerei esker, proiektu hori sostengatzeko baliatu zituztelako. Halako istorioak daude tribu askoren artean: nola berreskuratzen ari diren galdutakoa».

Kolonizazio mende luzeetan kendu dietena asko da, «prozesu luzea da gertatu dena onbideratzea, baina badira borrokalariak indiar herrialde luze-zabalean, eta horretan ari dira etengabe, galdutakoa berreskuratzen».

Kultur ekitaldi bat kasino batean. Erreserba askotan eraikin handiena eta azpiegitura osatuena dute. Urtzi URRUTIKOETXEA

Peltierri harrera

Lan eta diru-iturri izateaz gain, bestelako funtzio sozial bat ere badute kasino askok: komunitatearen bilgune garrantzitsua dira. Erreserba askotan eraikin handiena eta azpiegitura osatuena dute, alde handiz, beste edozein eraikuntzarekiko. Horregatik, askotan bertan egiten dira konferentziak, jaialdiak edo bilerak.

Azken urteotan, adibidez, familietatik indarrez kendu eta barnetegi kolonialetara asimilatzera eramandako biktimen topaketa asko eta asko indigenen kasinoetan egin izan dira. AEBko historian, milaka haur indigena familiatik banandu zituzten barnetegi erlijiosoetan hezteko. Kolpe eta bortxaketen bidez hizkuntza eta nortasuna erauzi zizkieten milaka haurri.

Milwaukee hirian, adibidez, Potawatomi tribuaren kasinoak hartu zuen Michiganeko biktimen topaketa. National Native American Boarding School Healing Coalition-ek (barnetegi-eskoletako sendaketa elkarteak), biktima horien testigantzak biltzen dihardu. Kasinoaren hotelak logelak eskaini zizkien parte-hartzaileei, eta bertako aretoetan elkartu ziren aditu, dokumentazio-arduradun zein terapietako psikologoekin.

Estatuz estatu ari dira belaunaldi arteko trauma biltzeko ekimena lantzen. Horrelako ekitaldiak hainbat egunetakoak izaten dira, eta kasinoetako hotel eta aretoek aukera ematen dute jendeak bertan ostatu hartzeko, tailerrak egiteko eta adituekin hitz egiteko.

Barnetegi horietako batetik igaro zen Leonard Peltier ere, AEBko ziegetan ia mende erdi hemen zuen preso politikoa, iaz agintea utzi baino hamar minutu lehenago Joe Bidenek libre utzi zuena etxera itzultzea ahalbidetzen zion agiria sinatuta. Ez zen erabateko indultua, baina ia 80 urteko giltzapetuak herrira eta etxera itzultzeko aukera zuen. Mundu osoko indigenek ospatu zuten albistea. Erabakia ere ez zen berehala indarrean sartu, handik aste batzuetara baizik. Floridako Coleman espetxetik iazko otsailaren 19an irten zen. Jarraitzaile talde ez oso handi bat zuen zain. Berehala hartu eta inguruko aireportu batera eraman zuten, Floridako epeletik Ipar Dakota izozturaino eramateko. Hotz handia, baina etxea zuen Peltierrek. Turtle Mountain erreserbako sarrera jendez gainezka zegoen. Txalo eta oihu artean egin zioten harrera Belcourt herriko sarreran.

Eskerrak eman zizkien jarraitzaileei, AIMko (American Indian Movement) militante zaharrei eta aktibista gazteei. Kalean lehendabizi. Etxera sartu zen. Biharamunean, ongi etorri harrera handia Sky Dancer Casino & Resort gunean egin zuten. Musika, dantza, hitzaldi sutsuak eta harrotasun handia zerion lekuari. Mende erdian ez zuten buruzagi indigena agurtzerik izan. Horixe garrantzitsuena. Gero, ñabardurak eta kontraesanak.

Subiranotasuna

Inork ez du ukatzen indigenen kasinoen fenomenoak badituela kontraesanak. Arrakasta ez da berdina tribu guztientzat. Kokapen geografikoak asko baldintzatzen du negozioaren arrakasta. Hiri handietatik gertu dauden kasinoek diru gehiago sortzen dute, zer esanik ez bide garrantzitsuen inguruan edo gune turistikoetan badaude; erreserba urrunetan daudenek, berriz, askotan zailtasun handiagoak dituzte.

Kanpotik ere kritikak egon dira. Batzuentzat, kasinoek arriskua dute komunitateen ekonomia jokoaren menpe jartzeko. Beste batzuen ustez, kultura edo memoria proiektuak ez dira beti behar adina finantzatzen. Eta ustez bi herri subiranoren arteko itunak izan arren Washingtonen eta indigenen arteko harremanak, AEBk inposatu ditu neurriak historian, baita tribuko kide izateko arauak ere. Herri indigena bateko kide izateak pertsonaren izaera legala erabat aldatzen du, politikoki, fiskalki eta, kasinoen gaian, proiektu eta finantzaketaren banaketan ere baldintzatu dezake.

Shannon O’Loughlinen arabera, kasinoen garrantzia ez dago soilik diruan. «Gakoa subiranotasun ekonomikoa da», azaldu du. Tribu askorentzat beren gobernuek zuzenean kontrolatzen duten diru-iturri nagusietako bat da. Horrek aukera ematen die politika publiko propioak garatzeko eta etorkizunerako planak egiteko. Gainera, tribu askok kasinoetatik lortutako dirua beste sektore batzuetan inbertitzen dute: turismoan, energian edo enpresa berrietan.

Kanpotik ikusita kasinoak joko areto huts iruditu arren, komunitate askorentzat beste zerbait dira. Askotan erreserbaren erdigune ekonomikoa, soziala eta politikoa bihurtu dira. Kontraesanak kontraesan, AEBko herri indigenen historia garaikidea ulertzeko, ezinbestekoa da kasinoen papera ulertzea.