Zopa bat ogi pusketekin
Lagun batek gomendatu zidan, nire kezkatzeko joera eta egonezina nabarituta. Ez zidala on egiten gehiegi aitzinatzeak, eta ezin nituela etengabe suertatu zitezkeen balizko arazoak imajinatu eta irudikatu. Hobe nuela unean gertatzen ari zen horretan kontzentratu, eta, ahalegin hori eguneroko ariketa bihurtzen banuen, nabarituko nuela diferentzia arazo bat parez pare sumatu eta larritzen nintzenetan. «Erraz egin dezakezu, adibidez, bakarrik bazkaltzea tokatzen zaizun horietan. Saiatu bazkalordua ez aprobetxatzen mugikorrean zerbait ikusteko, mezuak erantzuteko edo arratsaldea planifikatzeko. Begiratu bertzerik gabe platerera, eta, pentsatzekotan, pentsatu parean duzuna nola iritsi den dagoen tokira. Edo, nahiago baduzu, hausnartu ea zer den dilista koilarakada bakoitza ahoratzerakoan sentitzen duzuna. Oroitu nola kozinatu duzun arraina eta nola zaindu duzuen baratzea entsalada hori egin ahal izateko. Bertzerik gabe, ikasi hor egoten eta parean duzunari erreparatzen». Berez-berez, ez zirudien ariketa zaila zenik, eta probatzea deliberatu nuen.
Platerak eta mahai-tresnak txukun paratu ditut kea darion eltzearen inguruan, eta altxatzeko beharrik ez izateko premiazko guztiak utzi ditut mahai-oihal laukidunaren gainean. Burruntzali bete zopa platerera irauli, eta ogi-mutur bat hartu dut eskuetan. Ezin hobea iruditu zait: txigor-txigorra eta “kurruxka”. Ez dugu espresuki horretarako zopako ogi errea erosten eta berdin zaigu zein klasetakoa tokatzen den, baina kasik erritual bat da gure etxean iganderoko oilasko-zopa ogi pusketekin loditzea. Ez dakit nork eta noiz irakatsi zidan ogi apurrak banatzeko ariketa kurioso hau, baina ez dut oroitzen pausu hori eman gabe zopa dastatu dudan otordurik. Gaurkoa ere ez da salbuespena izanen. Platerean bueltaka ikusten ditut bota ditudan ogi pusketak, likidoa ongi xurgatu eta samurtuta, erabat desegin ez diren arren.
Amarekin akordatu naiz. Okindegian egiten du lan, eta beti azpimarratzen digu artisau-lana dela berea. Eskuz egiten dena, pazientzia eta mimo handiz, beharrezko baldintzatzat harturik okinaren erritmoak baino, ogiaren erritmoak errespetatzea. Gizartearen azkartasunetik ihes egiteko modu bat omen da berarentzat ogia egitea. Ofizioa maite duela nabaritzen diot hitzetan, eta miresmena dario bere ohiko azalpenari: «Ama orea elikatu behar da lehenbizi, eta prest dagoenean masa egiten dugu. Kontuan hartzen dugu masaren eta inguruaren tenperatura. Oratu, pausatzen utzi, oratu, pausatzen utzi… Ordutegi ezberdinekin egiten dugu altxatzen utzi arte. Eta gero, egurrezko labera». Asteon aitortu dit zer den gehien gustatzen zaiona: «Ekologikoan lan egiten dugu eta altzari gehienak egurrezkoak dira. Egurrezko mahaian irina zabaltzerakoan nire eskuen ukimena berezia izaten da. Maite dut sentsazio hori».
Ogi industriaren arriskupean bizi gara egun, eta ohikoa zaigu edozein gasolindegi edo supermerkatutan ogi barra industrial bat eskuratzea xentimo apur batzuen truke. Gehienek haien buruari inongo galderarik egin gabe eginen dute, gainera. Mami-bustidun zoparen azken errestoak irentsi ditut zurrupada batez. Itxaropena ematen dit oraindik ere opil eta ogien kultura mantentzearen alde egiten duen jendea existitzen dela jakiteak. Duela ez hain aspaldi, etxe bakoitzak bere ogia egiten zuen gurean, eta herri koskorragoetan okindegiez gain herriarenak ziren labe komunalak ere izaten ziren. Bertako gariarekin edo artoarekin egindako irina, egurrez berotzen zen labea, oratzeko eta pausatzeko erabiltzen zen “maira” deritzon mahaia, edo horien guztien bueltan izandako solasaldiak, usainak, harremanak…
Mahaiaren bueltan pilatutako ogi apurrak ez dira hondarrak soilik; izatez, gure bizimodu eta kulturaren adierazle dira. Gaur egun edozer jaten dugu edozein modutan, eta jakintza, osasuna eta ongizatea baztertzen ditugu (bidean galtzen dugun guztiaz ohartu gabe). Eta ez, hau ez da nire egonezinaren edo bertze behin gehiegi aitzinatzen ari naizenaren seinale bat. Hau orain eta hemen daukagun arazo bat da. •

LABeko Idazkaritza Feminista, 30 urteko borroka eraldatzaile baten kronika
Noren adar armatu

«Hausnarketa patxadatsua eta begirada osoa» proposatu dute aisialdiko eragileek

Entrenamendua eta nutrizioa arraunean, garapen etengabea

