Katiluen teoria giza sostenguaren ulermenerako

Harrera eta adopzio familiek bizi dituzten esperientzietatik sortua, Katiluen Teoriak haurren minaren sostenguan jartzen du arreta, familiatik haratago, ardura gizarte osoan kokatuz. «Tribuaren babesa sentitzen ez duen haurrak herria erreko du bere beroa sentitzeko», dio esaera afrikarrak. Hitz horiek era gordinean azaltzen dute zer dugun jokoan. Haur bat ez bada helduengandik ikusia sentitzen, ulertua edota heldua helduengatik (hitz joko ederra eskaintzen du euskarazko “heldu” hitzaren polisemiak), muturreko estrategiak bila ditzake presentzia hori sentitzeko. Batzuetan, jokabide konplexuak izan daitezke: desobedientzia, amorrua, isolamendua edo itxurazko axolagabekeria. Baina askotan portaeraren atzetik dagoena ez da borondate falta, baizik eta beldurra, zauria edota barne ezinegonaren isla.
Haur askok, nahiz eta hitzez ez adierazi, beldurra daramate gorputzean errotua. Horregatik, txikien portaera soilik epaitzen duen begiradak ez du eragin onik izango. Begirada sentikorra behar-beharrezkoa da, icebergaren punta baino sakonago ikusteko gai den begirada heldua, alegia. Berehala konfiantza eskatzea baino, presentzia eskaintzen duen jarrera irmoa.
Katiluen Teoriak era ulergarrian azaltzen du prozesu konplexu hori: haurra katilu txiki baten moduan uler daiteke, batzuetan ur gehiegi duena, eta, bizipenez, emozioz edota beldurrez gainditurik denean, gainezka egiten duena. Katilu horrek, edukia katilu handiago batean husteko beharra du: gurasoen edo gertuko familiaren katiluan, hain zuzen. Familiak, txikiaren uholdea eutsi ahal izateko, epairik gabeko bidea hartzea zuzenena izan daitekeela argi dago.
Baina familiak ere, batzuetan, gainezka egin dezake. Haur bat egunerokotasunean eustea nekagarria izan daiteke, mingarria eta ezinegonaren aktibatzailea. Horregatik, familiaren katiluak ere beste katilu handiago baten beharra du: tribua. Izeba-osabak, aitona-amonak, lagun sareak, auzokideak, hezkuntza eta osasun sistemak, profesionalak edo komunitateko bestelako eragileak dira katilu handiago horren parte. Ez epaitzeko, ez etiketatzeko, ez “salbatzeko”, baizik eta familiaren sostenguaren gaitasuna handitzeko.
Teoria hau Nafarroan harrera eta adopzio familien lanetik sortu bada ere, bere mezua gizarte osoari zuzenduta dago. Giza sufrimendua ez da inoiz pertsona bakar baten edo familia bakar baten kontua. Komunitateek sostengu sareak sortzen dituztenean mina ez da desagertzen, uholdea ez da berehala desegiten, baina ezinegona eramangarriagoa bilakatzen da, katiluen egonkortasunaren garapena bultzatuz.
Zauri emozionalen itxiera, beraz, ez da ez lineala, ez indibiduala, ez eta berehalakoa ere. Denborarekin eraikitzen den prozesu komunitarioa da. Azken finean, herri baten gizatasuna bere haurrak sostengatzeko moduaren arabera neurtu daiteke. “Nahiko ona” (Winnicot, 1971) den tribua behar dugu: mina baino handiagoa den giza komunitatea, harreman bakoitza itxaropenarentzako aukera bilakatzeko gai den gizarte heldua.
Postdata: Gomendatutako ariketa: Aspaldi berarekin hitz egin gabe daramazun zure lagun horri, dei iezaiozu eta, besterik gabe, zer moduz dagoen galdetu. Agian, elkarrekin ibilalditxo labur bat egin dezakezue. •




