Jule GOIKOETXEA MENTXAKA

Ziborgak eta modernoak

"Testuinguru honetan, kristau kreazionismoaren irakaskuntza
adingabeen ustelkeria-modutzat hartu beharko litzateke"
Haraway, «Ziborg manifestua», 1985

Eta, beraz, adingabeen eta nerabeen ustelkeria-modutzat hartu beharko lirateke eskoletan eta unibertsitatean ematen diren irakasgaien hiru laurden, kreazionismo laikoan oinarritutakoak baitira, gizatasuna versus teknologia dikotomian eta natura versus kultura zatiketan sustraituak.

Egungo ekonomia globala aurretiaz bereizita zeuden teknologia adarren konbergentzian oinarritzen da. Braidottik primeran azaltzen du nanoteknologia, bioteknologia, informazioaren teknologia eta zientzia kognitiboen arteko lotura berri hauek animalien, gizakien, hazien, zelulen eta landareen ikerketa eta esku-hartzea eskatzen dutela. Hau da, kapitalaren balioa, gaur egun, materia biziari buruzko informazio-ahalmena da, datu biogenetiko, neuronal eta mediatikoen bankuetara eramaten dena izaki oro energia-baliabide eta bizi soberakina, edo gainbalio, bilakatuz.

Materia biziaren kapitalizazioak bioekonomia politiko berria sortzen du, eta horri aurre egiteko ezagutza eta paradigma zientifiko berrituak behar dira. Paradigma berriek, aldi berean, fisika, biologia eta soziologiaren arteko mugak hankaz gora jarri dituzte eta halaxe agertzen da eszenatokian gure ziborg maitea, modernoek gorrotatzen duten organismo zibernetiko hibridoa. Ez, ez da ilustratuak eta kristau kreazionistak elkartzean ateratzen den kaka nahastea bezain sofistikatua, baina nahaspila da, azken finean.

Fikziozko errealitate soziala da ziborga. Modernoek ezin dute ukitu, ezin dute ulertu, modernoentzako fikzioa eta errealitatea dikotomia bat delako. Horregatik daramate laurehun urte “merkantzia” ulertu gabe. Merkantzia zure errealitate guztia baldintzatzen duen fikzio erreal bat baita. Gizonak eta emakumeak bezalaxe. Baina modernoek ezin dute generorik gabeko mundua ikusi, usaindu, ukitu, eta «Ziborga mundu post generiko bateko izakia da», dio Harawayk bere “Ziborg manifestua” saiakera ospetsuan. «Ziborgak ez du harremanik bisexualitatearekin, ez sinbiosi preedipikoarekin, ez alienatu gabeko lanarekin edo osotasun organikoaren berezko beste sedukzio batzuekin», eta, jakina, ez da inoiz totalitate edo osotasun batean amaitzen. Ez baitator batasunetik. Ziborga ez da natura izaera atzean utzi eta kultura bilakatu zen gizaki adimentsu hori, zeinak kultura erabili nahi izango duen natura menderatzeko. Ziborgak ez ditu gurasoak, ezta seme-alabak ere, ez da inoren ama, inoren ondorengo. Ziborg artean bizi dira modernoak, baina ezin dituzte ukitu, ezin dituzte ulertu. Heresiak ez dira ulergarriak fededunentzat, Inkisizioak eta egungo supremazista jatorrek ez dute “bestea”, “munstroa”, “ziborga” ulertu behar, hura zigortu eta akabatu besterik ez dute xede. Jainkoaren kontra ari baikara, nola izango dira ba gizon eta emakumeak fikzio zibernetiko bat? Nola izango da merkantzia fikzioa? Nola izango da ba nazioa fikzio bat? Hortxe dago Espainia. Ikusi, entzun eta ukitu daiteke. Eta torturatu badezake, nola ez da ba existituko?

Eta nork esan du existitzen ez direnik merkantzia, nazioa, emakumeak eta gizonak, dirua eta Estatua? Inork. Zergatik kaka nahaste hau existentziaren eta fikzioaren artean?

Fededun modernoentzat errealitatea Jainkoak, barkatu, naturak, sortutako hori da. Baina nork sortu zuen natura? Nork sortu zuen Jainkoa? Nork sortu zuen Estatua? Fededunek. Fededunek sortzen dutena egia da, gainontzekoa gezurra. Baino faxistek ez dute egia ondo eramaten. Horregatik genozidioak, erailketak, gerrak. Ezin dute errealitatea pairatu. Horregatik akabatu nahi dituzte ziborgak, espezie anitzeko eta arimarik gabeko gure gorputzak. Baina gu ez gara zerura joango, ezta infernura ere, hemen geratuko gara betiko, fededunak baltsamatzen, teknologiatik salbatu nahi zuten gizatasuna gure titi artean ardo gisa zurrupatzen.

Zeren eta jakin badakigu teknologiak, deabruaren artifizio horrek, sortu zuela zibilizazioa eta zibilizazioak sortu zuela gizatasuna. Erailketa masiboak medio. Baina ziborga ez da artifizio adimentsua. Adimen artifiziala ergelek asmatutako tramankulua baita. Horregatik dira teknofaxistak adimen artifizialaren jabeak, adimen naturala balute ez lirateke faxistak izango. Edo bai? Ez dakigu, artifiziala versus naturala ez baita ziborgen markoa. Gu fikzio naturalak gara. •