Gaur 8

Xabier Amuriza, gure kulturaren 85 urte

Askoren esanetan bertsolaritzaren historian mugarriak jarri dituzten bertsolarien artean dago Xabier Amuriza (Zornotza, 1941eko maiatzak 3). 85 urte bete dituen egunean, ez du bere unibertso literario emankorretik erretirorik hartu. ‘Hau ere gertatu zen’ lan berria plazaratu berri du. 

Xabier Amuriza, Francis Doctor Deseorekin, aurtengo urtarrileko euskal presoen aldeko manifestazioan.
Xabier Amuriza, Francis Doctor Deseorekin, aurtengo urtarrileko euskal presoen aldeko manifestazioan. (Jon URBE | FOKU)

Xabier Amuriza euskal kulturak duen intelektual handienetariko da. Iraultza ekarri zuen bertsolaritzara eta Euskal Herriko txapelduna izan zen bi aldiz. Idazlea, itzultzailea eta ikerlaria, Manuel Lekuona, Lauaxeta eta Monzon-Ganuza sarien irabazlea da. Gaur 85 urte bete ditu eta bere unibertso literarioak bizirik dirau.

Etxanoko Torreburu baserrian jaio zen, basoaren erdian, 1941eko maiatzaren 3an. Santa Krutz eguna zen eta egun horretan Bizkargin erromeria izaten zen. Bizkargi Eguna Bizkargiko guduan mendi horretan hildako gudarien omenez, urtero ospatzen den jai eguna da. 

«Nire garaian haurrak Paristik etortzen ziren –kontatu zion Amagoia Mujikari–. Gero batzuk bidean erori eta misterio asko sortzen ziren. Baina ni ez nintzen Paristik etorri, osabak ekarri ninduen Bizkargitik soinuaren barruan ezkutatuta. Erromeria egunez ijitoak izaten ziren han beren karroekin eta postuekin gauzak saltzen. Eta aitak kontatzen zidan osaba soinua jotzera joan zela eta ijito haiei lapurtu ziela haurtxo bat, eta hori nintzela ni. Bizkargira joaten nintzenean nire jakin-mina izaten zen osabak nondik hartu ninduen, nola sartu ninduen soinuaren barruan, nola segitu zuen soinua jotzen ni barruan nengoela, negarrik egiten ote nuen... zazpi-zortzi urtera arte erabat sinistuta bizi nintzen. Jende nagusiak ere bazekien istorioaren berri eta askotan eskatzen zidaten kontatzeko».

Baserri giro horretan hezi zen Xabier. Aita oso fantasiosoa eta kantaria zuen: «Aitak asko kantatzen zuen, zekizkien kanta guztiak kantatzen zituen hizkuntza desberdinetan; euskaraz, erdaraz, latinez... Eta nik aitari ikasten nizkion abesti guztiak. Hizketan hasi orduko hasi nintzen ni kantuan».

Eta militantzia seminarioan piztu zitzaion bereziki. Are gehiago, maiz esan du bere bizitzako urterik emankorrenak gizartearentzat apaiz garaikoak izan zirela. Orduko kontuak bildu ditu otsailean argitaratu zuen ‘Hau ere gertatu zen’ lan berrian.