Ezer berririk ez
Tripak nahasita ditut, nik ere bai, maiatzaren 28an Errenteriako Xenpelar bertso-eskolako irakasle baten erasoak publikoki salatu zituztenetik. Eraso matxistak ez dira gauza berria, ez eta nik erranen ditudanak ere, baina erran beharra sentitzen dut, errateko nahia. Erran gabe doa bertsolaritza ez dela irla isolatu bat jendartean, durundatzen direla bertze eremu batzuetan ere josten diren inertziak eta mekanismoak, baina bada espazio bat etengabeko hausnarrean dabilena, egiten duen hori berrikusteko ardura hartzen duena, asmatu ala ez.
Ume ginela zirraraz hurbildu ginen bertso-eskolara. Tatxarik gabe sentitu izan naiz zaindua Bortzirietako bertso-eskolan. Manolo Arozena eta Bittor Elizagoien beti izango dira nire etxea. Ezagutu ditut gaztetan bertze eskualde eta herrialdeetako jendeak, partekatu ditut interes goiztiarrak hizkuntzarenganakoak eta kulturarenganakoak, sentitu naiz nerabe nintzela arte eta parte, eta pertenentzia sentipena gauza handia da.
Bertsoa terreno hauskorra da, eskaparatean inprobisatzerakoan, esposizioa handia. Erraza da zaurgarri sentitzea hitzek eta doinuak soilik aterpea eman bitartean. Bitartean baino, superbibentzia instintua dugu bizidunek, aurretik eta ostetik esango nuke; ofizioa ezagutu ahala, izaeragatik, lanketa pertsonalagatik… leundu egin daiteke sentipen hori, baina hor dago. Ez da soilik emakumeok sentitzen dugun zerbait, baina jendaurreko espazioa doble edo triple borrokatu behar dugunok, perfekzioaren ingurumarian ibili behar dugunok legitimazio bila, bereziki nozitzen dugu. Eta hori ere ez da ezer berria. Eta magma horretan guztian, erraiak nerabezaroarekin, gaztetasunarekin, konektatuta ditudala, gizon bat botere harreman bat eraikitzeko jukutriak makinatzen imajinatzea, erasorako lurra ongarritzen, bereziki nazkagarria zait.
Ez dakit, memoria txarrekoa izan arren, azalak badu memoria, eta nerabe-gazte nintzela jasandako erasoak ekarri dizkit erreskadan kontu honek. Bai, emakume guztiak bezala, eta guztiak esatera ausartzen naiz, presuntziorik gabe, erasotuak izan gara. Eta hau ere ez da ezer berria.
Agertu da berriz konplizearen figura, anaidiarena. Nola xehatzen da anaidi hori, non solastatzen da horri buruz, zenbat konbertsazio zintzo izan ditugu, dituzte gizonezkoek; zenbat deseraiki dira anaiak ez garenoi arnasa hartzen uzteko, eta ez erdigunearen erdigunean interpelaziorik gabe arnasa lasai hartzen jarraitzeko. Faxistek karetarik gabe gorrotatzen, “florerotzen”, gaituzte, usaintzen dugu haien misoginia, baina anaidiaren azalera askoz zabalagoa da. Klase sozial guztietan dago.
Botaka egiteak ez nau hobeki sentiarazi, behazun-xixkua gainezka daukagu.
Imajinatu ditut irakasle gizon gazteak haien artean hausnartzen eskoletan ematen diren botere dinamikez, mutil gaztetxoekin jarrerak, hitz egiteko moduak, pribilegioak zalantzan jartzen, heldulekuak ematen; kuadrillan gizonezko lagunak galdetzen nola sentitu izan garen parrandan, talde handian hizketan, ohean… gizonak ispilura begiratzen, ez bizepsaren diametroari; gizon artistak parte hartuko duten ekimenen kartelei begira; gizon kirolariak gabarrari so, gizon-kazetariak telediarioari adi, eta letretan eta lerro artean irakurtzen dena salatuz…
Eskatzea libre da. •
Ezer berririk ez
Pedro Sanchez, pistako txirrindularia

Erreparazio kolektiboa, Orioko kasutik ikasten

«Turismoaren auzia zure oporretan jokatzen dela pentsatzea norbere zilborrera begiratzea da»

