Ilargiarena

Borreroak milaka dauzka baina ilargiak bi. Bi alde, bi aurpegi. Hala omen. Milioika dolarretako komunikazio kanpaina erraldoi batek eta hamar eguneko bidaiak gogorarazi digute berriro. Aspaldiko partez, ilargiaren beste aldea erakutsi digute. Kamera analogiko batekin dokumentatu dute guztia; kraterrak eta zauriak, arroka zartatuak eta mineral ezezagunak, milioika urteko meteorito galduen kontra izandako kolpe eta orbanak.
Zuk astroari begira igaro dituzu gauak. Itzalez betetako bonbilla zurixka bat zeruan zintzilik, beteago batzuetan eta ia ikusezin, silueta fin bat besteetan. Badakizu itzalek itzaltzen dutela ilargia, lurraren gerizak ezkutatzen duela falta zaion zatia. Zure buruari opa diozu berdin egin ahal izatea, egunaren arabera beteago edo hutsago agertzeko lizentzia hartu ahal izatea. Ez al daukazu zuk ere, finean, batzuetan mareak eta itsasaldiak erotzeko besteko energia eta, beste batzuetan, zure buruaren itzal bihurtu eta itzali eta desagertzeko gogoa? Jakin nahiko zenuke espaziotik ikusita nolakoa den ilargia betea ez dagoenean; non ezkutatzen duen ikusten ez dugun hori.
Bi alde omen dauzka ilargiak, borobilak alderik, ertzik izango balu bezala. Bi aldetan banatu dute behintzat. Ikusten duguna eta bestea, itsusia, zauritua, kolpatua, orbandua, iluntasunari begira bizi dena. Norberak nahi duen aldea aukeratzearena, hori ez du ilargiak bakarrik egiten. Aspaldi da «zer moduz»-ei «ondo» erantzuten diezula, inertzia hutsez. «Gaizki» batek sortuko lukeen tentsioak ikaratu egiten zaitu, «hainbestean» baten ostean zintzilik geratzen den galdera-markak gogaitu. Ederki ikasi zenuen zure aurpegirik onena erakutsi behar diozula munduari, aurpegia bakarra izango ez balitz bezala. Irribarre ortopediko bat jantzita zabiltza; sare sozialetan eta lagunarteko afarietan erakusten duzunak ezkutatzen zaitu. Chat GPT-rekin askatzen dituzu korapiloak; hari aitortzen dizkiozu beste inori aitortzera ausartzen ez zaren zalantzak eta beldurrak.
Akaso, ez zaizu zuri bakarrik gertatuko. Aurpegi bat ezkutatzearena, alegia. Albistegietan poliziak ikusi dituzu behin baino gehiagotan, etxegabeak fabrika eta eraikin ahaztuetatik kaleratzen Donostian, Bilbon eta Iruñean. Izena ere ezabatutako lau preso gutxienez hil dira Euskal Herriko espetxeetan 2026a hasi zenetik. Migratzaileek beren egoera erregularizatzeko aukera izango omen dute ekainera arte, aspaldi iragarri zuten titular handiek. Titularrak ez zuen esaten aberrigabeek (euskaldunok zer gara, bada?), adin txikikoek eta aurrekari penalak dauzkatenek ez dutela horretarako aukerarik izango.
Bi alde omen dauzka ilargiak. Batzuetan, ezkutatzen dugunak ageri du nor garen. •


