Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Matematika, zifretatik haratago

Azken egunetan hezkuntzaren inguruko hausnarketa, ez-akordio eta eztabaidek bete dituzte aktualitateko orrialdeak. Herri baten eraikuntzan ezinbesteko zutabea izanik, dudarik gabe, erabaki sendo eta politika ausartak behar ditugu herritarrek. Lerrook idazterakoan, Nafarroako Parlamentuan mokoka dabiltza oraindik; batzuk, ikasleen beharrak erdigunean ezarri nahian, beste batzuk, beren besaulkien erdigunetik burua ia altxatu gabe, eta, tartean, beren apurrak ez galtzeko mutu beste zenbait.

Udaberriaren usaina lore zein uda sasoiko fruituekin lotu ohi dugu, baina bada liburutegiren batera hurbilduz gero sudur barneraino sartzen den beste usain bat ere: hormona eta urduritasun usaina, «azterketa garaia» bezala izendatua norberaren fragantzian. Nerabe askok jasotako errelatoaren arabera, «bizitzako bidegurutze garrantzitsuenetakoa» da aurrean dutena, unibertsitate sarbiderako azterketan eta eskuratutako notaren arabera hurrengo urteetan zertan ibiliko diren erabakiko baita.

Ez nuke nerabezarora itzuli nahi; ezjakintasunez, ziurgabetasunez eta urduritasunez gogoratzen dut une hori. Ez nekien zer ikasi nahi nuen: «badaezpada zientziak» esan zidaten, eta hala egin nuen Batxillergoa, matematika zientifikoarekin, kimikarekin eta biologiarekin borrokan. «Badaezpada selektibitatea txukun egin, eta lortu nota ona» esan zidaten, eta horri ere men egin nion, urduritasunak bezperako loa ere kendu bitartean.

Milaka ikasle egongo dira laster egoera horretan, eta badaezpadakoei pisua kentzeko esango nieke, ez dela horren erabakigarria, ez dela horren une garrantzitsua, baina igarotzen ari diren trantzean ez dut uste hitz-aspertuok inori lagunduko diotenik, batez ere, hezkuntza sistema guztiak une erabakigarri gisa gorriz markatzen duen egunaren eta erabakiaren aurrean.

Hegoaldean ikasi dugunok izan ez dugun oztopo bat gehiago dute, ordea, Seaskako ikasleek: ikasi duten hizkuntzan azterketa hori egin ezina. Laku bat orroka sumatu nuen pasa den igandean, instituzioetako arduradun boteretsuen aurrean altxatu ziren ikasleak ikusi nituen, eta galdera zehatz bat egin zieten: «Non geratzen da askatasun printzipioa hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigunean?».

“Baxoa euskaraz” zioten tixerta berdeek, “Azterketak euskaraz” aldarrikatu zuten kamiseta urdin zein laranjek; urte luzeetako aldarria eta borroka izan da azterketak euskaraz pasatzekoa. Baina atzera urratsak iristen ari dira Paristik. 2012tik 2019ra bitarte Matematikako azterketa euskaraz egin bazitekeen ere -Historia Geografia ikasgaiarekin batera-, Blanquerren erreformak aukera hori deuseztatu zuen, eta ordutik hona baxoa oso-osorik frantsesez pasa behar da.

Inposaketa horren aurrean, Bernart Etxepare lizeoko ikasleek, beste hainbatetan egin bezala, desobedientziaz erantzutea erabaki eta azterketa euskaraz egingo dute. Ondorioak izan ditzake erabaki horrek, baina konbentzimendu osoz jokatuko dute. Hiru sareetako 150 irakasle, Ahozko Handia euskaraz zuzentzeaz gain, Matematikako azterketak ere zuzentzeko prest agertu dira.

Ez dakit egunotan matematika ikasgaian zer landuko duten zifrez haratago. Gure herrikideen, eta beraien adinkideen egoeraren berri ematea ederra litzateke, bakoitzak gure txikian besterik ezean elkartasuna adieraztea, ikasleen iniziatiba izan den ekintza ausarta txalotzea, eta harro gaudela esatea. “Sei” zenbakia oinarri hartuta hitzordu bat gogoraraztea ere ez legoke gaizki: ekainaren 6a, Bordele. Lakutik atera eta asfaltoan ere azterketak euskaraz egiteko orroa berpiztuko da. •