GAUR8

Rabindra Jayanti eguna da, Rabindranath Tagore bengalar idazlearen omenez

«Egia ez dago gehiago oihukatzen duenaren alde». Mota honetako esaldien egilea izan zen Rabindranath Tagore bengalarra. Filosofoa, hezitzailea eta poeta, garai modernoetako pertsonaiarik handienetakoa izan zen. Duela 165 urte jaio zen eta Bengalan Rabindra Jayanti eguna ospatuko da, bere omenez.

Rabindranath Tagore pentsalari eta idazlea.
Rabindranath Tagore pentsalari eta idazlea. (WIKIPEDIA COMMONS)

Rabindranath Tagore (Kalkuta, 1861ko maiatzaren 7a - Kalkuta,  1941ko abuztuaren 7a) poeta, eleberrigile, musikari, margolari eta bengalar pentsalari handia bere jaiotegunean omentzen dute Bengalan, Rabindra Jayanti eguna ospatuz, ez bakarrik artista polifazetiko eta gizarte-erreformatzaile gisa izandako lorpen handiengatik, baita 1913an Literaturako Nobel Saria jaso zuen lehen asiarra izan zelako ere.

Familia oso handi baten baitan jaioa, Ingalaterran ikasketak egin ondoren, Indiara itzuli zenean, Shirlayda-n hartu zuen bizilekua aitaren ondasunak administratzeko asmoz. 1901. urtean, Santiniketan-en, Mendebaldeko eta Indiako filosofia uztartuko zituen eskola bat sortu zuen eta panteismoaren gune garrantzitsua bihurtu zen denbora gutxian.

Gizarte arazoez ere sakon arduratu zen, eta Indiaren independentziaren aldeko agertu zen ‘Gora’ (1907-1910) eleberriaren eta ‘Galpaguccha’ (1912, ‘Historia sorta’) kontakizun liburuaren bidez. Pentsalari gisa, bakezaletasuna eta kulturen arteko elkarrizketa defendatu zituen.

Emaztea, bi seme eta Satir Chandra Roy ikasle eta poeta galdu zituen eta garai hartan idatzi zituen poema mistiko sakonenak: ‘Gitanjali’ (1910). 1912. urtean Literaturako Nobel saria eskuratu ondoren, aurrerantzean munduko leku askotan izan zen hizlari.

Tagoreren zenbait lan euskarara itzuli izan dira, Armiarman aurkitu daitezkeenak. Eta, bukatzeko, bere bi esaldi: ‘Mundua gaizki irakurtzen dugu, eta gero esaten dugu engainatu egin gaituela’ edo ‘Eguzkia galdu duzulako negar egiten baduzu, malkoek ez dizkizute izarrak ikusten utziko’.