«The masterplan»
Harriduraz entzun dugu, azken egunetan, Trumpek Iran bonbardatu duela «because he had the guts to act» edo gerra amaituko dela «when he feels it in his bones». Sare sozialetan komunikatzen den jendartearen sintomak izan daitezke. Showbusiness. Aldiz, dirudienez, zinez inork ez daki oso argi zein den Trumpek Iranen abiatu duen gerraren helburua. Horrek, bistan da, ezinegona sortzen du, ezinezkoa baita aurreikustea zerk ekar dezakeen gerraren amaiera. Baina, egiazki, ez da planik? Beste hipotesia da: plana egon bada, baina ez dugu ulertzen. Hau da, the masterplan. Aldiz, egungo munduaren konplexutasuna, gertakarien abiadura, informazio iturri fidagarrien falta… Susmoa dut, baldintza hauetan, dena azaltzen duenak, normalean, bere burua baino ez duela azaltzen.
Epelkeriak alde batera utzita, nire ustez, ez dago planik. Batetik, narratiba orokorrak daude. Ideia handiak. Make america great again. Bistan da, ideia orokor horrekin azaldu daiteke gauza bat gaur, eta bihar bestea (ikusi J.D. Vancek egunotan egindako kabriola argumentalak, adibidez). Bestetik, bada patroi bat. Baina ez dirudi politikoa ezta ekonomikoa ere, baizik eta teknologikoa. Ideia da AEBn ekinbidea ulertzeko narratiba baina lagungarriagoa dela patroia. Berriki azaltzen zuen Jose María Lassallek ideia, “La Vanguardia” egunkarian ateratako iritzi artikulu batean. Bere hitzetan oinarrituko naiz nire burua azaltzeko.
AEBn egungo estrategia, eta sortzen digun txundidura, azaltzeko Lassallek Alexander Karpen figuran jartzen du arreta. Karp zuzendari exekutiboa da Palantir enpresa teknologikoan, besteak beste, Peter Thielekin batera (honi buruz hitz egin genuen aurreko hilabetean) eta Palantir da Trumpek Venezuelan, Minneapolisen edo Iranen baliatu duen azpiegitura teknologikoaren hornitzailea. Bada, Lassalleren arabera, AEBn ekinbidea ulertzeko, azpiegitura teknologikoari jarri behar diogu arreta, eta azpiegitura teknologikoa ulertzeko, bere sortzailearen pentsamendua zehazten duten ideia nagusiei: pentsamendu ahula, bortizkeria naturala, arrisku existentziala eta inteligentzia artifiziala.
Pentsamendu ahula. Alexander Karp jurista eta filosofoa da (Peter Thiel bezala), eta bere bigarren tesia egin zuen, berriki zendu den Jürgen Habermasekin (desadostasunetik, #respect). Jakina den moduan, Habermasek defendatzen zuen, oinarrizko baldintzak emanez gero, pertsona guztiak garela elkarrekin adostasunetara iristeko gai. Orain, egoki jokatzeko betebehar (morala), ez da baldintzen araberakoa. Unibertsala da, hau da, ez du onartzen salbuespenik.
Bortizkeria naturala. Bada, Karpen ustez, lagunkoia (arrazionala, herritarra) bezain naturala zaigu jokabide bortitza. Are gehiago: «Si la agresividad es natural en el ser humano, puede guiar positivamente la conducta humana si es incentivada dentro de unos valores superiores». Hau da, Habermasen ikuspegiaren kontra, Karpek pentsatzen du pertsonak lagunkoiak bezain bortitzak garela, gakoa da bortizkeria balio gorenen zerbitzura jartzea. Arrisku existentziala eta adimen artifiziala. Trump konbentzitua da (edo konbentzitu dute), Iran arrisku existentziala dela. Horrenbestez, Trumpen Administrazioak bermatu behar duen balio gorena da segurtasun nazionala; AEBko demokraziaren balio gorena. Eta horretarako, atzean utzi behar da pentsamendu ahula: «… hay que desarrollar conductas agresivas basadas en una improvisación tan radical que permite adaptarse al contexto constantemente».
Hau da, ez dago planik. Badago narratiba handi bat. Baina ekinbidea patroiak esplikatzen du: arrisku existentzialaren sinesmena, bortizkeriaren naturalizazioa eta etengabe aldatzen den testuinguruan inprobisazio erradikala ahalbidetzen duen azpiegitura teknologikoa. Baina, adimen artifiziala ez da plan bat. Eta, iruditzen zait, diferentzia agerian gelditu dela azken aste hauetan. Lassallek bere artikulua amaitzen du azalduz, Iranen gertatzen ari dena, izan daitekeela adimen artifizialaren haluzinazio bat. Adimen artifizialak ez du ondo ulertu bertako jendartearen konplexutasuna eta agerian utzi du beste guztiok ikusi bai, baina sinetsi nahi ez duguna; enperadorea biluzik da. •

«Noiz izaten da norbait bertakoa? Euskalduna naiz? Beti izango gara jaio ginen herrikoak?»

«Ni euskara gabe jada ez naiz inor, euskarak eman didalako gaur egun naizen guztia»
Mendi buelta bat

