Maddi Txintxurreta
Kazetaria / Periodista

Greba solidarioen alde

Greban dauden medikuek ez dute onartu Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak aurkeztutako osasun zerbitzu publikoetako langileen esparru estatutua, uste dutelako ez dituela beren berezitasunak aintzat hartzen eta, diotenez, ez dutelako izan mahai negoziatzailean parte hartzeko aukerarik. Horregatik, medikuen estatutu propio bat aldarrikatzen ari dira.

Medikuen 24 orduko guardiak aspaldi utzi behar lioke existitzeari, onartezina baita ez soilik langileen eskubideen ikuspuntutik, baita pazienteen ikuspegitik ere, osasungintzako profesionalei exijitzen zaizkien abusuzko lanaldiek ez bailukete baldintzatu beharko gaixoen arreta egokia. Peonada deritzon praktika (itxaron zerrendak ez luzatzeko ordu estrak egitea) egiturazkoa izatea, eta ez salbuespenezkoa, eskandalagarria da. 35 orduko lan astea aldarrikatzea justua da. Medikuek arrazoi asko eta logikoak dituzte grebara jotzeko, eta noski, horrelako egoera batean bidezkoa da lanuzteak egitea. Aldiz, medikuak ez diren osasungintzako gainerako profesionalei bizkarra emanez eta Madrilera begira greba egiteak mesfidantza piztea normala da.

Prekaritateak ez die soilik medikuei erasaten, osasungintza publikoko gainontzeko beharginak ere basatza berdinean harrapatuta daude. Klase elkartasunak beharko luke izan grebaren bizkarrezurra, eta ez langileen arteko arrakala handitzea eragiten duen meritokraziak. Osasungintzako lanpostu guztiek izango dute behar dituzten hobekuntzak kasuan kasu aztertzeko beharra, ziur, baina hori guztia gailentasuna aldarrikatu gabe borrokatu daiteke. Lan baldintzak hobetzeko borrokak osasungintza publikoa hobetzeko helburuaren eskutik joan behar luke, eta horrek egiturazko ikuspegia izatea eskatzen du, gremioak bakandu gabe borrokak bateratzea.

Bestalde, Hego Euskal Herriko medikuen lan baldintzak aginduko lituzkeen estatutua Madrilen esku uztea arriskutsua izan daiteke. Batetik, Estatuko langileen homogeneizazioan Hego Euskal Herriko medikuek izango luketelako galtzeko gehien (horregatik, lan hitzarmenak hemen negoziatzea da Euskal Herriko klase sindikatu abertzaleen lehentasunetako bat), eta, bestetik, Hego Euskal Herriko agintariak egoera erosoegian uzten dituelako. Imanol Pradales lehendakaria, esaterako, ondo aprobetxatzen ari da momentua. EAJk sistematikoki egiten duen eran, greba langileen bizitzak hobetzeko tresna gisa kriminalizatzeko aukera baliatu du beste behin, eta gainera, Euskadiko Medikuen Sindikatuak (SME) eta Eskubideen Alde Batutako Medikuen Elkarteak (MUD) destatutako jomugan jarri du fokua, «korapiloa Madrilen» dagoela ziurtatuz. Badirudi ardurak besterendu eta zain egotea besterik ez dagokiola Pradalesi. «Madrilek dauka giltza, eta horregatik Ministerioak eta ministroak mahaian egon behar dute hau konpondu arte», errepikatu zuen.

Azkenik, ospatzea medikuen greba «transbertsala» dela «ezkerreko, eskuineko eta zentroko» langileak elkarrekin ari direlako mugimendu horretan, iraingarria ez ezik, langileen arteko klase elkartasuna sendotzeko helburuaren kontrakoa da. Greban dauden profesional guztiek ez dute bat egingo greba batzordean parte hartzen duen medikuetako batek asteon Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan egin dituen adierazpen horiekin, baina, lanuztearen ordezkari batek horrelakoak esateak, gutxienez, alarma piztu beharko luke, eskaera legitimoak erakusten dituen pankartaren atzean ezkutuko zerbait dagoela iradokitzen baitu. •