Zero
Denbora neraman honen moduko zutaberen batean euskarak hezkuntzan bizi duen egoeraz idazteko gogoz, nire kezkak agertzeko desiran. Azkenaldian dezente zabaldu den «ezagutzaren borroka irabazi dugu, orain erabilerarenari heldu behar diogu» mantra hori tranpati samarra ote den susmatuz.
Nik ez dut hezkuntza sisteman lan egiten, sentipen hori gehiago sortu zait handik eta hemendik iritsi zaizkidan adibide eta zertzelada desberdinen baturatik. Gogoan dut, esaterako, duela lau urte Nico Williams gazte batek elkarrizketa batean, bere euskararen ezagutza mailaz galdetuta, nola erantzun zuen barre algaraka: «Zero». Ados, futbol izar goiztiar diruduna agian ez da adibiderik esanguratsuena, baina ezin uka bere erantzunak sekulako gaurkotasuna hartu duela egunotan.
Kudeatzeko zaila iruditu izan zaidan beste egoera bat euskara maila eskasa duten ikasleen azterketen zuzenketena da. Eta ez naiz asko aipatu den A ereduaz ari. D ereduan ere, euskaraz gutxieneko maila bat ez badaukazu, posible al da industrializazioaz edo Frantziako Iraultzaz dakizuna zorroztasunez azaltzea? Eta irakasle batek zer egin behar du antzematen duenean ikasle batek ezagutza hori baduela baina ez dela gai euskaraz adierazteko?
Berriz diot, nik ez dut arazoa zuzenean ezagutzen, eguneroko horretan, eta agian horregatik ez nintzen ausartzen zutabe batek eskatzen duen borobiltasun horrekin gaiaz idaztera. Baina bat-batean, selektibitateko Euskara eta Literatura azterketan zenbait ikaslek atera dituzten emaitza kaskarrak albiste bilakatu dira, eta azterketaren emaitza baino argigarriagoa da kasik birala bilakatu den protestaren bideoa. Eta barruan ahots bat entzun dut: «Hori, horixe zen kezkatzen ninduena». •

LABeko Idazkaritza Feminista, 30 urteko borroka eraldatzaile baten kronika
Noren adar armatu

«Hausnarketa patxadatsua eta begirada osoa» proposatu dute aisialdiko eragileek

Entrenamendua eta nutrizioa arraunean, garapen etengabea

