
Pablo Cabeza kazetariak ‘Umore garratzeko binetaren aitzindaria’ izenburua jarri zion, gaur 15 urte, Juan Carlos Eguillorren (1947ko abuztuaren 15a - Madril, 2011ko martxoaren 21a) heriotzaren harira idatzi zuen artikuluari, eta ez zitzaion arrazoia falta. Hauxe zioen, besteak beste: «Duela hilabete batzuk, GARAk, Ruper Ordorikarekin batera, ‘Hautsi da Anphora’ diskoaren 30. urteurrena errepasatu zuen. Azaleko ilustrazioa Juan Carlos Eguillor gazteak egin zuen. Ruper pozez zoratzen zegoen ilustrazioarekin eta egilea orduko ilustratzaile-marrazkilari bakanetakotzat jo zuen. Eta ez zitzaion arrazoirik falta, Eguillor bere lanaren aitzindaritzat har baitaiteke Euskal Herrian.
Gaztetatik, Gasteizko Marianistak ikastetxean nabarmendu zen bere marrazki eta ipuinengatik. 16 urte zituela, ‘Óscar’ fanzinea sortu zuen, eta banpiroei buruzko antzezlan bat idatzi. 1966tik aurrera, umorezko marrazkiak ‘Hierro’ egunkarian argitaratu zizkioten, eta 1968an hasiera eman zien Mari Aguirreren abenturei, ‘El Correo Español’ egunkarian.
70eko hamarkadan, hainbat egunkari eta aldizkaritan lan egin zuen, batez ere ‘Egin’ egunkarian, eta, besteak beste, Mari Aguirre, Miss Martiartu eta Txangurro Marx pertsonaiak sortu; hala, estilo berritzaileagatik eta ironiagatik nabarmendu zen. Telebistarako gidoiak ere idatzi zituen, eta diskoen azalak eta kartelak diseinatu; kartel horietako bat lehen Aste Nagusirako izan zen. Bilboko jaiei oso lotuta dago egile hau.
80ko hamarkadan, haurrentzako liburuetarako ilustrazioak egin zituen, animaziozko bideoak, hainbat galeria eta museotan erakutsi zituen bere obrak, eta dekoratuak eta eszenografiak diseinatu zituen antzerkirako eta telebista-saioetarako.

«Noiz izaten da norbait bertakoa? Euskalduna naiz? Beti izango gara jaio ginen herrikoak?»

«Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia»
Mendi buelta bat
